argia.eus
INPRIMATU
Luzaroan ekin izanaren emaitza jantzia
  • Keu Agirretxea::Behe presioaren erdigunean

    Mamusik, 2013

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2014ko otsailaren 13a

Izen handietatik harago, badira euskal musikagintzan ekinean eta ekinean lan erraldoia egiten duten bestelako musikari ia ezezagunak. Hauen uzta –wikipedian agertzen ez den arren– handia da eta askotan oso anitza. Horietako bat zalantzarik gabe Jose Mari Keu Agirretxea ondarrutarra da.

Keu Agirretxeak ezin du musika gabe bizi. Bere ibilbidea lerrootan jasotzea ia ezinezkoa da: Psychophony taldean muturreko metala landu zuen; Zain ongietorrietarako sortutako proiektu akustikoa izan zen; Etsaiak taldean punka eta hardcorea pirotekniarekin luzaroan landu zuen; JSangre-rekin indarrak batuz Governors-en aurrekari izan zen Fjord taldea sortu zuen; Keu izenpean gitarrarekin esperimentatu eta disko instrumentalak kaleratu zituen; Uek hirukotea sortu eta (ia) lehenengoz abesteari ekin zion; Keu izenpean pop kantuak akustikoan landu; Fignuh Experiencen giro akustikoak jorratzeko taldea osatu zuen. Hori gutxi balitz, 2011n Denbora Vs. Kantuak lan bikoitza kaleratu zuenetik Governors taldearekin zuzenekoak egiteaz gain, Gazta zati bat filmaren soinu bandan lan egin eta, baita ere, Fignuh Experience zein Keu Agirretxea gisa kontzertu akustikoak egiten. Hastapenetatik alboan du Mikel Arakistain baxu jotzaile fina.

Hori guztia familia eta lanarekin batera uztartu, eta sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik abestiak idatzi, sonoritatez mimatu eta etxean grabatzeko tartea hartu du. Paradoxikoki halako denbora eta eginbeharren presiopean egindako disko hau da, ene ustetan, lortu duen borobilena eta jantziena. Keu­k berak etxean grabatua eta Madrilgo Audiomatic Recordsen Jose M. Rosillok masterizatua.

Keu Agirretxearen kantuak beren kasa defendatzen dira, laguntzarik gabe, hain dira biluziak eta benetakoak, baina lan honetan, inoiz baino gehiago, ñabardura zehatzak gehitu dituzte Keuk eta bidailagunek, kantuak eskatutako tamaina justuan. Keuk menderatzen duen slide gitarrak sakontasun eta goxotasun handiagoa eman die kantuetako batzuei, folk amerikarraren eta countryaren koordenadetatik hurbil (Bakoitzean, Olatu bakoitzeko…). Gainera, bidelagunei esker, are eta urrunago bidaiatuko dute kantuek eta entzuleok: Xabi Solanoren programazioek lagunduta, Inork ez digu esaten mestizaje giroetara hel daiteke; Esteban Valcarcelen tronpetak Kubako espiritua zabaltzen du Bi izan kantuan, Eneko Mobydick­en parte-hartzearekin –ahotsean– diskoko lan ederrenetarikoa bilakatuz. Harago joanda, Isusko Ramonen saxoarekin Inperfektu eta hauskor bossa­novara eta karibear eremuetara eraman dute; eta akaso Carlos Noainen sintetizadoreek izango dute errua Indar galaktikoa intrigantea soinu banda baterako aproposa izateko.

Hitzak ere ederrak, hutsunea, oroimenak eta elkartasuna (Zubian) tarteko, Keuren eta honoko beste sinaduren eskutik: Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Eneko Garmendia eta Aiert Goenaga.