“Biziraupena kontsigna guztien gainetik dago”

  • Nobela ekarri zuen udazkenean Garbiñe Ubeda Goikoetxeak. Hobe isilik (Elkar, 2013), Augustin Zubikarai beka jasotako proiektua mamiturik heldu zitzaigun. Aitona desagertuaren bilako ibilia, batetik, narratzailearen barne munduko korapilo bihurria, bestetik. Kazetari genuena plazara irten da, idazle egina.

"Egia erdiak egia osoaren antzik izango ote duen ez dakigunean, hobe isilik".Zaldi Ero

Hobe da isilik?

Askotan bai, nahiz eta kosta egiten zaigun isilik egoten. Ez dakigu isilik egoten.

Hobe da egia gorde?

Egia erdizka dakigunean, hobe da isilik, bai, egiaren muina ondo jakin arte behintzat. Ez baitakigu egia erdi horrek osoaren antzik izango duen ere, eta min handia sor daiteke, atzerabiderik ez duen mina, gainera.

Zerk jarri zintuen Hobe isilik eleberri honen bidean?

Etxean eta nire baitan bizi izan dudan prozesuak. Bizitzako urte dexente eman ditut modu batera edo bestera aitonaren bila. Ez buru-belarri horretara jarrita, baina mentalki bila. Harroa eman badezake ere, aurkituko nuela pentsatzen nuen beti. Bilatze horrek bidea egin zuen Hendaian, hara bizitzera joan ginenean. Frantziako administrazioaren funtzionamendua apur bat ezagutzeak pauso bat harago ematen lagundu zidalako. Desagertze horren atzean dagoen historia ikaragarria kontatu beharra neukan, baina ez gure etxekoentzat soilik, denok ulertzeko klabean baizik. Gure aitona pertsonaia bihurtu eta bere historia kontatzea denon onerako izan zitekeela uste nuen; nobelan erresolbitzeke utzi ditudan inkognitak barne.

Fikzioa baliatu duzu gertaera erreala oinarri duen narrazioan…

Zalantza izan nuen kazetaritzaren bidetik jo, edo fikziotik abiatu, literaturatik. Baina kazetaritzak –kazetaritza zurrunak, bost uve bikoitzak, esan nahi dut–, nekatuta nindukan. Bide estu horrek ez zidan laguntzen aitonaren historiaren bilaketan egin ditudan hausnarketak, kezkak eta minak kanporatzen. Fikzioak, berriz, ate guztiak zabaltzen zizkidan.

Aitona desagertu zitzaizuen 36ko Gerraren ostean: Jose Ubeda Apaolaza… Haren historia da Hobe isilik

Gutxi gorabehera, bai. Altsasun sortu zen, ama altsasuarra, aita Madril partetik etorria, nonbait. Paralelismo handia dago, beraz, gure aitonaren eta liburuan ageri den desagertuaren artean. Paralelismo handia, batetik, eta distortsio handia ere bai, bestetik! Gauzak nola gertatzen diren eta ageri diren pertsonaiak ez dira, zehazki, gure historia, nahiz eta, oinarria, gure familiaren historia den.

Ez da zuen etxean aitonaren historiari heltzen diozuen lehenengo aldia. Zure anaiek ere kontagai erabili zuten Bide ertzean-en Non dira diskoan…

Aipatu zituzten bai, aitona, birraitona… Esate baterako, birraitona [Jose Ubeda Sanchez] Urbasako zuloren batean dago. Gure etxekoak aipatu zituzten, bai, baina gerrak sortutako biktimak hartu zituzten, oro har, kantagai. Nik, aldiz, historia zehatz bat hartu dut, historia zehatz baten bila abiatu naiz liburuan.

