Derrigorrezko Hezkuntza eredu neoliberalera biratu nahi duen LOMCE legea onartu ostean, unibertsitatea dute orain jomuga: Bolonia prozesuak landaturiko haziari segida emango dio Espainiako Gobernua prestatzen ari den erreformak, hezkuntza merkatuko produktu bilakatu eta pribatizatzeko bidean.
Aldaketa pedagogiko onuragarria ekarriko omen zuen Boloniak, homologazioa Europako titulazioekin, bikaintasuna goi mailako hezkuntzan. Errealitatea da elitearentzako unibertsitatetik gero eta gertuago dagoela egungo eredua, tasak handitu direnez matrikulak batez beste %21 garestituta, bekak murriztuta, kasik derrigorrezko bihurtu dituzten graduondokoen prezioa izugarri igota… Irakaskuntza erabat presentzialak eta kreditu sistemak fakultatean sartuta du ikaslea goiz eta arratsalde, enpresa pribatuak eskumenak hartzen hasi dira unibertsitatean, eta homologazioak ateak ireki dizkio hezkuntzaren salerosketari.
Ikasle Abertzaleak (IA) kolektiboaren iritziz, Boloniaren atzean unibertsitate anglosaxoien eredu finantzariora hurbiltzeko eta ondorioz hezkuntza pribatizatzeko eta merkaturatzeko helburua dago, Europar Batasunaren EU2015 plangintzaren baitan. Estrategia horri erantzungo lioke José Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroa prestatzen ari den unibertsitate erreformak ere. Ikasturte hau amaitu aurretik aurkeztuko duela uste da eta Wertek hautaturiko aditu talde baten txostena du abiapuntu eta zimendu: Espainiako unibertsitate sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna berritu eta hobetzeko proposamenak. Txostena aztertu dute Ikasle Abertzaleek, aste honetan kaleraturiko EU2015 unibertsitateko erreforma. Zapalkuntzan sakontzeko bidea liburuxkan. Hona adituek proposatutakoaren hainbat gako, Hego Euskal Herrian eragina izango duen unibertsitate erreformak ekarriko duena aurreikusteko baliagarri.
LOMCEk egiten duen moduan, kanpo ebaluazio publiko eta aldizkakoak proposatzen dira, “kanpokoak, objektiboak, ekonomikoak eta sinpleak”. Ebaluazio hauek egiteko bi aukera zehazten dira: agentzia berri bat sortzea edo ziurrenik aurrera aterako dena, ANECA agentzia arduratzea horretaz. Bolonia planaren oinarriak zedarritu zituena eta bere baitan enpresa handi ugariren interesak ordezkatzen dituena da ANECA, hortik atera kontuak zer nolako irizpideen arabera ebaluatuko dituen unibertsitateak. Aurrera ateraz gero, ebaluazio honen garrantzia handia izango da, emaitzak publikoak izateaz gain –unibertsitateak beraien artean lehian jartzeaz gain– finantzazioa ranking horren arabera egingo delako, eta ez gehien behar dutenak aintzat hartuta –batzuk sarituz eta baliabide gutxien dutenak gero eta gehiago hondoratuz edo zuzenean desagerraraziz–. Hots, kalifikazio ona lortze aldera, ebaluazio horien irizpideak jarraituko dituzte unibertsitateek, edukietan nahiz funtzionamenduan. Eta zein irizpide dira horiek?
Aditu taldeak irakaskuntza eta prestakuntzarekin baino, ikerketa arloarekin lotzen du unibertsitatearen kalitatea. Eta ikerketek enpresen interesak zenbat eta egokiago ase, orduan eta hobeto baloratuko da unibertsitatea: “Diru publikoz finantzatuta, enpresek negoziorako eta etekinak handitzeko behar dituzten ikerketak egiteko unibertsitatea baliatzea proposatzen da, eta horren arabera neurtzea kalitatea, ikerketa horien kopuruaren arabera. Horrek izen bakarra du: merkantilizazioa”, salatu du IAk.
Unibertsitateen gobernurako, “gardentasuna” eta “profesionalizazioa” eskatzen ditu txostenak, praktikan gestioa hezkuntza komunitatetik urrunduz eta kudeatzaile pribatuak txertatuz; eta “organoen arrazionalizazioa” ere aldarrikatzen du, praktikan erabaki-organoak kopuruz, tamainaz eta funtzioz murriztuz eta boterea esku gutxitan kontzentratuz. Besteak beste, adituen arabera klaustroa kontsultarako baino ez da izango eta dekanoak errektoreak izendatuko ditu zuzenean. Errektorea bera ere –jada ez luke unibertsitate barruko norbait izan beharko– Unibertsitate Kontseiluak erabakiko luke, eta kontseilu honetan unibertsitatetik kanpoko jendeak hartuko luke parte –autonomia erkidego bakoitzeko gobernuak hautaturikoak; “enpresa munduko” jendea eta “pertsona ospetsuak” gomendatzen dituzte adituek–. Txostenak azpimarratzen du errektorea izatea ez dela bateragarria politikan, sindikatuetan edo funtzionaritzan aritzearekin, baina ez du ezer esaten enpresari izateaz, eta fakultate anglosaxoietan ikusi dugu unibertsitateak gobernatzeko kanpoko jendea sartzen joan diren heinean, enpresaburuen esku geratu direla sarri.
