argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak erabiltzaile berrien hizkuntz erregistroa egingo du

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko otsailaren 27a
Euskaraz bai sano! Osakidetzaren kanpaina berria
Euskaraz bai sano! Osakidetzaren kanpaina berria

Osasun Sailak Osakidetzaren II. Euskara Planaren ildo nagusiak azaldu berri ditu. Erabiltzaileen eta langileen hizkuntz lehentasunez eman dituzte azalpenak. Hasierako asmoa Osakidetzako erabiltzaile guztiei zein hizkuntza lehenetsiko zuketen galdetzea bazen, jasotako kritiken ondorioz erabiltzaile berrietara mugatuko dira. Hau da, ekainera bitartean erabiltzaile berrien erregistroa egingo dute eta haiei galdetuko diete zein hizkuntza lehenesten duten Osakidetzarekiko harremanetan. Ohiko erabiltzaileak ez dira plan horretatik zeharo kanpo geratuko. Haiei lehen arretako zerbitzuetan galdetuko diete eta norberaren datuen artean gordeta geratuko da.

Galdetzeak ordea, ez du derrigorrez esan nahi eskatutako hizkuntzan aritzeko aukera emango dutenik. Hori da planari egin zaion kritiketako bat, eskatzeko aukera izango da, baina herritarrei ez zaie bermatuko euskarazko arreta. ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, hortaz gain, lehen mailako zerbitzuetan herritarren eskubideak bermatzen saiatuko dira, esate baterako, harrerako eta administrazioko jendaurreko arreta. Medikuek ordea, zuzeneko harremana dute herritarrekin, eta talde hori euskalduntzeko neurriak apaltzat jo dituzte bi sindikatuek.

Arreta guneetan euskaraz artatuko gaituzte, ia seguru; euskaraz aritzeko gai den mediku espezialista egokitzea aldiz, mirakulua izan ohi da. Euskaraz bai sano! kanpainako afixak eragindako irribarre konplizea laster itzali zaigu.