argia.eus
INPRIMATU
ETAren desarmatzea
Sentipen kontrajarriak

Joxemari Ostolaza 2014ko otsailaren 28a

60ko hamarkada aldera izan nuen Espainiako Polizien berri. Hamazazpi urte nituen kuadrillako bi lagun atxilotu, egurtu eta bi egunera inongo akusaziorik gabe libre utzi zituztenean. Ordurako, jada deseuskaldundua nintzen, hiritarra izan nahi nuen, mundu moderno estandarreko biztanle. Eta euskarak baztertzen ninduen, ni ez nintzen baserritarra. Atxiloketa hark barrena mugitu zidan. Manzanas izeneko komisarioaren berri ere orduan izan nuen, bi lagunak ostiatu zituena zen bera hain zuzen. Egoera haren oinarria ezagutzea bilakatu zitzaidan obsesio. Belarri onekoa, politikan aurkitu nuen mundu berri bat, ezkutukoa, arriskugarria. Inguru hurbilean joan nintzen ezagutzen zenbait jenderen mundutxo konspiratzailea, ezkutuan zeramatena, fidagaitza. Erakarri ninduen eta pixkanaka nire egin nuen. Lehentasuna hartu zuen, eta ordura arteko zaletasunak gibelean uzten hasi nintzen. Euskara, berdintasunean oinarritutako gizarte berria, Euskal Herria.

Hori guztia gauzatu nahi izanak ETAra eraman, eta koartelilloan eta komisaldegian bukatu nuen. Bertan ikasi nuen tortura ez zela filmetako elementu dramatikoa, tortura gure inguruan bizi ziren polizi batzuen ohiko jarduna zen. Gure auzoan bizi ziren, haien seme alabak gure artean zebiltzan. Kartzelan hartu nuen determinazioa, neure bizia burkideekin batera aipatu hiru helburu horiek lortzeko zuzenduko nituen motorrak eta ibilgailua. Beste guztia, horren peko. Laurogeiko hamarkadan hasi nintzen borroka armatua desegokitzat jotzen. Inertziak inertzia, ez nion etekinik aurkitzen eta sozialki ahultzen gintuela baieztatzen hasi nintzen, inguruko zenbait lagun eta lagun-minen desadostasun mingarriak minbizi.

ETAk ekintza armatuak albora uzten zituela iragartzeak poztu ninduen, Aljerreko porrotak eragin zidan frustrazioa arinduz. Lagunak dauzkat kartzelan eta erbestetan. Emozionalki gaizki daramat aldebakarreko prozesu hau, lagunen bukaerak gehiago arduratzen nau erakundearenak baino. Politikoki erakundeak duinki bukatuko duela ez dut dudarik, eta bere jendearen alde ahal duen guztia eginen duela badakit. Baina nik ez bezala, bere bizitza osoa honetan eman duen gehiegi ezagutzen dut, holako bukaera inoiz gertatuko ez zenik sinetsita dena inbertitu duen lagun sobera dut, politiko profesionalen jardueratik at gure laguntza partikularra beharko duten horiek dute nire barrena okupatzen. Sentipen kontrajarrietan bizi dut hau. Burua eta barrena bi eginda.