argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
6.000 urte jakiak espeziaz ontzen

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko otsailaren 27a

Hayley Saul Yorkeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) bioarkeologoak Europa Iparraldean duela 6.000 urte jakiak egosteko erabiltzen ziren zeramikazko hainbat ontzi aztertu ditu. Morkoen barnealdea karraskatuta lortutako laginetan, besteak beste, egungo baratxuri-belarraren (Alliaria petiolata) antzeko landarearen arrastoak topatu ditu. Balio nutritibo eskaseko landarea izaki, Neolitoko gizakiek espezia gisa, jakiak urrintzeko, erabiltzen zutela ondorioztatu du. Saulen hitzetan, “nekazaritzarako trantsizio garaiko ehiztari-biltzaileek jakiak prestatzeko jarrera sofistikatua zuten”.