Bakea eta justizia absoluzio eske

  • Bultzada politikoa eta “dena da ETA” doktrina juridikoaren menpe egindako beste makroauzi bat da ezker abertzaleko 32 lagunek eta 110 elkartek jasan dutena. 12 urteren ondoren bukatu da epaiketa, eta orain epaimahaiaren txanda da. Justiziaren aurkakoa zen lehenago ere, baina ETAk jarduera armatua utzi ondorengo egoera berrian kafkiarra da. Espainiako Auzitegi Nazionalean bederen, beste behin ere argi geratu da honek ez duela ETArekin zerikusirik eta ezker abertzaleko hainbat kideren jarduera politikoa zigortu nahi dela.

Karmelo Landaren ahotik, martxoaren 6an auzipetuek gogor salatu zuten fiskaltzak HB kriminalizatzeko egindako saioa.
Karmelo Landaren ahotik, martxoaren 6an auzipetuek gogor salatu zuten fiskaltzak HB kriminalizatzeko egindako saioa.Xabier Letona

Jose Maria Aznar 1998ko udan: “Ez ginela ausartuko uste zuten?”. Egin eta Egin Irratia 1998ko udan itxi ondoren Espainiako Gobernuko lehendakariak eta PPko buruzagiak jaurtitako esaldia da, eta aski argi adierazten du Espainiako agintari nagusiek ezker abertzaleaz eta ETAren aurkako borrokaz zer pentsatzen zuten: Estatuak argi ikusi zuen beste era batera egin behar zuela ETA eta ezker abertzalearen aurka eta ekin egin zion. Egia esan, hasita zegoen, 1997an espetxeratu baitzuten HBko Mahai Nazionala, ETAk plazaratutako Alternatiba Demokratikoari buruzko bideo bat hauteskunde kanpainako propaganda espazio ofizialean erabiltzeagatik. Ondorengo urteetako atxiloketa, makroauzi eta espetxealdien mozkorraldiak Estatuaren ausardia hura noraino iritsiko zen erakutsi zuen.

18/98 auzia, Alderdien Legea, Herriko tabernen auzia, Jarrai-Haika-Segi, Egunkaria auzia, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunarena, eta Udalbiltzarena izan dira makrosumario entzutetsuenak. “Dena da ETA” doktrina politiko-juridiko berriaren arabera, auzipetutako alderdi, erakunde eta enpresetako kideak ETAko kideak ziren eta zigor gogorrak egotzi zitzaizkien dozenaka pertsonari. Egunkaria eta Udalbiltzakoak erabat libre geratu ziren epaitu ondoren eta 2009ko hasieran, esaterako, Espainiako Auzitegi Gorenak Egin-en itxiera agindua bertan behera utzi zuen, itxieratik 11 urtera.

Aurrekari horien lorratzean ekin zion ibilbideari 35/2002 sumarioaren –herriko tabernen auzia moduan ere ezagutua– ahozko saioak 2013ko urriaren 17an eta martxoaren 12an amaitu berri da. Epaiaren zain da orain. Bost hilabetean zehar 34 auzipetu eta 110 herriko tabernen 30etik gora abokatu atzera-aurrera ibili dira Euskal Herritik Madrilgo San Fernando de Henaresen Espainiako Auzitegi Nazionalak duen egoitzara. Auzipetuek jadanik 30 urte egin dituzte behin-behinekoz espetxean, 1,75 milioi euroko fidantzak ordaindu dituzte eta bidaia eta auziaren kostuetan 700.000 milioi euro xahutu.

Auzipetu gehienak HB, Batasuna, Euskal Herritarrok eta Banaka SA, Eneko SA edo Erigane moduko enpresa txikietako kideak dira. Akusazioa? Auziak bi adar izan ditu, bata politikoa deitu dena eta auzipetuei ETAko kide izatea edo berau laguntzea leporatu zaie. Bestetik, adar ekonomikoa, non 110 herriko tabernei beren jardueraren bidez ETA finantzatzea bizkarreratu zaien.

