argia.eus
INPRIMATU
Sestao berdeagoa
IƱaki Barcena 2014ko otsailaren 26a

Sestao, gorria. Eskola frankistan irakatsi ziguten Sestao Espainiako populazio dentsitate altuena zuen herria zela, Alemaniako Rhur bailara industrialeko beste baten parean Europako mailan. Kilometro koadro eskas batean fabrikaz inguraturik bizi ginen eta Labe Garaietako suak eta hotsak infernu modukoak ziren guretzat.

Espazio berde oso gutxi zegoen. Gaur gutxiago. Iberia kaleko Teresaren estankoan Sestaoko postal bakar bat saltzen zen. Irudian, gure etxe aurreko landa bat, Marcelinoren behi batekin protagonista nagusitzat eta urrunean Portugaleteko Zubia. Duela hogei bat urteko periodikoan, Sestao behi soil bat erroldatu gabeko Bizkaiko udalerri bakarra zela, irakurri nuen.

Industria eta langileria ziren Sestaoko funtsik nagusia. Kaskoko plaza, Enparantza Gorria izendatua, frankismoren bukaerako borroka sinbolo bihurtu zen. Gero gerokoa.

Trantsizioaren urte biziekin gorria marroi iluna bihurtu zen, urte luzez. Soziolistoak gure aita sozialistak batzuetan zioen moduan, udalbatzaren lema hartu zuten Sestaon eta desindustrializazioa eta langabeziaren urte latzak etorri ziren.

SESTAO, BERDEAGOA. Aurten loteria berdea egokitu omen zaie sestaoarrei. Eta bereziki Txabarri kalean bizi diren familia txiroei. Milan,Viena, Bratislava, Aquisgran eta Tampererekin batera 30 milioi euroko diru-laguntza izango dute, euren etxeetan, instalakuntza berriztatzearekin batera, energia aurrezki-programa pilotu bat martxan jartzeko.

Sestaon pobrezia energetikoaren hiru ezaugarriak agerian daude oso. Krisi ekonomiko sakonaren ebidentziak, energia elektrikoaren garestitze geldiezina eta etxebizitzen egoera tamalgarria energia erabiltzerakoan. Asko kalefakziorik eta ur berorik gabe bizi dira. Hurrengo bost urteetan 1,6 milioi euro jasoko dute 250 familien etxetan berriztatze energetikoaren lanak laguntzeko. Berri onak dira, auzo baztertu honetan gain-bizi direnentzat. Ehun urte baino gehiago dituzten eraikinak eta duela 20-30 urte diru publikoaz egindakoak ere programa berean sartzen dira. Biek ala biek berriztatze energetikoa behar dute eta. Adibide ona, gauzak beste modu batean egin daitezkeela ohartarazteko. Eta nire galdera da, zer uste du Iberdrolak guzti honetaz? Bere energia berdearen programan horrelako esperientziak laguntzea sartuko al da? Ala bere dorre erraldoitik Txabarri eta Sestao ez al dira ikusten?