"Osasunagatik nabil ni korrika, ez dago beste misteriorik"

  • Gipuzkoako korrikalaririk beteranoenetakoa da. 1978tik hona ez da korrika geratu. Jokin Sarasolaren historiak, ordea, hainbat ertz ditu: Lotsati poetaren historia, abertzaletasuna, familia, Espainiako Gerra Zibila, euskara…

Jokin Gisasola (Itsasondo, 1929) Gipuzkoako korrikalaririk zailduenetakoa da. Bere adineko askorik ez da gure bazterretan lasterka dabilenik.
Jokin Gisasola (Itsasondo, 1929) Gipuzkoako korrikalaririk zailduenetakoa da. Bere adineko askorik ez da gure bazterretan lasterka dabilenik.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Juan Iñaki, Gurutz, Andoni, Edurne, Terese, Imanol, Kelmen, Arantza, Jokin… Izenek dute ageri: abertzalea, arandarra zen zuen familia.

Euskarazkoak ditugu izenak, bai bataioan, bai erregistroan. Anaia zaharrena Juan Iñaki da, aitona Juan Martin zelako. Gainerako guztiok euskarazko izenak ditugu. Ama genuen abertzalea, Paula Martinez. Itsasondon jaioa zen, baina gurasoak Donostiara etorri ziren eta hemen bizi zen, Narrika kalean. Oso abertzalea zen, eta propaganda egiten zuen emakumeek beren umeei euskarazko izenak jartzeko. Aita, berriz, tipo karlista zen, baina EAJko alkate izan zen Itsasondon gerra aurretik. Gerra ondoren kartzelara sartu zuten, isuna jarri zioten… Bederatzi anai-arreba ginen eta, 1940an, ama hil zenean, barnetegira bidali ninduen aitak, Lekaroza. 12 urte nituen nik orduan. Behin, lau anaia atanotarrak erakustaldia egitera joan ziren. Hala ere, han futbola zen nagusi, ez pilota. Atano II.a, III.a, IV.a eta VII.a izango ziren, nonbait. Haiek erakustaldia egiten eta kolegioko estudianteak, ia denak, futbolean ari ziren jolasean. Pilota ikusten, berriz, bi katu. Atanotarrak ere konturatu ziren: “Gu, hemen, munduko onenak, eta estudianteak futbolean!”. Atano III.ak Lekarozen sartu nahi zuen bere semea, baina giro hura ikusi zuenean, Oronozen sartu zuen.

Oronoz-Mugairin ikasi zenuen zeuk ere.

Lehenengo ikasketak egin eta Komertzio ikasten hasi nintzen Lekarozen bertan, baina ikasketa haiek Lekarozen kendu eta Oronoz-Mugairin jarri zituzten, eta hara joan nintzen. Hantxe ibili nintzen, Atano III.aren semearekin pilotan. Oso gazterik hil zen seme hura, 32-33 urterekin. Baina hura ez zen pilotaria… Oronozko kolegioan bazen fraide bat, Segundo anaia, Berrizkoa, pilotazalea. Pilotaren Eguna ospatzen zen, eta pilotari denak pasatu ziren handik. Denak, Dionisio Onaindia izan ezik, gernikarra. Profesionalen arteko erakustaldia egiten zen gure kolegioan. Migel Gallastegi-eta. Elizondon jokatzen zuen, eta kolegiora etortzen zen igual. Kolegioko hiru estudianteren kontra ere jokatu zuen Gallastegik, pilota gozoarekin. Oraingo pilota gogorra atera izan balu, akabo!, estudianteek ez zuten ikusi ere egingo! Grosen ikusita nago, garai bateko frontoian, Munduko Txapelketa. Frantzia Espainiaren kontra omen zen. Frantzia zen Aranbillet, eta Espainia, Atano III.a! Francoren garaiak ziren. Nork bere pilotak jarri zituen. Arinak Aranbilletek, eta astunagoak Atanok. Sakea libre zen orduan, eta min handia egin zion saketik Atanok. Piloteoan ere gehiago zen. Aranbillet, berriz, boleaz defendatzen zen ondoena…

Pilotaz hasi zatzaizkit, baina korrikalari zara zu.