Epaimahaia Angel Hurtado, Julio de Diego eta Clara Bayarri magistratuek osatu dute. Fiskaltzaren aldetik Vicente Gonzalez Motak alor politikoa bideratu du eta Marcelo Azkarragak ekonomikoa. Horiez gain, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek ere herri akusazio gisa jardun dute. Jone Goirizelaia, Iñigo Iruin, Kepa Landa eta Adolfo Araizek bideratu dute auzipetuen defentsa lana eta beste 30etik gora abokatu aritu dira herriko tabernen defentsan. Fiskaltzaren 12, 10 eta 8 urteko espetxe zigorrekin (gehi kargugabetze eskaerak) hasi zen ahozko saioa. Herriko tabernentzat haien ondasunak konfiskatzea eskatu zen.

Goizaldeko 04:15, Etxarri-Aranatz

Martxoak 6. Goizaldeko 04:15 dira eta Etxarri-Aranatzetik atera da Juan Kruz Aldasoro. 04:45ean Txekun Lopez Aberasturi hartu du Iruñeko Txantrea auzoko Ezkaba Plazan. Huarten Santi Kiroga. Ordu erdi beranduago Floren Aoiz, Adolfo Araiz eta azken honen seme Urko Araiz, auzian abokatu-idazkari lanak egiten dituena jaso ditu furgonetak Tafallan. Ordu batzuk lehenago jakin da UPNren aurkako zentsura mozioa jartzeko PSOEk PSNri egindako debekuaz. Goizaldeko hotzari eta eguneko tentsioari aurre eginez, PSNren jokaldiak utzitako arrastoak xehe jorratu dituzte auzipetuek hizketaldi beroan, loa eta isiltasuna berriz nagusitu arte. Gero hamaiketakoa, COPE apur bat, eta Madrilera iristear epaiketari buruzko El Mundo-ren lehen filtrazioak: fiskalak zigor eskaerak murriztuko ei ditu.

Konturatu orduko furgoneta Auzitegi Nazionaleko atarian da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik datozen gainerako ibilgailuak ere iritsi dira. Hamaikagarrenez, denak barrura. Gonzalez Mota fiskalaren txanda da. Bai, zigor eskaera berriak askoz txikiagoak dira: 12, 10 eta 8 urteko espetxe zigorretik 4 urte eta 6 hilabete, eta 2 urte eta 2 hilabeterako tartera jo du (ikus zehatzago hurrengo orrialdeko infografian). Eta ezustekoa: Santi Hernando eta Isa Mandiolaren aurkako karguak erretiratu ditu eta herri akusazioak ere bai. “Libre zarete, akusatuen taldetik atera eta aretoaren atzealdean eseri zaitezkete”, esan die epaimahai-buruak. Herriko taberna eta elkarteentzat, dena den, ez da zigor arintzerik eta fiskaltzak haien ondasun guztien bahitzea berretsi du.

Hamabi urte iragan dira auzipetuen amesgaiztoa hasi zenetik. 2002ko apirilean Baltasar Garzon epaileak Batasuna eta hainbat enpresetako kide ziren 12 kide atxilotzeko agindua eman zuen. Espainiako segurtasun indarrek hiru urte zeramatzaten ezker abertzaleko erakundeak eta enpresa ugari ikertzen. 2000ko hasieran ETAk su-etena hautsi ondoren, HB, Batasuna eta EHren legez kanporatzeak ere prestatzen ari zen Espainiako Kongresua eta 2002ko urriko ekainean onartu zen Alderdien Legea. Bi bidetik ari ziren ezker abertzalea jazartzen: Garzon penaletik eta Alderdien Legea bide administratibotik. Garzon beldur zen bide administratiboa aurreratuko ote zitzaion eta 2002ko uztailean ehundik gora diru kontu eta 75 elkarte konfiskatu zituen. 2002ko abuztuan Batasunaren jarduera bide penaletik eten zuen hiru urtez –Alderdien Legeak bide administratiboa jarraitzen zuen–. Hala ere, jarduera hori bide penaletik eteteko pertsona fisikoak ere behar zituen Garzonek eta Espainiako poliziak prestatutako zerrendatik egin zuen 40 lagunen inputazioa, nagusiki HB, Batasuna eta EHko kideak. Alderdien Legearen bidetik, ezker abertzaleko indar politikoen legez kanporatzea agindu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 2003ko martxoan.

