argia.eus
INPRIMATU
Eskuinera doa

Ixabel Etxeberria 2014ko martxoaren 12a

Frantziako Estatuko Herriko Etxeetarako hauteskundeak martxoaren 23an eta 30ean iraganen dira. Hauteskunde hauetan herriko kontseilariak eta auzapezak hautatuko ditugu, baita Herri Elkargoetako ordezkariak ere.

Gobernatzen ari den alderdi sozialistari emaitza onik ez zaio iragartzen. Une honetan 85 hiri gal ditzakeela aipatzen da prentsan. Hau dena, noski, espekulazio hutsa da, baina giro orokorra ikusi eta, hautesleek François Hollanden zigortzeko bidea har lezaketela pentsa daiteke.

Izan ere, gogoratu behar da Hollandek zin egin zuela langabeziaren kopurua txikitzeak lehentasuna zuela. 2013ko abendurako langabezi kopurua jausten hasiko zela agindu zuen eta hau ez da gertatu. Aldiz, egun batzuk lehenago 30 mila milioiko oparia egin zien nagusiei. Baina, zerga txikitze horrekin ez zuen erran nola lortuko zuen diru galtze hori konpentsatzea. Ondorioz, denek ulertu zuten zerga emendatzea etorriko zela 2014ko bukaerarako. Bestalde, Hollandek Estatua sartu du bi gerlatan Afrikan, gerla lasterrak izan behar ziren baina soldaduak han dira, gure zergekin ordaintzen diren gerlatan. Erretretarako kotizazioak 43 urtetara pasa dira. Ez omen da dirurik. Gerlarako bai, ordea. Ezkerreko politika honen ezintasuna agerikoa da, eskuzabaltasuna gerlarako geratu da, nagusien eta boretsuen alde, horrek ekartzen du hiritar askorentzat zalantza eta politikan konfiantza galtzea. Oraindik lanean ikusi ez den alderdia gelditzen da saiatzeko. Horrela inkestetan Front Nacional (FN) oso toki onean agertzen zaigu, bozen %24 lor lezake, hiru hautesleetatik batek eman liezaioke botoa FNi. Zerrendaburuek garrantzi handia izanen dute.

Ez dira berri onak, ezkerrak ez du esperantzarik pizten, bere ametsei uko egin baitio. Ezkerretik abstentzio handia espero da. Eskuinetik proiekturik ez da ageri eta FNa traba da toki askotan, hautagai askok oraindik eskuin muturrarekin aliantzarik ez dute onartzen. Hala ere, Frantzia eskuinera doa!

Ipar Euskal Herrian, mugimendu gutxi gertatuko da, ezkerrak seguru aski ez du lorpen handirik izanen, ez bada Angelun, agian. Ezinbertzean betiko eskuinak lortuko ditu herriak. Abertzaleek bide egiten segituko dute, hautetsi kopurua emendatuko da eta zenbait tokitan gako izanen dira. Udalbiltzan Ipar Euskal Herriko 11 auzapez daude, 50 kontseilari baino gehiago. Kopuru horiek emendatzea da garrantzitsua. Lehen itzulian zerrenda abertzaleak egonen dira herri askotan, abertzaleak beste zerrenda batzuetan. Bigarren itzulian zer eginen den ikusi beharko da, sozialistekin joatea oso zaila dirudi, Hollanden jarrerak eta politikak ikusita. Laster ikusiko.