Hego Euskal Herriko hainbat tokitan langabeziaren, prekarietatearen eta pobreziaren kontrako mobilizazioak izan dira. Herritarren zati handi bat benetako “genozidio soziala” sufritzen ari da. Gehiengo sindikalak eta eragile sozialek deitutako mobilizazio horiek aste honetan izango dute amaiera, hilaren 22an, Madrilen duintasunaren alde egingo den manifestazioan. Ekitaldi horretan bat egingo dute Espainiako Estatuko hainbat tokitatik abiatutako martxek, sindikatu eta gizarte erakunde ugariren babesarekin.
Hego Euskal Herrian langabezia tasa %17koa da, Europar Batasunekoa baino 6 puntu altuagoa. Otsailaren amaieran Hego Euskal Herrian 229.118 pertsona zeuden lanik gabe, batez ere emakumeak eta gazteak. Paroan dauden pertsonen ia erdiak ez du inolako langabezia saririk jasotzen. Prekarietatea gero eta larriagoa da. Kontratu berrien %92,4 denbora baterako baino ez dira. EAEko eta Nafarroako gobernuek prestazio sozialak murrizten segitzen dute. EAEn 157.000 pertsona pobrezia arriskuan daude (biztanleriaren %7,2); 100.000 inguruk elikadura arazoak dituzte. Nafarroan 50.000 pertsona daude pobrezia larrian, biztanleriaren %8. Emakumeak dira pobrezia eta prekarietate dinamika zital hori gehien sufritzen duten kolektiboetako bat.
Arrazoiak soberan daude langabeziaren, prekarietatearen eta pobreziaren kontrako mobilizaziorako. Euskal gehiengo sindikal eta sozialak aldaketa erabatekoa eskatzen diete gobernuei; alda ditzatela banku eta multinazionalei mesede egiten dieten politikak, “genozidio soziala” sortzen dutenak. Hala, neurri konkretuak eskatu dituzte, prekarietate eta bazterkeria sozialera jaurtitako horiei duintasuna ekarriko dieten eskubideak lortzeko. Etorkizunera begira ez dirudi ezer onik datorrenik, iragarpen ofizialek diotenaren kontrara. Genozidio soziala sakonagoa izan liteke. Ea gure duintasuna hari aurre egiteko adinakoa den!