Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea Europar Batasunaren Zero Hytechpark proiektuan parte hartzen ari da. Bera bezalako guneak jasangarriak izatea da helburua. Horretarako bideetako bat izan daiteke iturri berriztagarrietatik lortutako energia soberakinak hidrogenoaren bitartez metatzea, ekoizpen txikiko uneetan baliatu ahal izateko. Zamudioko BTEK zentroan LH eta Batxilergoko ikasleei azaltzen dizkiete hidrogenoaren aukerak.
Kanpotik bezainbat barrutik, itxura futurista dauka Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkeko BTEK eraikinak. DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleek bisitatu dezaten pentsatuta dago batez ere, eta haientzat erakargarri izan nahi du diseinuak, baina ez haientzat bakarrik. “Teknologia gizarteratu nahi dugu, gizarteak sentitu dezala teknologia bere parte dela; adituak izan gabe ere, ona da gauzek zelan funtzionatzen duten jakitea, horrela hobeto jabetuko gara-eta teknologiaz egiten dugun erabileraren ondorioez”, diosku Xabier Diaz Silvestre zentroko zuzendariak. Berak hartu gaitu, gaurkoan Argia beste bisitaririk edukiko ez duen piramide bikoitzean.
Zientzia eta teknologiaren kultura jendartean zabaldu eta, bide batez, ikasleengan bokazioa suspertzeko nahia aldarrikatzen du BTEKen webguneak. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 2005ean egin zituen BTEK –Bizi Teknologia esan nahi du– sortzeko lehen urratsak; ondoren, 2009an, BTEK Fundazioa sortu zuten parkeak berak, Ikastolen Konfederazioak, Elhuyarrek, Tecnaliak eta SPRIk. 2010ean zabaldu zuten eraikina.
Bisita gidatuetan, teknologiaren alderdi hurbilenaz hitz egiten diete ikasle nerabeei. Egunero ukitzen dituzten gauzez, edo behintzat zeharo arrotz suertatuko ez zaizkienez. Ezin dena hemen laburtu ordea; izan ere, bisitaren amaierako lantegiari eskaini nahi diogu arreta batik bat. Hidrogeno eta Energia Berriztagarrien Tailerrari, hain zuzen.
Bizkaiko Teknologia Parkea Espainiako Estatuko beste parke batzuekin batera ari da EBren Zero Hytechpark proiektuan parte hartzen. Egitasmo pilotua da, azken xedea parke teknologiko jasangarriak lortzea dituena. “Esparru asko daude lantzeko, eta horietako bat hidrogenoa da”, azaldu digu Diazek. Alderdi teknikoaz, alegia ikerketaz, Fundación Hidrógeno Aragón arduratzen da guztiz. Bizkaiko Parkeari, berriz, proiektuaren dibulgazioa egitea egokitu zaio.
Bide ugari urratu daitezke jasangarritasunaren bila, Diazek dioskunez. Baina kasu honetan, esan bezala, hidrogenoa da ardatz nagusia. “Energia berriztagarrien arazoetako bat da gehienetan kanpoko baldintzen menpekoak direla: haizea, eguzkia, olatuak... Momentu batzuetan sobera ekoizten da, eta ezin da metatu. Beste momentu batzuetan, berriz, falta dago”. Helburua da soberakina gordetzea eskasia dagoenerako, baina egitea ez da esatea bezain erraza. Eta irtenbideetako bat hidrogenoa izan daiteke.
BTEKera egindako bisitaren azken zatian, bideo batek hidrogenoaren aukerak azaltzen dizkie ikasleei. Hari esker jakingo dute kontsumitzen ez den elektrizitatearekin hidrogenoa sor daitekeela, elektrolisi bidez. Prozesuaren xehetasunetan alferrik ez galtzeko, esan dezagun hasieran ura dugula, eta hari korronte elektrikoa ezarriz hidrogenoa eta oxigenoa lortuko ditugula. Bada beste bide bat, eraginkorragoa: hidrokarburoetatik ateratzea. Baina sistema horrek CO2 askatzen du; ez dirudi, beraz, bilatzen ari garen jasangarritasunaren helburuarekin erraz ezkontzeko modukoa.
Modu batean zein bestean lortuta, hidrogeno hori gerora erabili ahal izango dugu energia eskuratzeko, baina arazoa da berehala gorde behar dela, bestela badoa. Kontuan hartu behar da unibertsoko elementu kimiko arinena dela; horregatik ezin da gas forman aurkitu Lurrean, airea baino askoz arinagoa izanik ihes egiten duelako.
Hidrogenoa masa unitate bakoitzeko energia gehien duen fluidoa da, eta energia lortzeko erabiltzen denean –oxigenoarekin konbinatuz– ez du hondakinik sortzen. Ez da harritzekoa, hortaz, zenbait ikerlarik egindako iragarpena: etorkizuneko ekonomia hidrogeno-ekonomia izango da. Zergatik ez da hala oraingoz? Metatzeko zailtasunengatik, batez ere.