Aitonaren historiarekin batera –hark egin zuen balizko bidearekin batera–, narratzaileak aitonaren bilaketan egiten duen barruko bideak ere garrantzi handia du Hobe isilik nobelan. Narratzailearen gogoeta, kontraesan, atzera-aurrerak…

Aitonaren historia baino gehiago, desagertu horren familiak egin duen bidea interesatzen zitzaidan. Azkenean, gerrak lorratz luzea izaten du, eta desagertuak ondoan bizi ditugun mamuak dira. Hura estaltzen saiatzen gara, baina alferrik da, beti ageri du hondarra, eta hondar horrek noraeza eta kezka eragiten dizkio familiari. Nire kasuan, esaten dizut, desagertuaren historia baino gehiago, hark utzitako zuloak bere familian zer eragin zuen kontatu nahi nuen.

Horixe irakurri genion Bernardo Atxagari argiako orrialdeotan Nevadako egunak aitzakia. Kanpoko Nevada baino, bere barruko mundua kontatzea interesatzen zitzaiola…

Tira, oraindik ez dut Nevadako hori irakurri, baina aitonaren historia kontatu nahi izan banu, besterik gabe, nobela historikoa egin beharko nukeen, eta niri hori ez zait axola. Gainera, ezinezkoa da aitonaren larruan sartzea. Guk gaurko eguna bizi dugu, onerako eta txarrerako, eta Hobe isilik da nik neure buruari –neure buruari lehenengo–, esplikatu behar niona. Ondoren dator nire barruko kezka eta pentsamenduak sozializatzea, nolabait.

Besteak beste, galderak sozializatu dituzu irakurlearekin. Narratzaileak bere buruari egiten dizkion hainbat eta hainbat galdera, erantzunik ez dutenak, aitona galdu hark beste inork erantzun ezin dituenak…

Ez nuen ezer epaitu nahi, nahiz eta horretarako joera dugun denok ere: testuingurua behar bezala ezagutu gabe, dena gure galbahetik pasatzekoa. Joera dugu, eta, beharbada horretaz kontziente naizelako, agerian uzten saiatu naiz liburuan. Narratzailea etengabe saiatzen da horretan ez erortzen, eta epaitu ordez galderak planteatzen.

Nola asmatu duzu bilaketa horren historia egituratzea?

Ez dakit, bada, nola egin dudan ere, ez dut horretarako esplikaziorik. Jakin nekien bakarra da protagonistak bizirik balego bezala hitz egingo ziola desagertuari.

Augustin Zubikarai beka jasorik dator Hobe isilik

Proiektua aurkeztu nuenean, zer kontatu nahi nuen azaldu nuen, hau da, aitonaren bila hasiko zela narratzailea eta, bitartean, familiari gainbegiratua egingo ziola, askoz gehiago gabe. Jakina, horrekin batera, lagina bidali nuen. Ordurako idatzia neukan hasiera, puska bat. Uste dut laginagatik emango zidatela saria, nire azalpena ez zen-eta apartekoa… Ni, izan ere, oso baldarra naiz gauzak azaltzen, gauza egin arte ez dakit zer egin nahi dudan esplikatzen. Hortaz, lagina idaztea zen modurik onena, eta, gainera, ezinbestekoa zen. Ez nuen sariketa horretarako asmorik, baina albotik etorri zitzaidan oharra. Bidali nuen, saria jaso nuen, dirua, batetik, eta liburua zabaltzeko tranpolina, bestetik. Tartean, idazteko obligazioa ere bai, jakina, eta euskaldunok hitzekoak omen garenez, egin dut, epearen barruan…

Epe barruan idatzi beharrak presioa ere badakar…

Epeak ez du idazteko modua ezertan baldintzatu. Bestela ere, idazteko asmoa nuen, eta horrela idatziko nuela uste dut. Urtebete gehiago izan banu, baliteke beste bukaera bat izatea liburuak, urratu ahala egin dudalako bidea. Liburua idazten hasi nintzen eta ailegatu naizen lekura ailegatu naiz. Erditik aurrera garbi nekien bukatu den puntuan bukatuko zela nobela. Liburua argitaratu ondoren jaso ditudan zenbait komentario entzun eta gero, berriz, beharbada luzatu egingo nuen liburua, haratago joango nintzen.

