argia.eus
INPRIMATU
Blogetan! topaketa
Bederatzi blogariren bizipenak
  • Martxoaren 6an, bederatzi blogarik euren esperientziak eta hausnarketak elkarbanatuko dituzte Blogetan! Euskal blogarien topaketan, Bilboko Euskararen Etxean. Blog izarren bila lehiaketako irabazleen sari banaketa ere egingo da.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko otsailaren 26a

Azkue Fundazioak Argiaren laguntzarekin antolatu du Blogetan! topaketa. Martxoaren 6an, Bilboko Euskararen Etxean, arratsaldeko 17:00etan hasiko da ekitaldia eta bi zati izango ditu. Lehenengo, blogen inguruko hainbat hitzaldi eta mahai-ingurua izango dira, eta ondoren Blogetan! Blog izarren bila lehiaketako irabazleen sari banaketa egingo da.

Jardunaldietan, Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acacusok ongietorria eman ostean, blogak ikuspegi teorikotik hasiko dira lantzen. Hortaz, Gorka Palazio EHUko Ikusentzunezko Teknologietan katedradunak hitzaldia eskainiko du. Ondoren, blog arrakastatsuak elikatzen ari diren lau protagonistak hartuko dute hitza eta haien esperientzia lehen eskutik jasoko dugu. Hizlari arituko dira Imanol Epelde (Etxepare Rap eta 27 zapata blogak), Oier Peñagarikano (Itsumustuan bloga), Amaia Nicholson eta Ibai Etxarte (Hazitegia bloga) eta Iñigo Errasti (31eskutik.com, EIZIEren egitasmoa).

Lucas Aisak enpresa eta marketing ikuspegitik aztertuko ditu blogak. Zaragozarra (Espainiako Estatua) marketingean eta online estrategietan aditua da, eta sarean Calvo con Barba ezizenez ezagunagoa. Bere blogean (calvoconbarba.com) trebeziaz lantzen du social media gaia, alegia, herritarrek sarean sortutako komunikazio plataformen mundua.

Lehiaketaren sari banaketa hasi aurretik mahai-inguruan arituko dira lau euskal blogari: Marijo Deogracias, Maite Goñi, Juanra Madariaga eta Haritz Rodriguez, Gorka Bereziartua Argiako kazetariak gidatuta.

Lehiaketako finalistak

Abenduaz geroztik 115 blogek eman dute izena Blogetan! Blog izarren bila lehiaketan parte hartzeko. Publikoaren bozek erdia balio dute eta beste erdia epaimahaikideen botoek. Denek euren lanak eginda, lau kategorietako hiru blog finalistak aukeratuta daude. Bosgarren saria, 2013an sortutako euskarazko blog onenak jasoko du eta martxoaren 6ko sari banaketan jakingo da zein den irabazlea. Lau kategorietako finalistak ondokoak dira:

Kultura kategoria
• AnnieSdelMono
• Klak… eta
• 27 zapata

Gizartea eta politika kategoria
• Euskerabili
• Auzia euskaraz
• Arma tiro klik

Aisia kategoria
• Katxonderstango Errepublika
• Tropela bloga
• Izparringia

Zientzia eta teknologia kategoria
• TeknoZientzia
• Euskalnatura
• Zientzianet