argia.eus
INPRIMATU
Udaberria hauspotzen
Jakoba Errekondo 2014ko otsailaren 27a
Arra beteko diametroa duen urkiak egunean hamar bat litro izerdi eman ditzake.
Arra beteko diametroa duen urkiak egunean hamar bat litro izerdi eman ditzake.

Haltza (Alnus glutinosa) eta pagoa (Fagus sylvatica) dira egur onenak beti urpean egon behar duten zimenduak egiteko. Makina bat zubi eta kai eraiki da haien bizkarrean. Venezia erdia haltza gainean erikia omen dago. Haltza bila bazabiltza, uretara jo; urpean eta ur ondoan. Erreka bazterretako nagusia da, eta hortxe sortzen dituen oihanek berebiziko garrantzia dute ingurumenean. Kantauri aldeko haltzadiak oso izaera berezia du. Haltzak eta urak uztarri ederra osatzen dute. Neguaren erdia egina dugun honetan, haltzak loreak zabaltzen ari dira eta, urrutira begira, gorri-more, ubel, urardo koloreko errekak dira urari segika etorritako haltzadiak.

Neguaren erdi lanak eginda, landaredia borbor ari da. Abendu hotzak dena atzeratu zuen eran, urtarril eta otsail epeletan eguna argiarekin batera luzatu eta tenperaturak gora hasita, lurrak berotzeari ekin dio. Borborkan begiak harrotu, loreak zabaldu, polenak aireratu, hostoz jantzi... denetik ikusten ari gara. Hau dena izerdiak bultzatzen du, lurretik hartutako uretan nahastutako jaki gozoen elixir horrek. Bultzatu bai, ponpa baten gisa zainetatik adar punttetara puztuz bultzatu.

Hau da naturaren emankortasuna auspotzeko jaien sasoia. Eslaviar kulturetan, martxoarekin ekiten zioten urte berriari. Eta, beraien hizkuntza askotan, martxoari urkia deitzen diote. Zuhaitz honek berebiziko garrantzia du kultura haien lurretan, eta izerdi berria datorkio. Izerdi hori zuhaitzari kendu, eta gorputza arazteko erabiliko dute, neguan pilatutako toxinak botatzeko. Ameriketako indiarrek bezala. Analisiek bere osagai onuragarriak berresten dituzte: azukreak (glukosa, fruktosa, galaktosa...), aminoazidoak (glutamina eta azido glutamikoa, citrulina...), azido organikoak (malikoa, zitrikoa...), mineralak (kaltzioa, potasioa, zinka, manganesoa, magnesioa, fosforoa...) eta abar.

Hostoak zabaldu aurretik biltzen da izerdi hau. Enborra zulatu eta tutu baten bidez ontzi batera bideratzen da. Adar mutur bat moztu eta zaurian bertan botila batean jaso daiteke. Arra beteko diametroa duen urki batek egunean hamar bat litro izerdi eman ditzake. Gordinean edo jarabean kontzentratuta hartzen da. Baita zenbait ardoetan ere (garagarrarena, mahatsarena...)

Ez al duzu urkirik inguruan? Udaberriko susperraldia auspo dakizuke...