Noraino?

Aitona desagertuari zer gertatu zaion gutxi gorabehera jakinda, bonba horrek zer uhin hedakor duen etxe baten barruan kontatuko nukeen. Hori ere esplikatuko nukeen, seguru asko, lana idazteko bi urte izan banitu. Baina hori ez dago jakiterik. Tira, bigarren partea ere egin liteke, ezta? Kar, kar… Epea jarri zidaten, eta beharrezkoa da, bestela ez dago lana bukatzerik, erraza da gauzak geroko uztea, lana eta familia nahikoa delako. Epeak, berriz, idazteari lehentasun bat ematea dakar: hitz eman duzu, bukatu egin behar duzu. Eta bukatu behar duzu, ondo, gainera! Uste dut luzapena izan zezakeela nobela honek, baina, aldi berean, uste dut puntu horretan bukatuta, eta pausatu dituen galderak pausatuta, nahikoa egin duela. Iruditzen zait! Nik esanda itsusia da baina! Kar, kar…

Zeure burua husteko, baketzeko balio izan dizu liburuak?

Beharbada, bai. Neure buruari, eta gure aurreko bi belaunaldiei, beharbada, haien bizitza duintzeko balio izan du. Hainbeste lotsarazi zituzten!... Gerratik galtzaile irteten diren guztiak dira lotsaraziak eta zanparaziak, eta, azkenean, gertatu zaiena lotsatzekoa dela sinestera iristen dira, eta, ondorioz, isildu egiten dute. Horregatik, eta errepresioagatik, jakina. Niri, maila batean, kezkak kanporatzen lagundu dit, baina denak ez dizkit burutik kendu.

Aspaldi, albiste dugu egunero: hobiak dira batean eta bestean, mendi-zulo eta bide bazterretan, han eta hemen... Zenbait elkarte, lanean, historia hori berreskuratzeko guztizko lanean, eta, zenbait erakunde, aldiz, memoriaren legeak berandutzen, oztopatzen ari ez direnean… Zer dio zure barruak horrelakoak irakurtzean?

Sekulako kontraesanak pizten dizkit gaiak. Batetik, ilusioa eta esperantza izaten ditut, pentsatuz halakoren batean gure birraitona ere azalduko dela, zaila izango da, baina. Urbasako zuloetan dauden ehunka hil horiek ateratzea, eta, gainera, identifikatzea, ez da lan erraza izango. Baina, hala ere, hortxe, birraitona agertuko den esperantza, eta zor den egia puska azalera ekartzeko esperantza ere bai. Bestetik, hor dira amorrua eta malaostia. Iruditzen zait gerra pasatuta ere, hainbeste urte igarota ere –hirurogeita hamar urte baino gehiago–, lehen bezala gaudela, gauza askotan behinik behin, eta, zer esanik ez, Nafarroan. Gauzek bere horretan segitzen dute: batzuek, lehen bezain zanpatzaile eta, beste batzuek, berriz, lehen bezain zanpatu. Iruditzen zait, eginahalak eginagatik ere, hainbat gauza sekretupean geldituko dela, ezkutuan, betiko.

Aurkezpenean zuk esana: “Hobe da belauniko bizi, zutik hil baino”, Che Guevararen eta gainerakoen hitzak irauliz, alegia.

Esaldia irauli nuen, bai, eta apropos. Frontean, lubakian, txikizioaren erdian dagoen soldaduak ezinbestekoa du kontsigna heroikoa, harrapatuta dago, eta zentzua eman behar dio suntsiketari. Baina gerrak ere badu egunerokotasuna, historia liburuetan aipatzen ez den arren, badu babarrunak eltzetik atera behar hori, eta errutina horretan alderantzikatu egiten da kontsigna: biziraupena kontsigna guztien gainetik dago, bizitza da helburua, kosta ahala kosta aurrera egitea, horretarako egin beharrekoak oso heroikotzat joko ez diren arren, esate baterako belaunikatu. Bizitzarik gabe ez dagoelako ezer. Bizitza dagoen bitartean esperantza ere badelako. Eta ez da alferrikako esana: iraun, etorriko da-eta buelta.

