Barcino (egungo Bartzelona) 415.eko uda. Ataulfo erregea Dubius esklaboak puñala sartuta hil zen, ustez, txikia izateagatik barre egin ziolako. Aitzakiaren atzean, jakina, boterea lortzeko konspirazioa zegoen. Horrenbestez, Iberiar penintsulako lehen errege bisigodoak agintari godoen zerrenda beltza ere inauguratu zuen.
Handik astebetera Ataulforen oinordeko Sigeriko ere hil egin zuten. Zazpi eguneko erregealdia nahikoa izan zuen Ataulforen sei seme-alabak hiltzeko.
453an Turismundo erregea haren anaia Teodoriko II.aren enkarguz hil zuten, ohean gaixorik zegoela estrangulatuta. Gerora, Teodoriko errege zela, haren oinordeko Eurikok hilko zuen.
Gune sakratuak ere ez zituzten errespetatzen erregeen hiltzaileek eta Amalariko elizan hil zuten 531. urtean. Haren ondorengo Theudis soldadu batek sastakatuta hil zen. 554an Agila I.ak ere hainbat sastakada jaso zituen bularrean, eta odolustuta hil zen.
603. urtean Witerikok eskua moztu zion Liuva II.a erregeari. Esku bakarra zutenek ez zuten errege izaterik, baina badaezpada Witerikok ezpataz akabatu zuen. Zazpi urte geroago Witeriko bera hil zuten ezpataz, eta haren gorpua Toledoko kaleetan herrestan eraman.
Sisebuto erregea hiltzeko beste klasiko bat erabili zuten 621. urtean: pozoia.
Wamba ere pozoiez hiltzen saiatu omen ziren 680. urtean. Erregeari espartinaz egindako edabea eman zioten. Baina pozoia, dosi hilgarrietan hartzen ez bada, lo-eragingarria da. Zenbaiten ustez konplotaren asmoa ez zen monarka hiltzea, eta egia esan, lo-kuluxka nahikoa izan zuten aurkariek Wamba tronutik botatzeko. Monje-jantzia jarri zioten eta ilea larru-arras moztu. Lege bisigodoen arabera, erlijiosoek ezin zuten errege izan eta ile motza laido larria zen godoentzat. Koroa eta duintasuna galdu zituen, baina behintzat beste zortzi urtez bizi izan zen.