Duela urtebeteko datuak dira: Espainiako Estatuan, batez beste, 4 ordu pasatxo ikusten omen da telebista egunean eta biztanleko, eta krisiarekin kontsumo horrek nabarmen egin omen du gora. Estrategia burutsua langabeziatik azkar irteteko!
Telebistan programa onak badira, bai bertoko kateetan eta bai kanpokoetan, eta ez dut ukatuko funtzio positiborik bete dezakeenik (besteak beste, hizkuntzak edo beste gai batzuk ikasteko, eta abar). Baina begi-bistakoa da merke-zurrean ere jenero asko eskaintzen duela. Oro har, gaur egungo telebistaren funtzionamenduaz eta gugan duen eraginaz jakitun izan beharko genuke, kontsumitzen duguna nola digeritu jakiteko.
Pierre Bourdieu frantziar soziologoak badu liburutxo bat interesgarria: Sur la télévision, suivi de L’emprise du journalisme (Sobre la televisión, gaztelaniaz). Era askotako zentsura ikusezinaz mintzo da, hutsalkeriaz, prentsa idatzian duen eraginaz, ezartzen duen urgentziaz eta fast thinking delakoaz, entzule-indizeen diktaduraz, eta abar.
Horren irakurketak ez badizue telebistarekin kontuz ibiltzeko gogoa sortzen, hona hemen gizonontzat, edo gizonekin familia ugaria izan nahi duzuen emakumeontzat, beste arrazoi sendo bat. Harvard School of Public Healthek egindako azterketa baten arabera (Europa Press 2013-02-05), telebistaren aurrean ordu asko ematen dituztenek %44 espermatozoide gutxiago omen dute astean 15 orduz ariketa fisikoa egiten dutenek baino. Arrazoia ez da zehazki ezagutzen, baina hipotesien artean eskrotoaren tenperatura igotzea dago, edo bizimodu sedentarioak estresa areagotzea. Beraz, itzultzaile edo antzeko lanbidedunak izan eta gainera TB asko ikusten baduzue, arrisku potoloa. Nik neuk, lehenengoa saihestu ezin eta badaezpada TB gutxi ikusten dut, eta ez, egia esan, giza haziaren kalitatea zaintzea lehentasunen artean dudalako.
Txantxak alde batera, benetan serio egin beharko genuke gogoeta TBren inbasio basatiari bide ematen dion gure jokaera zentzugabeaz: edozein tabernatara lagunekin joan eta, zuen elkarrizketaren gainetik eta nahitaez batzuen begirada lapurtuz, ia beti telebista bat izango duzue (eta barra luzea bada, bi); hiruzpalau jatetxetatik sartu orduko irtenak gara menuan ezinbestekoa zelako telebista ikustea; bi aldiz behintzat gertatu zait gonbidatuta etxe batera bisitan joan, egongelan elkartu eta TB marmarka jasan behar izatea; eta zer zentzu du elkarte gastronomikoetan lagun-taldeak afaltzeko bildu eta telebista piztuta izateak? Nola ergeldu gara horrenbesteraino?