Iaz argitaratutako liburuen artean, aipua eta sona jaso du zure Hobe isilik eleberriak Berria egunkarian, Jakin aldizkarian... Laudorioak han eta hemen…

Ez dakit, bada, zer esan. Sekulako beldurra izan diot beti literaturaren parafernaliari. Oso ghettoa iruditu izan zait beti, oso sistema itxia, kofradiaz josia eta egurra emateko zalea. Nobela bukatu nuenean, horren gainean esango zutenari kasurik ez niela egingo erabakia nuen. Beharbada besterik idazteko gogoa kenduko zidatelako. Aintzat ez hartzen saiatu naiz... Denok ditugu beldurrak.

Hobe isilik galtzarbean hartu eta hemendik hara eta handik hona ibiltzeko asmorik baduzu?

Ez dakit. Bizpahiru irakurle-klubek deitu naute, saioren bat edo beste egin dut –oso gustura ere, Iruñean–, baina, heltzen da momentu bat… disko akastunaren sentipena sartzen zaizu… Uste dut nire lana egin dudala: liburua idatzi dut, galderak egin ditut bertan, eta galdera horiek dira nire ekarpena, eman dezagun. Hortik aurrera, nork bere erantzuna bila dezala, ze bataren eta bestearen erantzunak ez dute zertan bat izanik. Nork berea bila dezala. Jendeak nirea nahi baldin badu, emango diot, baina, beharbada, desilusioa izango du entzundakoan. Deitzen duenak hobe du hori jakin. Kar, kar…

Hitzez idatziz

“Garbiñe Ubedak idazten du, hitzez ez dakielako bere burua horrela agertzen. Hitzez motza izanez gero, errazago da idatziz nork bere burua adieraztea. Beste batzuek musika bidez egiten dute. Nik, idatzian bilatu dut nire bidea. Berandu deskubritu dut. Kazetaritzak ireki zidan bidea –horretan eman ditut urteak–, eta berandu ausartu naiz literaturan”.

Narratzailea

“Ez, narratzailea –pertsona hori–, Garbiñe Ubeda baino zuhurragoa da, eta ordenatuagoa, besteak beste. Badu Garbiñe Ubedak ez duen segurtasuna. Sortzen dugun edozein pertsonaiak du egiletik zerbait. Hori horrela da. Eta liburu honetako narratzaileak niretik dexente du, baina Garbiñe Ubedak baino nortasun eta indar handiagoa du, seguru aski. Ez daukaguna proiektatzen dugu askotan”.

Garazi Goiaren iritzia

“Bi irakurralditan bukatu dut Hobe isilik. Zein eder. Hain ongi kontatzen du istorioa! Ez dakit antzeko egoerak biziko zituen, edo istorioaren zenbat izango den erreala –baina gehiagotan esan dudan bezala, horrelako sentsazio hunkigarriak eta, askotan, oilo-ipurdia sortzen badu narrazio batek, zer axola dio erreal, irreal, fikzio edo zer den–. Esaldi askorekin gelditu naiz, ‘Denok dugu sekreturako eskubidea, baita hil ostean ere’… Izan ere, liburuan kontagai dituen bezalako sekretuak eta, oro har, sekretuak ezkutatzea mingarria eta gogorra izaten da. Askotan, ordea, sekretua desestaltzeak ez ote digun min gehiago emango asmatzea hain da zaila. Zer da hobe, sekretua jakin edo ez jakin? Hortxe dilema”.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 02a
Azoka
Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude