Euskal literaturaren ikusezinasuna
Hegats, 51.zenbakia
Euskal Idazleen elkartea 2013
Errealitate horren zergatiak aletzen saiatu dira Ander Iturriotz, Inma Errea, Josu Jimenez Maia, Ixabel Etxeberria, Gotzon Barandiaran Arteaga eta Anjel Lertxundi –azken honek Iratxe Etxebeste mintzalagun duela–, Hegats aldizkariko 51. zenbakian.
Nork bere ertzetik heldu dio gaiari, zenbaitek lurraldetasunaren ikuspegitik, osotasunari erreparatuta nahiz Nafarroa edo Iparraldea esparrutzat hartuta, kasura; hainbatek bere larruan bizi izan duenetik, gehienek hizkuntzaren gutxiespenak sortzen duen minetik, bazterkeriak duen oinarri politikotik, musikaren eta literaturaren arteko uztardurak eman lezakeenetik...
Ehun orrialde eskaseko liburuxka honek ez dakar konpendio bateraturik, baina bai ondo kontuan hartzeko ideia hausnartuak, zezenari adarretatik heltzeko.
Biziki interesgarriak Ander Iturriotzek planteatzen dituen galderak; (nazio, kultur edo literatur) marka kontzeptuaren inguruan azaleratu diren gogoetak edota Ixabel Etxeberriari darion baikortasuna. Gogoan hartzekoak, halaber, Inma Erreak generoaren optikatik egin duen ispilutzea.