Garbiketa etnikoa eta Hego Euskal Herriko BPG

Garzon epaileak, halaber, akusazio hauek guztiak frogatuko lituzkeen txostena egitea eskatu zion 2002an Espainiako Polizia Nazionalaren inteligentzia unitate zerbitzuari (UCI). Ezker abertzaleko erakunde politikoak ETAren barneko egiturak zirela frogatu behar zuen txostenak, baina horrez gain, beste hainbat akusazio erraldoi ere baziren epailearen helburu. Honakoak adibidez:
– ETAk eta bere egitura zabalak egiazko garbiketa etnikoa bideratu zutela eta presioen bidez populazioaren zati handi batek Euskal Herria uztea lortu zutela.
– Ikerketa gaitza izango zela zioen epaileak, “argitu behar baita nola ‘garbitu’ duten ETA eta bere egitura terroristak, bereziki HB-EH eta Batasunak, Euskal Herriko hauteskunde errolda”.
– HB, EH eta Batasunak Espainiako jatorria zuen populazioaren aurkako era guztietako presioak egin zituztela hauek baztertzeko edo Euskal Herritik kanporatzeko. Adibide gisa esaten zen 1990eko hamarkadan Barakaldoko ospitalean HBko militanteek hango ospitalean jaiotako haurren jaiotze agiriak faltsutu zituztela, Bilbon jaiotakoak zirela jarriz, horrela jaioberriak nahikoa euskaldun ez zen Barakaldoko jatorriarekin ager ez zitezen.
– Indarraren bidez, erabaki demokratikoak hartzeko instituzioek zituzten mekanismoak ordezkatu zituztela erakunde hauek eta horren adibide jartzen zituen Lemoizko zentral nuklearra eta Leizarango autobidea.
– Autoa borobiltzeko, Alemaniako Weimarren errepublika garaian naziek erabilitako bitarteko berdintsuak erabilita lortzen zituztela erakunde hauek hauteskundeetako emaitzak.
 

Horiek guztiak frogatzeko Barne Ministerioari polizia txosten ahalik eta zabalena egiteko eskatu zion: ETAk bere sorreratik egindako atentatu guztien zerrenda, horietan izandako kalte pertsonal eta ekonomikoak, 1990etik aurrerako kale borroka gertaerak kontabilizatzea, bahituen zerrendak, ETAri harrapatutako armen zerrenda, kale borrokarako erabilitako materialen atzemateak, aipatu erakundeetako egoitza eta ondasunen zerrenda, erakunde hauetako kideek izandako parte-hartze publikoen zerrenda, Euskal Herritik atera behar izan zuten polizia, kazetari, enpresari, intelektual eta bestelako profesionalen zerrenda… Epailea, beste dozenaka konturen artean, zera eskatzera heldu zen: “Eremu terroristak eragindako biolentziaren ondorioz Euskal Herriko Barne Produktu Gordinak izandako jaitsieraren kalkulua, horretarako beharrezkoa izango den aholkularitza eskatuz”. Deskribatzen den guztia filmetakoa badirudi ere, Baltasar Garzonek 2002ko urriaren 16an idatzitako autoan agintzen da luze eta zehatz. Eta egoera borobiltzeko, fiskaltzak ikerketa hauek bideratu zituzten polizia eta guardia zibilak erabili izan ditu peritu gisa ahozko auzian.

Jadanik18/98 sumarioko auzipetuak zigortzeko erabili zen ETAri 1992an atzemandako Udaletxe proiektua izeneko dokumentua, 35/02 auzi honen funtsa eraikitzeko ere erabili dute akusazioek. Honen arabera, HB ETAren fronte instituzionala eta masa frontea litzateke eta KASek koordinatuko lituzke ezker abertzaleko egitura guztiak. Finantzaziorako, aldiz, ETAk enpresa eta elkarte sare zabala izango luke. Bitxia zen, esate baterako, martxoaren 6an eta 7an fiskalak nola aritzen ziren behin eta berriz AEK proiektu honen parte zela errepikatuz, nahiz eta Auzitegi Nazionalak bere garaian erakunde hau guztiz errugabetu zuen kargu horietatik.

