Osasun sistema publikoa deuseztatzea erabaki du Greziako Gobernuak: sistema berri bat onartu du, funtzionario ugari kaleratzea eta lehen mailako arreta pribatizatzea ahalbidetuko duena.
Osasun Sistema Nazionala izango da ezarriko duten eredu berria. Ondorioz, 8.500 langile ingururen kontratuak eten egingo dira, eta langile horietatik batzuk berriz kontratatuko dituzte eta beste ugari kaleratu. Sistema berriak osasun aseguru-etxe baten moduan funtzionatuko du eta zerbitzuak erosiko dizkie hornitzaile autonomoei (anbulantzia zerbitzua, medikuak, diagnostikorako zentroak, klinikak…). Hots, pribatizazioaren ateak irekita utziko ditu ezarriko duten ereduak.
Nazioarteko Moneta Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europar Batasunak osatzen duten Troikak agindutako 11.000 funtzionarioak kaleratu ahal izateko, Greziako Gobernua erakundeak desegiten ari da: Irrati telebista publikoa itxi zuten –eta 2.500 langile kaleratu–, baita udaltzaingoa, Lanbide Heziketako 50 espezialitate, ospitaleak eta ikastetxeak ere, legalki funtzionarioak bota ahal izateko. Estrategia horren barruan kokatu behar dugu osasun sistema publikoa desegin eta eredu berria ezartzeko hartutako erabakia.
Gainera, Greziako Gobernuaren 2014ko aurrekontuak beste 700 milioi eurotan gutxituko du Osasunera zuzendutako diru kopurua eta ez du euro bakar bat bideratuko osasun asegururik gabe daudenak artatuak izan daitezen. Gaur egun, urtebete baino gehiago langabezian daramatelako, greziarren %30ek ez dute osasun aseguru hori.
Krisi ekonomikoa abiatu zenetik, murrizketa politika bortitza jarraituz baliabide materialak, botikak eta langileak gutxitzen joan dira Greziako osasun publikoan –hala nola, %40 gutxitu dute ospitaleetara bideratutako inbertsioa– eta ikerketek azaleratu dute ondorioak larriak izaten ari direla herritarren artean. Besteak beste, gaixo eta kutsatu kopurua hazi egin da azken urteotan eta buruko gaitzek ere nabarmen egin dute gora greziarren artean.