Batez ere bi metodo erabiltzen dira hidrogenoa gordetzeko, arestian aipatutako bideoak aipatzen duenez: gas modura edo hidruro modura, hots, metal batekin konbinatuta eta beraz forma solidoan. “Gas moduan gordez gero presio handi baten pean gorde behar da”, azaldu digu Xabier Diazek, “ohiko presio eta tenperaturan hidrogenoak oso dentsitate txikia duelako”. Hori traba da, noski. Batetik, presio handi horiek lortzeko energia gastua egin behar delako; bestetik, denbora behar delako presurizatzeko. Hidrogeno-auto baten biltegia betetzeak luzeago jotzen du gasolinazkoa betetzeak baino. Hori bai, auto elektriko baten bateria kargatzea baino laburragoa da.
Hidrogenoa hidruro eran gordetzeak presurizatu beharra saihesten du, eta bide batez ez da hain arriskutsua –hidrogenoa oso gas sukoia da–, baina nekez balio lezake, adibidez, auto baterako: hidruroa lortzeko oso metal astunekin konbinatu behar da gasa, eta beraz biltegiak pisutsuegiak dira. Alternatiba ona izan litezke etxerako, hidrogenoaren teknologia garatu ahala beti ere. “Kontuan hartu behar dugu hau guztiau oraindik oso maila esperimentalean dagoela”, gogorarazi digu Diaz Silvestrek. Bizkaiko Teknologia parkearekin batera Zero Hytech proiektuan dabilen Fundación Hidrógeno Aragónen ikerketa-lerro nagusietako bat, hain zuzen, hidruroak eratzeko metalik egokiena aurkitzean datza.
BTEKeko bisitari gazteei ez zaizkie zailtasun horiek ezkutatzen. Alde on eta txarrak dituen aukera bat da hidrogenoa, horixe jakin dezatela da helburua. Edozein kasutan, ikasleak sakoneko azalpen teorikoekin gogaitzea saihesten dute gidariek. Bideoa ikusi eta energia berriztagarriei buruzko zenbait azalpen jaso eta gero, berehala ekiten diote lantegiaren alde praktikoari. Lehenik, elektrolisi erreakzio bat eragin beharko dute. Bigarrenik, ur molekula puskatu eta oxigenoa eta hidrogenoa bereizi ondoren, bigarrena baliatuko dute erregai-pila batean energia lortzeko. Prozesua lehengoaren alderantzizkoa da: oxigenoa –oraingoan zuzenean airetik hartua– eta hidrogenoa elkartzea, ura, elektrizitatea eta beroa ematen dituen erreakzioan. Elektrizitate horrekin, azkenik, auto txiki bat mugiaraziko dute. Helduak direnean benetako hidrogeno-auto bat gidatzeko aukerarik izango ote dute?
Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.
Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure artean. Esan dezakegu alarmaren eskala osoa kurritu dutela iruzkinek: munduko handiena... [+]
Otsailaren 5ean Donostian "Trantsizio energetikoa eztabaidan: aukerak eta arriskuak" izenburua duen mahai-inguruan parte hartuko dute Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikorako arduradunak eta Aitziber Sarobe natur kontserbazionistak. Ekitaldi hau lau talde... [+]
Green Capital enpresak ahoz jakinarazi dio Zizurkilgo Udalari Ezkeltzuko proiektua "behin betiko bertan behera uzteko erabakia". Udalak positibotzat jo du erabakia, "zalantza handiak sortzen baitzituen ingurumenari, paisaiari eta ondareari eragingo lizkiokeen... [+]
Gasetik sortutako elektrizitate ekoizpena bosgarren urtez jaitsi da, eta jatorri fosileko elektrizitate sorkuntza orokorra minimo historikoan dago, Ember erakundearen European Electricity Review txostenaren arabera.
Duela hiru urte onartutako Klima Aldaketaren aurkako legean jasota zegoen neurria
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala... [+]
GES-Global Energy Services enpresak eguzki bidezko energia sortzeko proiektua hasi du Erriberrin, Euskal Herriko handienetakoa. 50 MWp-ko potentzia izango du, eta 74.000 eguzki panel izango ditu guztira, instalazioak datorren urtea amaitu baino lehen martxan jartzea aurreikusten... [+]
Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, 229,5 metrokoa bakoitza, guztien artean 45-50 MWko potentzia izango luketenak. Haize-erroten artean sei errepide eraikiko lituzkete eta horrek Errezilgo lurrak ere hartuko lituzke. Beizama eta... [+]
Batzuetan, mehatxua behar izaten dugu arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta mehatxu horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruan sentitzen dugun indarra. Konturatu orduko, zeure burua ikusten duzu lanean, buru-belarri, galtzeko arriskuan... [+]
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]
Hego Euskal Herrian energia berriztagarrien makroproiektuen zaparradari zenbakiak jarri dizkiogu erreportaje honetan. Datuek marrazten duten mapan, Nafarroak gori-gori jarraituko du eta Araban daude kontzentratuta EAEn enpresek egin nahi dituzten energia zentralen %75,4. Hori... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]