Instrukzio luzeegia

Ikasketa baimen batez baliatuta, 2005 eta 2006an Baltasar Garzonek hitzaldi batzuk antolatu zituen New Yorken eta tarte horretan Fernando Grande-Marlaska epaileak hartu zuen kasua behin-behinekoz. Honek 2006ko urtarrilean beste bi urtez luzatu zuen Batasunaren jarduera etena. 2006ko ekainean hartu zuen berriz auzia Garzonek eta 2008ko urtarrilean azken autoa idatzi zuen 41 lagun eta 110 herriko taberna auziperatuz. 41 lagun horietatik azkenean 32 dira epaiaren zain orain. Ezker abertzaleari egotzitako kale istiluek, halaber, 24 milioi euroko kalteak eragin zituztela ondorioztatu zuen Garzonek. Horri gehitu behar zitzaion ETAk egindako kalte guztiak HB, Batasuna eta EHri bizkarreratzen zizkiola, eta horretarako herriko taberna guztien konfiskatzea aurreikusi zuen.

Baina egoera korapilatu egingo zitzaion eta Garzonen bidea eta Alderdien Legearen bidea nahastu egin ziren berriz. HB, Batasuna eta EHren ilegalizazioaren ondorioz, Auzitegi Gorenak haien ondasunen likidazioa agindu zuen 2003an. 2007an, ordea, Auzitegi Goreneko sala berak aho batez ebatsi zuen ezin zirela herriko tabernak bahitu, hauek legez ez zirelako Batasunarenak eta beren jabeak pertsona fisiko zehatzak zirelako. Horrek eragina izan zuen baita ere 35/2002 auzian, hasiera batean herriko taberna guztiak blokean epaitu nahi izan zituztelako, baina epai honen ondorioz azkenean banaka epaitu dituztelako. Juridikoki ala izan da, baina ikusi behar orain epaimahaiak nola jokatzen duen, haiei buruzko aipamenetan fiskaltza etengabe modu orokorrean aritu izan delako ahozko auzian, herriko taberna guztiak HBren eta Batasunaren agindura zeuden elkarte bloketzat hartuz.

Hamabi urte joan dira auzia hasi eta ahozko auzira arte eta, besteak beste, fiskaltzak horregatik txikitu ditu zigor eskaerak, “luzamendu bidegabea” aringarria aintzat hartuz. Horrez gain, azken urteetako hainbat auzitan ere “dena da ETA” doktrinapean epaitutakoen zigorrak arintzera jo da Auzitegi Gorenaren aginduz, eta horrek ere eragina izan du kartzela zigorren txikitzean. Azken autoan, halaber, garbiketa etnikoa eta berau sostengatzeko egindako akusazio guztiak erretiratu zituen Baltasar Garzonek.

Absoluzioa

Defentsako abokatuek, aldiz, absoluzioa eskatu dute auzipetu guztientzat, haien ustez 35/2002 auzian tesi bat egin delako eta gero tesi hori frogatzeko istorio juridiko erraldoi bat eraiki delako, horretara bideratutako polizia txostenak froga gisa erabiliz. Egunkaria eta Udalbitza auzietan hori leporatu zien Auzitegi Nazionalak bi auzi hauen instrukzioa bideratu zuten epaileei, lehenengo tesia egitea eta gero berau sostengatzeko auzia prestatzea, baina ez zutela frogarik aurkeztu beren tesia egiazkoa zela berresteko, eta horregatik absoluzioa agindu zen.

Fiskalen ahotik akusazio ugari egin ziren, baina denak jarduera politikoagatik; areago, epaiketaren bukaeran saiatu ziren finkatzen kontua ez zela ETAkide izatea, HB bera ere kriminala zela eta, beraz, nahikoa zela HBkoa izatea erakunde terroristako kide izateko. Baina ez, inork ez du izendatu HB edo Batasuna erakunde terrorista. HB legezkoa zen 2003 aurretik, eta ondoren izandako jarduera politikoa ere pertsonek berau egiteko eskubidean oinarritu da.