Irakasleen “desfuntzionarizazioa” proposatzen da eta horretarako, oposizio bidezko hautapen prozesuari berri bat gehitu nahi zaio: unibertsitateak berak irakasle titularrak eta katedratikoak kontratatu ahal izatea –irakasleriaren %49 horrela hautatu ahal izango litzateke–. Ondorioz, irakasle onenak aukeratzeko unibertsitateak lehian ariko direla dio IAk, eta diru gehien dutenak gailenduko direla. Irakasle horiek, gainera, enpresa pribatuen moduan kontratatu eta kaleratu ahalko lirateke eta aukeraketa irizpideak ere ez daude batere garbi: oposizio edo bozka bidezko hautaketa tresnak gainetik kenduta, “dekanoak, ikerlariak, errektoreak eskuz hautatzeko irizpideak proposatzen direnean eta sustatuko dena nazioartean ezagunak diren pertsonak kontratatzea denean, irizpide pertsonalen arabera profil zehatzeko gizonak (bereziki)” ez ote dituzten kontratatuko galdetzen dio bere buruari ikasleen kolektiboak.
Unibertsitateen finantzazio publikoa arriskuan dagoela argudiatuz, bide berriak proposatzen ditu aditu taldeak. Tartean, –berriz ere– unibertsitatetik kanpo dagoen jendez osatutako organoa eratzea, erabaki “sostengarriak, eraginkorrak eta arrazionalak” hartzeko bereziki enpresa arloko ordezkariak hobetsiz. Enpresa munduarekin elkarlana eta finantzazio akordioak lortzea, unibertsitate bakoitzari tasak eta prezioak arautzeko eskumen handiagoa uztea, ikasleentzat bankuek beka maileguak ugaritzea –eta bekak “bikaintasunaren” arabera banatzea, ez beharraren arabera– edota eraginkorrak ez diren kostuak saihestea gomendatzen du –praktikan, langile gehiegi dagoela irizten denetan jendea kaleratzea, esaterako–. Hezkuntzaren funtzio sozialari errentagarritasunaren logika gailenduko zaio, azken batean.
Titulazio gehiegi omen dagoela-eta, ikasketak sortu, mantendu edo ezabatzeko irizpide nagusietakoa ikasketa horrek “baliabide ekonomikoak atzemateko duen gaitasuna” izango da eta matrikulatuen kopuru gutxienekoak ezarriko dira, titulazio bat eskaini ahal izateko. Hala dio txostenak. Eredu anglosaxoitik eratorritako edwed chairs edo izendun katedrak ere proposatzen dituzte, alegia enpresa pribatuek finantzaturiko gradu eta ikasgaiak. Ez da zailegia asmatzea zein ikasketa mota aterako diren aurrera eta zein ez, batez ere kontuan hartuta merkatuarekiko lotura handia izango dutela eduki, praktika nahiz ikerketek. Halaber, campusak espezializatzearen alde eta karrera bera toki ezberdinetan eskaintzearen aurka dago txostena, ikasle eta irakasleen mugikortasuna behartuz. Testuinguru globalizatu horretan, pentsatzekoa da ingelesak garrantzi are handiagoa hartuko duela eta –ikasgaien bikoiztasuna saihestea xede izanik– euskara ez dela egongo lehentasunen artean. Espezializazioa batik bat graduondo eta masterretan sustatzea da asmoa, beste behin baliabide ekonomiko urriagoak dituztenak goi mailako ikasketetatik aldenduz.
Unibertsitatearen –hezkuntzaren– egiturari berari astindu ederra emango dio erreformak, puntu horiek guztiak –eta beste hainbat– betetzen badira. Behin betiko idatzia oraindik aurkeztu ez duten arren, norabidea zein den argi uzten du txostenak, eta ondo taxututako plangintzaren barruan kokatzen dute Ikasle Abertzaleek: Zerbitzuen Salerosketarako Akordio Orokorra aipatzen dute liburuxkan. Munduko Merkataritza Erakundean dauden 144 herrialdeetako gobernuek sinatutako akordioa da eta zerbitzu publiko gehienak erregulatzen ditu, tartean hezkuntza eta osasuna. Finean, oinarrizko zerbitzuak eta zerbitzu publikoak merkatuaren esku uzteko eta pribatizazioari ateak irekitzeko bidea da hitzarmen hori.
Datorrenari nola aurre egin? Gaizka Azketa IAko kideak garbi du: “Unibertsitateak daraman neoliberalizazio prozesua azalarazi eta honen aurka borrokatuko dugu, era eraikitzaile batean. Fakultatez fakultate desobedientzia ekintzak eramango ditugu aurrera martxoan zehar eta M27ko ikasle greba orokorra eta gero hainbat dinamika jarriko ditugu martxan unibertsitateetan, Euskal Eskola Nazionala helburu”.
