argia.eus
INPRIMATU
Antzuak eta gure haginak
Jakoba Errekondo 2014ko martxoaren 19a
Vitis vinifera Sultanina aldaeraren mahatsa, egun ekoizten den mahaspasaren %95en jatorria.
Vitis vinifera Sultanina aldaeraren mahatsa, egun ekoizten den mahaspasaren %95en jatorria.

LANDARE BAT, edozein. Hazitik ernatu, zaina, zortena, hostoa, hazi, heldu, erresalbuak metatu, loratu eta fruitua ekarri. Egun gutxi batzuetan –letxuga batek, adibidez, ehunen bat egunetan– edo ehunka urtetan osa daitekeen bidea. Fruitua ez da landarearen helburua. Fruituak haziak daramatza, eta hazi horiek sakabanatu eta, gehienetan, asko uste gabe, ereingo dituena erakarri eta saritzeko trikimailu soila da. Sagarrondoak ez ditu sagarrak ematen guk munduko sagardo onena edan dezagun, bere haziak hedatzeko baizik.

Eta hazirik gabeko fruituak? Nola arraio uler daiteke landare batek hazirik ez duen fruitua ematea? Loreak sortu eta zabaldu, fruitua hazi eta heldu... Ikaragarrizko energia erre, alferrik? Landareak bere kabuz urrats hori egitea ez da batere ohikoa, ez du antzutasunerantz eboluzionatuko. Noizbehinka, mutazioren bat dela tarteko, aldaera antzu bat naturalki sor daiteke. Gehienetan, ordea, geuk eragindako aldrebeskeria da fruitu xelebre horiena.

Hazirik gabeko fruitu antzuak kultura askoren aspaldiko amets izan dira: fruitu “garbiak”, dena jatekoa duten horietakoak. Mahaspasatarako mahatsondoarena adibide ezaguna da. Korintokoak eta Sultana mahaspasak hazirik gabekoak dira. Vitis vinifera Sultanina, afganistandar jatorria duen bigarren aldaera horretakoa da egun ekoizten den mahaspasaren %95. Haziaren premiarik ez du. Ederki zabaldu dugu, hagin tartean kateatzen diren pikor gogaikarri horiek ez izatearen ordainetan, hain zuzen ere. Arabak eta Nafarroa Behereak hartzen dituzten adinako lur sailak lantzen dira mahatsondo horrekin. Munduko mahats hedatuena da.

Hazirik gabeko fruituak ematen dituzten landare horiek, baina, laster ez dute ez fruiturik ez lorerik emango. Adaxka bidez ugaltzen ditugu, eta ez dute energia hori zertan gastatu... Eta fruiturik emango ez dutenez, ez ditugu nahiko, zaputzaz abandonatuko ditugu, eta hortxe bukatuko dira.