argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernua kinkan
Hauxe da herritarren unea

Bakartxo Ruiz @BakartxoR 2014ko otsailaren 20a

Nafarroako politikagintza aztertzeko sismografoa behar izaten da. Neuk behintzat halaxe bizi izan dut beti. Mugimendu sismiko-politikoek astinaldi ederrak eragiten dizkigute nafarroi, espero ez den aldagairik agertzen delako espero ez denean, eskandalu batek edo bestek eztanda egiten duelako, bat-batean batzuen zein besteen esanak eta jarrerak aldatu egiten direlako… Eta, azken batean, egoera politikoa une batetik bestera irauli daitekeelako. Eta esango nuke oraintxe, azken urteotako une politiko bereziena bizitzen ari garela.

UPN eta PSNren koalizio gobernua urtebetean hautsi zen. Haustura traumatikoa eta etengabeko arazo iturri sektore batzuentzat. UPN gutxiengoan geratuta, Parlamentuarekiko konfrontazioa gero eta latzagoa izan da. Murrizketa dinamika, Madrildik agindutakoari etengabe men egitea, ustelkeria kasuak, Nafarroako Kutxaren desagertzea, eskandaluak eta epaitegietako auzia… Horrekin batera, aurrekontuak bi urtez luzatu dira, UPNren kontrako boza izan arren hainbat eta hainbat lege onartu dira, dozena bat baino gehiagori Estatuak helegitea jarri die…

Larriena da jendartea dela honen guztiaren ondorioak pairatzen ari dena. Langabezia datuetan inoizko muga guztiak gainditu ditugu, baita bazterkerian edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonena ere. Edo inongo diru-sarrerarik ez duten familiena, kale gorrian daudenena... Eta horrekin batera, gure zerbitzu publikoen kalitatea kolokan, osasungintzan nabarmenen. Kudeaketa negargarria, dimisioak, murrizketak, pribatizazioak… Kaosa.

Murrizketarik ez. Pribatizaziorik ez. Oinarrizko Errenta, denontzat. Barcina, dimisioa. UPN, kanpora. Ustelkeriarik ez. Hauteskundeak orain. Nafarroak aldaketa behar du. Lelo hauen oihartzuna ozen entzun da Nafarroako kaleetan azken bi urteotan. Gehiengo sozial horren eskariarekiko erantzukizunez, EH Bildu osatzen dugun bi talde parlamentariook Barcinaren kontrako zentsura mozio bat abiatu genuen, hauteskundeak deitzeko xedez. Emaitza ezaguna da: PSNren abstentzioak ahalbidetu zuen Barcinak presidente izaten jarraitzea.

Ondotik, egoera sozial, politiko eta instituzionala jasangaitza izan da hilabeteotan. Eta egoera hori erabat larriagotu egin da Ogasuneko Zuzendari ohiak Lourdes Goicoechea eta Barcinaren kontra egindako salaketa eskandalagarrien ostean. Oraindik airean zebilen ustelkeria usaina areagotu eta erabat hedatu da Nafarroan. Erregimena kolokan egon bazegoen, baina lurrikara honek zutoinak oinarritik astindu ditu. Eta muturreko egoera honetan, PSN bera prest agertu da zentsura mozio bat abian jarri eta maiatzaren 25ean hauteskundeak ahalbidetzeko.

Ez dago beste irtenbiderik, egoera honek amaiera behar du. Eta horixe da gure lehentasuna, nafar jendarteari hitza ematea. Nahikoa da, nafarrok ez dugu halakorik merezi. UPNren zikloak amaitu behar du, nafar politikagintzan eta instituzioetan haize fresko eta garbiak sartu behar du, jendartearen onura xede, eta ez bestelako interes partikularrak. Estatu auzia izatea aitzakia ederra izan da Nafarroa hamarkadetan eskuin atzerakoienaren esku egoteko, nahieran xahutzeko eta bere ekonomia eta nafarron ongizatea hondamendira eramateko.

Eta orain, heldu da unea. Ez dago aitzakiarik, hauteskundeak deitzea ezinbestekoa da. Nafarroak behar duen aldaketa sozial eta politiko sakona abiatzeko, nafar jendarteari hitza ematea baita ezinbesteko lehen urratsa. Denok gara beharrezko eta, batik bat, jendartea. UPNk eta bere politikak utzitako ondorioen zama astuna gainetik kendu eta izan gaitezen protagonista. Herritarron unea da. n