argia.eus
INPRIMATU
Nomadak

Amets Arzallus 2014ko martxoaren 12a

Maite ditut nomadak, ijitoak eta bestelakoak, bizitzaren metafora direlako. Ibilia da beren egoitza bakarra. Bidean bizi dira, askotan, bizibide jakinik gabe, eta errezeloak sortuz. Baina zein da sortzen duten errezeloa? Zer da lapurtzen diguten hori?

Agian, guk bizitzarako genuen segurtasun bat da osten digutena. Izan ere, nomada batentzat, edo ibilian bizi denarentzat, zer da eta non da herria? Non da herri eta non da deserri ibilian bizi den batentzat? Ez ote dabiltza batetik bestera beren izatearen garraio? Begitan hartuak ditugu ijitoak eta nomadak eta ibilian doazenak gure sinesmen bat auzitan jartzen digutelako, gure herria, edo nahi bada kokapen geografiko finkoa.

Maite ditut nomadak bizitza bidea dela erakusten digutelako, gure bizi lekua tarte bat baino ez dela, eta tarte hori mapetan koka ote daitekeen, herriek aingurarik behar ote duten, pentsakor uzten nautelako. Maite ditut ijitoak, gure etxea, sartu, dena hankaz gora jarri, eta galderaz betea uzten dutelako.