argia.eus
INPRIMATU
Akadiako Rimus erregea, kontzentrazio esparruen asmatzailea

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko martxoaren 12a
Naram-Sin-en Garaipen Estela. Izen hori eman arren, adituek ez dakite ziur erliebeko eszena Naram-Sini edo haren osaba Rimushi dagokion.
Naram-Sin-en Garaipen Estela. Izen hori eman arren, adituek ez dakite ziur erliebeko eszena Naram-Sini edo haren osaba Rimushi dagokion. Louvre Museoa

Mesopotamia, duela 4.350 urte inguru. Sumeriako bigarren errege akadiar Rimushek sumeriarrak sumindu zituen. Haren aita Sargonek akadiar dinastia fundatu zuen, eta sumeriarrei boterea kendu arren, haiekin adiskidetzeko ahaleginak egin zituen: haien kultura, erlijioa eta hizkuntza errespetatu zituen, eta ez zien inposatu gustuko ez zuten agintaririk. Edonola, haren erregealdiaren amaieran hainbat hiri sumeriar matxinatu ziren. Sargonen seme Rimushek erregetza hartu zuenean, matxinada haren jarraipenari aurre egitea egokitu zitzaion. Sumeriarren agintepean zeuden Zabala, Adab, Umma, Kidingira, Ur eta Lagash hiriak altxatu ziren, Adabeko Meskigala buru zutela. Azkenean, akadiarrek mendean hartu zituzten sumeriarrak berriro, eta Rimushek ez zuen izan bere aitak adina gupidarik.

Rimushen testuetako zifrek hotzikara eragiten dute: Adaben eta Zabalan 15.718 hildako eta 14.576 preso izan ziren; Umman eta Kidingiran, 8.900 hildako, 3.450 preso eta 5.985 deportatu; Lagashen eta Uren, 8.040 hildako, 5.460 preso eta 5.985 deportatu. Testu gehigarri batean aipatzen da beste hiru gudutan sumeriar koalizioan 11.322 hildako, 10.680 preso eta 14.000 deportatu izan zirela. Sarraskiaren dimentsioaz jabetzeko kontuan hartu behar da garaiko hiri handienek, Urek adibidez, 50.000 biztanle inguru zituztela.

Rimushen laudorio-testuetan kopuruak puztuta egon daitezkeen arren, gerran 50.000 sumeriar hil zituztela kalkulatzen da, eta beste 35.000 preso hartu zituztela. Zer egin azken horiek enbarazu egin ez zezaten? Rimushek ezagutzen den lehen kontzentrazio esparrua eraikiarazi zuen. A-na ga-ra-si-im ish-kun hitzekin definitzen da eremua, eta adituak oraindik ez dute lortu hitz horiek itzultzea. Beraz, ez dakigu itxitura hura gatibu lanak egiteko eremua ala deuseztatze esparru hutsa zen, baina bertan milaka pertsona hil ziren edozein kasutan. Rimushen agintaldiak bederatzi urte iraun zuen, estatu kolpe batean harrizko zigilu batez buruan jota hil zuten arte.

Subkontziente kolektiboan kontzentrazio eremuak Alemania naziari lotuta daude. Baina, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, alemaniarrek halako desohorea beren gain hartu nahi ez eta esparru horien sorrera ingelesei egotzi zieten. Hala, zigor itxituren jatorria Boerren Gerretara atzeratu zen. Orduan, ingelesek fardela espainiarrei utzi zieten, 1898ko Kubako Gerran dagoeneko antzeko eremuak antolatu baitzituzten. Horrela, gaizki egina auzokoak lehenago egin zuela salatuta, kontzentrazio esparruen asmatzaile tituluak Antzinaroaren hastapenetaraino atzera egin eta halako neurri ez-zibilizatuak zibilizazioa bezain zaharrak direla erakutsi da.