Hilabeteak daramatza Kike Amonarrizek zuzendutako T ribuaren berbak telebista saioak prime timean. Bolo-bolo dabil saio erakargarria ari dela emititzen ETB1. Soziolinguistikaren ikuspegitik saioak egin duen ekarpena aztertu dugu.
Orio produkzioak ekoiztetxeak prestatu du saioa eta zazpi kideko lantaldea ari da beharrean. Dagoeneko hamazazpi saio eman dituzte. Kike Amonarriz da programaren zuzendari eta aurkezlea. Amonarrizek beti egin du lan euskararen inguruan, batik bat soziolinguistikaren ikuspegitik, eta alderdi hori landuko zuen telebista saioa egiteko gogo handiz zegoen. Erronka zuen bere pasioa ikus-entzuleei modu dibulgatibo, interesgarri eta erakargarrian transmititzea. Pasioa, sentimendua transmititu, eta horrekin batera nola ez, edukia, informazioa. Amonarrizek han eta hemen emandako hitzaldi andanatik eta jendearekin izandako hartu-emanetik ondorioztatu duenez, “iruditzen zait euskarak dauzkan baliabideetatik, koloreetatik, aberastasunetatik, oso-oso gutxi ezagutzen dugula. Egoera aberatsa daukagu, oso jende interesgarria dabil euskararen inguruan, baina askotan ez daukagu horren berri”. Eta ezezagutzaren eskutik datoz topikoak. Lehenengo saiotik hasi zen Tribuaren berbak aurreiritziak hankaz gora jartzen.
Zergatik uste dugu hain txiki garela?
Lehenengo saioa Euskararen tamaina izan zen. Tribuaren berbak-en lantaldeak kolpe bat eman nahi izan zuen estreinaldian, hainbat uste sozial zalantzan jartzeko moduko mezuak prestatu zituzten. Kale inkestan herritarrekin egindako jolasean garbi antzeman zen euskaldunok zerbait handia baino txikia garela uste dugula. 0tik 10erako eskalan, hiztun kopuruaren arabera, munduan zein toki hartzen dugun galdetu eta kalean pasatako herritar guztiek 3tik beherako zifrak eman zituzten. Ia milioi bat hiztun izanda bederatzigarren tokian kokatzen da egiaz euskal hiztunen komunitatea. Carlos Cid madrildarrari egindako elkarrizketa adibidez, jende askok aipatu dio lantaldeari; jendea nonbait txundituta geratu da Madrilen bizi eta lan egiten duenak halako euskara maila duelako. Euskal hiztunen komunitatea Euskal Herrira ez dela mugatzen azaldu zuten lehendabiziko saio hartan. Amonarrizek hala dio: “Lehenengo programak erreakzio bat probokatu zuen eta lortu zuen jendeak bere buruari galdetzea ea zergatik ikusten dugun gure burua horren txiki horren txikiak ez izan arren. Uste dut hizkuntzarekiko zenbait diskurtso hipernegatibo zalantzan jartzeko nahikoa material ipini genuela”.
Tribuaren berbak ez da euskaltzale militanteentzat diseinatutako produktua, besaulkian lasai ederrean eserita dagoen ETB1eko edozein ikus-entzule du jomuga. Euskaraz ulertzeko gai den edonor, eta Amonarrizek dioen moduan, “euskara ezer gutxi jakin baina euskara sinpatiko zaion edozeinentzat ere bai”. Horregatik, erronka produktu atsegina, dinamikoa eta dibulgatiboa egitea da, prime timean ikusteko modukoa. Ikuspegi positiboa ematea ere beharrezkoa zen. Euskararen inguruan sumatu ohi den protestatik, negarretik, kexatik urrundu nahi izan dute, eta bestelako pentsamoldea agertu. Ikuspegi politegia azaltzeko arriskua badago ordea: “Horrek ez du esan nahi ikuspegi inozo-positibista-irreala eman behar denik, uste dut erakusten ari garena errealitatea dela, ahuldadeak, gabeziak, ezintasunak ikusten dira, baina guk batez ere tonu positiboa transmititu nahi dugu”.
Saioko tribua euskararen inguruko aditu-arituek eta herritar arruntek osatzen dute. Lehenengoek hizkuntzari buruzko jakingai zehatzak azaltzen dituzte eta herritarrek gai horiekiko errealitate soziala islatzen dute. Hainbat irizpide oso kontuan hartzen dituzte gonbidatuak aukeratzerakoan, hala nola, lurraldetasuna, generoa, adina eta gaiarekiko jendeak duen hurbiltasun-urruntasuna.
Jendea kale inkestarako supituki harrapatu dutenean erantzun ona izan dute, erdaldunen artean ere jarrera ireki eta zabala izan dute. Beste bat da kale inkestetan, esperotako erantzunak jaso dituzten ala ez. Madrilen eta Bartzelonan hiritarrei euskarazko zenbat hitz edo esaldi zekizkiten galdetu zieten. Biarritzen, euskaraz zekien zenbat pertsona topatuko zuten probatzera atera ziren kalera. Beste batean txiste kontaketan ere jarri zituzten, jakin gabe zein hizkuntzatan egingo zuten. Beste jolas polita matematikako ariketa izan zen. Ariketa erakutsi eta ozen irakurtzeko eskatu zitzaien Berako herritarrei. Gazteek euskaraz irakurriko zutela aurreikusi zuten, helduek gaztelaniaz, eta tarteko adinekoen erantzuna zein hizkuntzatan izango zen ez zuten batere argi. Patrikako soziologia deitu die jolas horiei Amonarrizek.
Nola egin euskara erakargarri telebistan?
Ideiak bai buruan, baina pantailara eraman behar dira. Gauean erdi lo dagoen ikusleari ezin ahalegin berezirik eskatu, ezin exijitu euskararen egoeraren inguruko datu eta hausnarketa piloa irensteko. Arreta handiz landu dute informazioa pantailaratzeko modua eta horren adibideak Xabier Zapirain errealizadoreak kontatu dizkigu. Pantailan datu-taula bat ikusi beharrean, maila desberdinetan urez betetako ontziak ikusi ditugu, edo Ipar Euskal Herriko euskararen egoera azaltzerakoan eguraldi maparen bidez “borraskak” eta “antizikloiak” marraztu dizkigute. Zapirainen ustez, “datuen eta alderdi bisualaren arteko oreka lortu behar dugu, zeren datuetara joz gero zenbait ikus-entzule urrunduko baitzaigu, eta nahiago dugu datu gutxiago eskaini eta jende gehiagorengana heldu”.
ETB2n noiz?
Euskaldunentzako saioa badenik ez dago dudarik, baina erdaldunentzakoa ere bada Tribuaren berbak. Amonarrizek ordea, ez du uste azpititulatu edo bikoiztu eta ETB2n emateko edukia duenik egiten ari diren saioak. Noski mereziko lukeela halako produkturen bat egitea, baina bestelako molderen batean. Amonarrizen ustez, erdaldunei transmititu nahi zaizkien ideia nagusiak zehaztu beharko lirateke. “Ez da gauza bera euskal musikaz euskaldunei edo erdaldunei hitz egitea; gurasoei dagozkien eginbeharrez hitz egin behar bada, oso mezu desberdinak eman behar zaizkie guraso euskaldunei eta guraso erdaldunei”.
Zer da azpimarragarri saioan?
Munduko esperientzia oso desberdinen berri emateak, beste tribuez aritzeak, alegia, guretik mundura eta mundutik gurera zabaltzeko ikuspegia lantzeko balio du, asmatu du ikuspegi globala ematearekin. Bestalde, ukitu europarra du saioak; ohiko kamera eta irudi estatikoetatik mugimendura salto egin dute. Estekikoki erakargarri izatea, eta euskara gozagarri egitea, hainbeste aipatzen diren garaiotan, bete-betean asmatu du.
Soziolinguistikaren dibulgazioaren ikuspegitik zer deritzozu?
Oso erakargarria da: adin-tarteak bereizi ditu, herri-hirien errealitateak landu dira, azken mendeko bilakaera kontatu du, eragileak elkarrizketatu ditu, euskararen biziberritzeak dituen zailtasunak, euskaraz bizitzeko gaur egun dauden aukerak...
Zer hobetuko zenuke?
Oso berandu programatu dute, 22:30ean. Ikusle mota baldintzatzen du, hartzaile potentzialak izan daitezkeen gazte-haurrentzat ere gomendagarria bada eta saioa.
Programa bizia izateak alde on eta txarrak izan ditzake. Inork ez dezala zapping egin motelegia delako, arren! Baina bestalde, ez ote da azkarregia? Soziolinguistika eta euskararen normalizazioa bizibide edo kezka-iturri ez dutenentzat, datu askotxo ez ote dira bata bestearen atzetik entzuteko?
Zertarako balio lezake programa honek, zure ustez?
Euskararen egoerari buruz azalpenak, sarri, konplikatuak izaten dira, baina programak modu errazean eskaintzen ditu, eta ikuslearen enpatia sortzeko gaitasuna du. Bestalde, euskarari bere lekua emateko lanean ari den jendearen jarduerak guztion aurrean jartzen ditu. Eta horrek egindakoaren eta egiten denaren tamaina agerian jartzen du: honakoak ikerketa zientifikoetan ari dira, horiek aurrerapen teknikoetan... Hori guztia begi bistan jartzeak proiektu bateratuaren aurrean kolokatzen du ikuslea.
Tonu positiboa nabari da.
Sarri askotan euskararen egoeraren inguruan kezka eta puntu triste bat gailentzen da jendartean. Programak ordea, egindakoaren alderdi positiboak, pozgarriak eta ludikoak erakusten ditu. Soziolinguistikaren ikuspegitik ezinbestekoa da hori hiztunen jarrera positiboak sendotzeko. Gainera, momentu ezin aproposagoan dator programa; azken denboretan, egindakoaren ahaleginen aurrean nolabaiteko nekea sumatzen ari gara han eta hemen. Neke edo nagi horiek astintzeko pizgarria ere bada zalantzarik gabe.
Eskatzen hasita?
Ez ote dago modurik euskaldunak ez diren herritarrengana heltzeko? Zergatik ez irudikatu “euskaratik eta euskaraz” egindako programa erdarazko azpitituluekin eskaintzea?
GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.
Ainhoa Lasa Agirre (Lovaina, Flandria, 1976) Emun kooperatibako kidea da. UEUko udako ikastaroetan, hezkuntza soziolinguistikoaz hizketan ezagutu genuen uztailean. Dozena bat urte daramatza DBH4ko gazteen ikasgeletan esku-hartzeak egiten. Egitasmo osoak dira, herriko ikastetxe... [+]
Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]
Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]
Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.
UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.
Hendaian ziren egitekoa 15. edizioa, martxoaren 23an. Egun osoko egitaraua antolatu dute zenbait hitzaldi, mahai-inguru, aurkezpen eta tailerrez osatuta. Ipar Euskal Herrian Frantziako gobernuaren erretreten erreformaren aurka deitutako greba orokorrak ekarri du erabakia.
Errealitatea eraldatzeko, gauzak ahalik eta zehatzen ezagutu behar direla sinetsita dago Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da beti, hasi Donostiako Udalean, Aztikerren ondoren, eta bere kabuz gero. Azken zortzi urteak... [+]
Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu du. Duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude, baina jaitsi egin da euskaraz erdaraz baino errazago egiten dutenen kopurua, %34,6tik %27,4ra. Gazteen artean nabarmen egin du gora... [+]
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]
Zeinu hizkuntzaren interpretearen ezinbesteko laguntzaz egin diogu elkarrizketa Aitor Bedialauneta Arrateri (Ondarroa, 1991), Euskal Gorrak EAEko gorren elkarteen federazioaren presidenteari. “Interpretearen mendekotasunik dudan? Une honetantxe, biok daukagu”,... [+]
Soziolinguistika Klusterrak asteazkenean argitaratu du 2021eko ikerketaren txostena. Neurtu dute euskararen kaleko erabilera egonkor dagoela, eta azken neurketan bezala zortzitik batek hitz egiten duela (%12,6). Eremu euskaldunenetan jaitsi egin da. Proposatu dute hazkundea... [+]
Kaleko 71.000 elkarrizketa eta 227.900 solaskide behatu dituzte UEMAko herrietan, eta 2017koa baino ikerketa are sendoagoa burutu dute. Erabilera orokorra ez da ia aldatu: bostetik hiru aritzen dira euskaraz. Adina eta generoaren arabera badira desberdintasun batzuk.