Korrikalari izan baino lehenago, pilotari izan naiz ni. Egunero-egunero egiten nuen eskuz, Amarako frontoian. Gazteak gomazko pilotarekin jokatzera joaten ziren, eta, batzuetan, zain zeudela, esaten nien: “Nahi duzue bitartean eskuz jokatu?”, eta hasten ginen. Erraz irabazten nien. Nik baino sasoi askoz hobea zuten, baina ez zekiten eskuz. Errondo gainera ere joaten nintzen, San Juan de Dios klinika atzeko frontoira. Hartu eskuzko pilota, erraketa, pala… irten galtza motzetan etxetik eta harantz!

Nola hasi zinen, hortaz, korrika?

Esango dizut nola hasi nintzen korrika… Leihotik begira nengoen, eta jendea ikusi nuen, korrika. 1978 zen. Edadeko jendea ere bai, korrika! Eta galdetu egin nuen: “Zer arraio pasatzen da hemen, jende guztia korrika?”. Eta esan zidaten: “Maratoirako ari dituk entrenatzen”. Maratoia? “Nik ere egingo diat hori!”. Fisikoki ondo nengoen, mendira joaten nintzen, pilotan egiten nuen, eta hau eta hura. Bueltaka hasi nintzen Donostian, Burdinazko zubira joan eta Urumean gora. Baina hain gaizki entrenatzen nintzen, laster nintzen hankak kargatuta. Eta utzi egin nuen Donostiako lehenengo maratoi hura egiteko asmoa. Otsailean, berriz, Azpeitiko maratoi txikia etorri zen. Pikua taberna zen antolatzaileetan. Han debutatu nuen. Belen Azpeitia zena ere han zen, korrika. Ni korrika, eta aditzen nuen: “Aupa, Belen!”, “Belenen ondoan noak, ez noak gaizki!”… Gero, Donostiako bigarren maratoian debutatu nuen berriz. 3:40 egin nuen, uste dut. Hurrengoan, denbora jaitsi nuen: hiru ordu eta erdi. Beti ibili naiz denbora jaisten. Nahiz eta zaharragoa izan, esperientzia handiagoa nuen. Hiru maratoi egin nituen segidan, eta utzi egin nion gero. Harrezkero, herri lasterketak egin ditut. Ia igandero zen orduan…

Oraindik orain Berria egunkariaren aldekoa egin duzu Donostian.

Bai, horixe azkena. Eta datorren urtean, berriz, Lyona joateko ideia daukat, Munduko Txapelketara. Oraingoz, korrika eta gimnasia egiten ari naiz, egunero. Osasunagatik ari naiz korrika, pilota, mendia… Osasungarria da. Dena dela, orain dela urtebete erabat makalduta ibili nintzen, hamar kilo flakatu nuen, batean! Errekuperatu ere bai, poliki-poliki. Larririk ez zidaten bilatu, behintzat, eta aurrera. Naturista naiz, ovo-lakto-bejetarianoa: esnekiak, arrautzak eta barazkiak. Arrainik eta haragirik ez dago nire dietan, nahiz eta noizean behin jaten dudan. Akabo, bada!

Etxe honetako leihotik begira ikusi zenuen, noizbait, jendea korrika, eta lasterka hasi zinen zu ere…

Bai.