Finantzazio beharraren eta dibertsifikazioaren aitzakian, molde disimulatuagoan batzuetan eta ageriago bestetzuetan, enpresa pribatuek unibertsitateetako ateak gurutzatu dituzte dagoeneko. Ohikoa da kafetegi pribatuak, freskagarri jakinen makinak edota banku sukurtsalak fakultateetan aurkitzea, baita babesletza eta iragarkiak ere pasillo, kirol instalazio, bulego edo testuliburuetan. Eroskik supermerkatua ireki berri du EHUren Leioako campusean, Liburutegi Nagusiaren eraikinean. ExxonMobil petrolio korporazioak prentsa askatasunaren inguruko masterra eskaintzen du AEBetako unibertsitate batzuetan, eta 133 ikastetxetako hainbat zerbitzu kudeatzeaz arduratzen den Edison enpresak hezkuntza saioak ematen ditu telebista estatubatuarrean: hango eskolen %40tan ikusten dute saioa, 12 minutu egunero, horietatik bi minutu iragarkiei eskainiak.
Hain urrutira joan gabe, azalean PortAventuraren babesletza daraman Munduko kulturak testuliburua landu dute Kataluniako hainbat ikastetxetan: Generalitateak homologatuta, gizarte zientzietan erabili dute eta kultura maia, azteka, Txina, Polinesia eta Far West jorratzen ditu liburuak, hain juxtu parke tematikoan aurki daitezkeen kulturak. Liburuko argazki batzuk, gainera, PortAventuran ateratakoak dira eta ikasgaia gainditzeko haurrek parkera joan behar izan dute, sarrera eurek ordainduta.
Endowement eredua ere arriskutsuki ari da ugaritzen: enpresek ikerketa eta ikasketa jakinetan inbertitzen dute, normalean etekina ateratzeko asmoz, esaterako ikerketaren jabetza eskuratuz –edo zati batena–.
Ikasle Abertzaleen izenean martxoaren 17ra arteko dinamiken eta eguna beraren balorazioa plazaratu dute. Jarraian irakurgai.
“Ikasle baterajotze nazionala” deitu dute Ikasle Abertzaleek martxoaren 17an, Euskal Herriko herrialde guztietako borrokak bateratzeko asmoz.
Milaka ikaslek Bilboko karrikak hartu dituzte erreformei aurre egiteko Bizkaiko Ikasle Abertzaleak, Bilboko eta Leioako ikasle mugimenduak deitutako greba egunean.
Joan den astean, kalera atera ziren ikasleak, dagoeneko egosten ari diren unibertsitate erreformaren aurka protestatzeko. Erreforma oraindik aurkeztu ez bada ere, Espainiako Gobernuak eskatutako adituen txostenean oinarrituz hona laburrean aurreikus ditzakegun hainbat puntu.
“Armiarmak lehoi bat hiltzeko gai izaten dira beren sareak batzen dituztenean”, dio esaera etiopiar batek. Batasunak indarra omen dakar.
Ikasleak kalera atera dira Hego Euskal Herrian unibertsitate erreformaren barruan berriki dekretu bidez onartutako 3+2 sistemaren aurka protesta egiteko, Ikasle Abertzaleek deituta. LOMCE eta Heziberri ere jomugan dituzte ikasleek.
Espainiako Gobernuak unibertsitateetan 3+2 plana ezarri nahi duela-eta, otsailaren 26an kalera aterako dira ikasleak, Ikasle Abertzaleek deituta.LOMCEren aurka ere aterako dira, Espainiako Estatuko trantsizio garaitik egingo den 13. hezkuntza erreforma dena.
Otsailaren 26an ikasleak kalera aterako dira, LOMCE, EU2015 unibertsitate erreforma eta berriki dekretu bidez onartutako 3+2 sistemari aurre egiteko, Ikasle Abertzaleek deituta.
Unibertsitateek graduko ikasketak lau urtetik hirura murriztu eta graduondokoak urtebetetik bira luzatzeko aukerari ateak zabaldu dizkio Espainiako kongresuan PPk onartu berri duen dekretuak. Erabakiaren kontra agertu da Euskal Herriko hezkuntza komunitatea.
Desobedientziaz Irauli! Astea egin dute ikasleek, datorren unibertsitate erreformaren aurka. Manifestazio eta protesta ekintzez gain, txostena, bideoa (ikusi behean), asanblada informatiboak, tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte, erreformaren arriskuez ohartarazteko... [+]
Unibertsitate Erreforma aurrera ateratzeko estrategiaren barruan kokatzen dute Ikasle Abertzaleek azaroaren 27an onartuko den EHUren berrantolatze organizatiboaren lehen fasea, "aldaketa sakonagoei bide emateko lehenengo keinua". Erreforma "Boloniaren... [+]
Ostegun goizean bi polizia operazio izan dira Hego Euskal Herrian. Batetik, hainbat ikasle atxilotu dituzte Iruñean, martxoaren 27ko grebarekin lotuta. Bestetik, Bilbon hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, dirudienez, Troikaren Aurka Martxoaren 3an izandako... [+]