argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz-1976tik Bilbo-2014ra

Juan Mari Arregi 2014ko otsailaren 27a

Martxoaren 3an 38 urte beteko dira poliziak Gasteizko bost langile hil zituenetik, euren eskubide sozial eta laboralen defentsan greban ari zirela. Sarraskia poliziak egin zuen, baina Fragak eta Martin Villak gidaturik. Kapitalaren kudeatzaile politikook, zurruntasunez, grebalariek aldarrikatzen zutena negoziatzeari uko egin zioten. 38 urte geroago, martxoaren 3an, Bilbo kapitalismoaren nazioarteko egoitza izango da, Foro Global España 2014: de la estabilidad al crecimiento (Espainia 2014 Foro Globala: egonkortasunetik hazkundera) bilkura egingo baitute. NMF, ELGA, EBZ, Europako Batzordea eta beste hainbat erakunderen ordezkariak izango dira bertan. Kudeatzaile politikoek eta ohiko gobernuek –Madrilgoa zein Gasteizkoa–, ez dute dudarik izan harrera egiteko. Urkullu lehendakariak hasiera emango dio foroari eta Espainiako presidente Rajoyk itxiko du.

Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialak eskatu du mobilizatzeko, jendarteari inposaturiko murrizketen arduradunak salatzeko. Buruzagi horiek soldata milioidunak dituzte eta eurek inposatu dituzte langabezia, bazterketa soziala, pobrezia, eta prekarietatea ekarri dizkiguten politika kapitalistak. Euren erruz izoztu dituzte soldatak eta pentsioak, eta laguntzak murriztu. Eurek erreskatatu dituzte bankuak diru publikoz. Eurek mantentzen eta babesten dituzte paradisu fiskalak. Euren politiken ondorioz sortu da immigrazio politiko eta ekonomikoa, eta bidean hil dira ogi eta askatasun bila joandako asko eta asko, Ceutan, Melillan eta Lampedusan gertatu bezala. Eurak berak dira, behar izanez gero, Gasteizko 1976ko sarraskia errepikatuko luketenak. Lehendakariak, EAEko ordezkari politiko gisa, egun horretan sindikatuen eta eragile sozialen alboan egon behar luke, kalean, politika horiek arbuiatzen. Ez da egongo ordea, bera ere kapitalismo basatiaren kudeatzaile politiko bihurtu delako.