Etxe honek badu historia, bertan bizi izan zen jendeak…

Aitzol bizi zen hemen, bere arreba Zoilarekin. Gerra aurreko kontuak, ni umea. 8 urte nituen gerra hasi zenean. Gogoratzen naiz sotana bat bazela. Apaiza, Aitzol! Gure anaia Gurutzek, Lotsatik, erlazio handia zuen Aitzolekin. Gurutz poeta zen, eta askotan joaten zen Aitzolengana. Gainera, Poxpolinak taldeko arduraduna zen Aitzol, Kursaalen, eta hara joaten nintzen ni, dantza ikastera. Aberri egun bat izan zela ere gogoratzen naiz, eta nola desfilatu genuen Atotxaraino… Hemengo giroa erabat erdalduna zen. Orain ere bai, baina tira. Bi lagun ziren, bata zen Arriaga, bestea Mas. Arriaga, erdalduna; Mas, euskalduna. Mas horri “el vasco” esaten genion, euskaraz zekielako. Hortik atera kontuak hemengo giroa orduan!

Zuenean euskaldunak zineten denak.

Itsasondotik etorriak. 4 urte arte nik ez nuen batere gaztelaniaz jakin. Imanol anaia eta biok ikastolara joan ginen Etxaide kalera. Errepublika garaia zen. Ez dakit ikastola zen, ala haurtzaindegia, baina hantxe izan ginen biok 4 urte arte. Gero, Jesusen Bihotza ikastetxera sartu gintuzten, Sanchez Toca kalean. Errepublika garaia zen artean. Gure ama Mujika zuzendariari joan zitzaion: “Ez duzue euskaraz erakusten?”, eta besteak ezetz. Baina etxe ondoan zenez kolegio hura… eta euskara galdu nuen. Dena erdaraz. Bi anaia nituen Madrilen, Meategi ingeniaritza ikasten, eta etxean dena hitz egiten zen erdaraz. Baina Euskaltzaindiko bilerak ere ez al ziren, bada, erdaraz egiten garai hartan? Erdaraz zen dena! Eta Donostian eta Bilbon ikasketak egin eta Itsasondora itzuli nintzenean lanera, etxean erdaraz egiten zen. Kanpokoren bat etortzen zenean, harexekin euskaraz! Horixe bera kontatzen zuen Txillardegik. Haien etxean erdaraz egiten zela, baserritarrarekin beste inorekin ez zuela euskaraz egiten haien aitak.

Anaia aipatu diguzu, Gurutz Sarasola, Lotsati.

Ni baino hamabi bat urte zaharragoa zen. Gure aitak Lekaroza bidali zuen. Frantzian ere izan zen, ikasten. Nik uste berak ere ez zuela fabrikarako bokazioa. Gero, baserritar neska bat ezagutu zuen. Neska, baserritarra; gure anaia, industrialaren semea. Bi mundu… Ezin izan zen. Horrekin pixka bat nahastu egin zen gure anaia. Trenari bota zion bere burua Burdinazko zubian, gazterik, 20 urte. Ez dakit etxean zer esan zen anaiaren heriotzaz, oso umea nintzen. El Día egunkarian idazten zuen, poesia. Anjel Lertxundik artikulu bat idatzi zuen, esanez euskal literaturan hiru L daudela, hiru poeta, gazterik hil zirenak: Lauaxeta –fusilatu egin zuten–, Lizardi –gaixorik hil zena–, eta Lotsati. “Hara, Lotsati aipatu dik!”, nik neure buruari. Lotsatik ez dauka Lizardi eta Lauaxetaren kategoriarik, baina, begira, Lotsati aipatzen zuen Lertxundik. Ezin dut gauza askorik esan, askorik ez dakit-eta: ni umea nintzen garai hartan. Gauza batzuk gogoratzen ditut, hala ere. Gerra bukatu eta segituan, ikusita nago jendea bere burua hiltzen, trenera botatzen. Gogoratzen dut, gizon bat, eta nola gelditu ziren haren antiojoak… Tren geltokia gure etxetik bertara zegoen.