Ez dira defentsa abokatuak bakarrik, Iñaki Lasagabaster, Nazario Oleaga, Txema Montero, Maria Jose Virto eta beste abokatu eta jurista ugarik ere antzerako iritzia dute. Eta funtsean, horixe bera salatu zuen EAJk joan den astean, auziari buruzko iritzia ematerakoan: makroauzi hauek juridikoki bidegabeak direla eta badela ordua hauekin amaitzeko. Eta 2009an, Karmelo Landa auzipetuaren babes eskariz, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Bidegabeen Lan Taldeak Landaren atxiloketa eta espetxeratzea bidegabea zela ondorioztatu zuen. Baina gehiago ere esaten zuen: Batasuna legez kanpokoa izan arren, pertsonek politikan jarduteko eskubidea bazutela. Areago, ezker abertzalea 2006ko Loiolako bake saioaren prestakuntza lanetan ari zela, Baltasar Garzonek berak Batasunako kide gisa ezetz, baina ezker abertzaleko kide gisa jardun zezaketela jakinarazi zien auzipetuetako askori. Eta hala jardun zuten luzez ezker abertzaleko politikari ugarik.

Logikak eta justiziak absoluzioa eskatzen dute, baina behin eta berriz esan dena, hau Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu da eta horrek guztiz airean uzten du epaia. Bakearen unean espetxe gehiago eta elkarteen ondasunen konfiskatzearen mehatxua surrealista da, baina hor dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


2025-01-23 | Leire Ibar
Joseba eta Eñaut Alvarez
“Demokrazia eta adierazpen askatasuna daude, baldin eta dirua badaukazu”

Joseba Alvarez eta Eñaut Alvarez aita-semeei bi urte eta erdiko, eta urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, Etxera jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik. Bi urte geroago, urtarrilaren 29an... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Baztango Batzar Nagusiak elkartasuna adierazi die Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.


2024-12-09 | Leire Ibar
“Euskararen Errepublika” aldarrikatu du EHEk Durangoko mobilizazioan

Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-13 | Julene Flamarique
Absolbitu dituzte Espainiako futbol selekzioaren zaleak jazartzea leporatu zieten Indar Gorriko kideak

2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]


2024-11-11 | Gorka Torre
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]


2024-11-04 | Leire Ibar
Langileen legez kanpoko trafiko delitua egotzita atxilotu dituzte bi gazte Tolosan eta Deban

Ostiral gauerdian atzeman zituen Ertzaintzak ustez langileak ilegalki zeramatzan bi furgoneta, Ertzaintzak uste du Europako beste herrialde batera bidean zirela, han lan egiteko. Atxilotutako gidarietako batek hamar pertsona zeramatzan furgonetan eta besteak 22.


2024-10-29 | Gedar
Beste bederatzi pertsona epaituko dituzte Bilbon, faxistei aurre egiteagatik

 Voxek lau eta zortzi urte arteko zigorrak eskatzen ditu haientzat. 2019an, faxistek jarritako propaganda-postu baten harira egin zuten protesta.


2024-10-21 | Leire Ibar
Bilbon bost gizon homosexual erailtzeagatik akusatutako gizona epaituko dute berriro iruzur delitu batengatik

2022ean auziperatu zuten Nelson David Moreno, Bilbon gutxienez bost gizon homosexual hiltzea eta beste bi erailtzen saiatzea egotzita. Astelehenean, urriaren 21ean, Morenoren aurkako bigarren epaiketa hasi dute. Iruzur delitu batengatik epaituko dute, biktimei lapurreta egitea... [+]


2024-07-17 | ARGIA
Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi baztandarrentzat, Aroztegiaren aurkako kanpaldiagatik

“Talde kriminal antolatua izatea” eta “derrigortze eta bortxa delituak egitea” leporatu diete, 2021ean Lekarozen Aroztegiko obrak geldiarazteko egindako kanpaldiaren harira.


Fiskalak ere zigor handiak eskatu ditu “ongietorrien” auzian: ia sei urte akusatu bakoitzarentzat

Bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Carlos García Berro fiskalak Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Felipe San Epifani Pipe, Kai Saez de Egilaz, eta Antton Lopez Ruizentzat, 2016 eta 2020 artean preso politikoei antolatutako... [+]


Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude