argia.eus
INPRIMATU
Baimenik gabe

Kattalin Miner @MKattalin 2014ko martxoaren 19a

Batzuetan, baimenik eskatu gabe hartzen ditugu kaleak, txikitu haien sinbolo patriarkal eta kapitalistak, Rajoyri odoleztatutako eskuminak bidali, ertzainei barre egiteko baimenik ez dugula eskatuko gogorarazi, manifa bat hasi eta behar ez zen lekutik jarraitu, komunera gogoak agintzen digunean joan, gure egitasmoak grabatu eta zabaltzeko gure buruak aspaldi baimendu genituela gogoratu, hitz egiteko eskubidea eta hitz ez egitekoa ditugula oroitu... beti baimenak baimen.

Baina, aldiro-aldiro eta normalean, protesta egiteko baimena eskatu behar dugu. Manifestatzeko, elkartzeko, aritzeko, baimena eskatzera behartzen gaituzte. Bisitatzeko epailearen baimena behar dugu, maitatzeko beste epaile batena. Abortatzeko psikiatra batek, mediku batek baimenduko gaitu. Informatzeko, adierazteko, baimena eskatu behar dugu, ezin dugulako nahi duguna nahi dugun moduan esan eta pentsatu. Eta pentsatzeko baimenduak dauden pentsamenduak bakarrik garatu ditzakegu.

Eta hala nenbilela, baimenik gabeko pentsamenduak ordenatuz, kaleetako hormek argi gogorarazi didate: inoiz inork ez duela baimenik eskatu historia aldatzeko.