Donostian, Bageraren Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen duzu. Baduzu zer kontaturik zuk…

Bai, programa horretan ere parte hartzen dut, bai. Horretan eta beste gauza askotan ematen dut orain eguna: lasterka pixka bat egin, gimnasia, luzapenak, aizkoran…

Aizkoran?

Hiru apustu ere egin ditut nik aizkoran. Inor ez dut ikusi aizkoran hondartzan, baina orain dela hiru-lau urte egin dut nik aizkoran hondartzan. Itsasoak ekarritako enbor pusketak mozten ibilita nago Donostiako Zurriolan, Kontxan eta Ondarretan. Baita Getarian ere. “Aizkoran egin behar baduk, joan hadi basora!”, esan izan zidaten. “Basora joan baino lehen, honek balio dik pixka bat zailtzeko!”, erantzuten nien nik. Xakean ere jokatzen dut. Lagun bat badut, asko gustatzen zaio xakean jokatzea. Baina irabazi egiten diot, eta haserretu egiten zait. Eta bolada darama azaldu gabe. Orain internet bidez jokatzen dut ordenagailuaren kontra. Denbora luzean aritzen naiz. Baina ezin irabazi makinari, ez da erraza. Joan den urtean osasunetik makalago ibili nintzen, baina errekuperatu nintzen. Datorren urteko Lyongo Master Txapelketan parte hartu nahiko nuke. Esan dizut, osasunagatik nabil ni korrika, kirola osasungarria delako. Ez dago beste misteriorik.

Nortasun agiria

Jokin Sarasola (Itsasondo, 1929) Gipuzkoako korrikalaririk zailduenetakoa da. Bere adineko askorik ez da gure bazterretan lasterka dabilenik. Peritu eta Maisutza ikasi zituen Donostian, eta Intendente ikasketak egin zituen Bilbon. Arbel fabrika zuten etxean, eta hantxe egin zuen lan 1970ean itxi zen arte. Harrezkero, arbel salmentan jardun zuen, erretiratu arte. Kirolari da betidanik (pilotari, aizkolari, mendizale…), eta korrikari lotu zitzaion 1978an, Donostiako lehenengo maratoiaren garaian. Korrikalari ibili da hemen eta munduan. 2009an Atletismoko Master Txapelketan maratoian parte hartu zuen Finlandian –bigarren egin zuen, deshidrataturik ibili ondoren–, eta hurrengo urtekoari begira jarrita dago.

Iñaki Perurena

“Leitzan korrika, herri lasterketan, eta Iñaki Perurena! Erabat flakatuta, 105 kilo izango zituen orduan. Pasatu egin nuen aurrerago, eta esan zidaten: ‘Hi, Perurena daramak hor atzean!’. Begiratu nuen, eta hantxe Perurena. Azkartu egin nuen eta bera baino lehenago ailegatu nintzen, lau-bost metro. ‘Juxtu-juxtu irabazi haut!’, esan nion, eta berak: ‘Zenbat urte dituk?’, eta nik, orduan, 73 izango nituen. Berak, berriz, nik baino 30 gutxiago!”.

Ovo-lakto-begetarianoa

“Karrera nudista bat korritu nuen Sopelan, Barinetxeko hondartza basatian. Han zen Luis Elberdin sexologo famatua ere. Eta esan zuen: ‘Parte-hartzaileetan, Jokin Sarasola donostiarra izan dugu. Poz ematen du halako jendeak, adin horretan korrika’. Handik, Mundakatik pasatu nintzen, amuko txipiroiak jatera. Amukoak! Casinora bidali ninduten, toki dotorera. Ovo-lakto-begetarianoa naiz, baina txipiroiak, tak!”.
 

Zeruko Argia

“Argia baino lehen, Zeruko Argia ezagutu nuen nik. Gure aita zenak etxean jasotzen zuen aldizkaria. Kaputxinoak ziren. Zeruko Argia eta Arantzazu jasotzen ziren gure etxean. Baina, behin, etorri zitzaidan Arantzazuko fraidea eta esan nion: ‘Gaztelania sartzen hasi zarete, eta lehenago ere badira hemen gaztelaniaz ari direnak. Izena eman dut Argian’. ‘Baina horiek ez dute sinesten!’ esan zidan. Kar, kar, kar…”.

Azpeitiarrak haserre

“Kolegioan, Oronozen, hangoak eta hemengoak ziren estudianteak. Nik dena erdaraz egiten nuen. Bazen Azpeitiko jendea, eta haiek dena euskaraz egiten zuten, beti. Baita jolas-orduan ere! Eta, detaile bat!, haserretzen zirenean ere bai. Batzuk, euskaldunak, haserretu eta erdaraz hasten dira. Haiek ez, haserretuta ere euskaraz! Azpeitian zer indar duen euskarak!”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
60.000 euroko isuna ezarri diote ‘Indar Gorri’ profilaren kudeatzailari

Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]


2024-11-20 | Sustatu
Mastodonen oinarritutako Matx.eus sare soziala abiatu da, euskal kirolaz jarduteko

Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Absolbitu dituzte Espainiako futbol selekzioaren zaleak jazartzea leporatu zieten Indar Gorriko kideak

2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]


2024-11-11 | Sustatu
StravaLeaks: bizkarzainak buruzagien geokokapena partekatzen

Le Monde egunkaria ikerketa erreportaia argitaratzen hasi da StravaLeaks izenarekin. Zera da koxka: zenbait agintarik erabiltzen dituzten segurtasun agenteek, bizkartzainek alegia, Strava ari dira erabiltzen, eta horrekin bere ibilien bide geokokatuak ari dira... [+]


2024-11-11 | Sustatu
Strava: beste eskandalutxo bat, ibileren salerosketa

Joan den astean aipatu genuen StravaLeaks eskandalua, batzuek aplikazio horren "segurtasun zulotzat" aurkeztu arren ez zela hori: erabilera okerra da. Zure korrikaldi eta ibilerak pribatuak izan behar badira, ez partekatu Stravan edo ez erabili Strava, Instagramen... [+]


2024-11-11 | Jon Torner Zabala
Frantzia-Israel: 4.000 poliziaren presentzia eta Palestinako bandera debekatua

Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]


25-35 urte arteko gizon kirolari iaioak, larrialdietan bukatzen duten Behobia-Donostiako lasterkarien gehiengoa

Larrialdietan bukatu ohi duena ez da 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta ez dagoelako; alderantziz, kirola egitera ohituta dauden 25-35 urteko gizonak dira gehiengoa, marka egin nahian topera joateagatik. Hala ziurtatu digu Donostiako ospitaleko mediku batek... [+]


2024-10-28 | Jon Torner Zabala
Amaia Zabarte, Realaren partida baten atarian Ertzaintzak zauritutako zalea
“Badirudi bideoko irudiak moztu eta difuminatzen ari direla, haiek kontatzen ari direnarekin bat egin dezan”

Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]


2024-10-24 | Jon Torner Zabala
Jokin Aperribay, Realeko presidentea: “Maccabi gerrarekin lotzea bidegabea litzateke”

Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]


2024-10-22 | Jon Torner Zabala
106 futbolarik FIFAri eskatu diote Aramco enpresarekin duen akordioa hausteko

Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.


2024-10-21 | Jon Torner Zabala
Movistar-ek eta Ligak zentsuratu egin dute San Mamesen Zabaleta eta Tembari egindako omenaldia

1980an Everesteko gailurrean ikurrina paratu zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia eskaini diote larunbatean San Mamesen, Athletic-en partida hasi aurretik. Mendizaleak txalo artean hartu dituzte zaleek, une ederra izan da, baina Movistar telebista kateak eta Futbol... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Ehunka txirrindulari mobilizatu dira harrobiko kirolarien lasterketak “normaltasunez” antolatzea eskatzeko

Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Eguneraketa berriak daude