Ez omen da antzerkia, ez dantza, ezta performancea ere. Eta ororen gainetik, ez da errezitaldi musikatua. Ikus-entzunezkoek lagundutako errezitaldi dramatizatua apika?
Izenak izen, astearte iluntze batez Gasteizko Parral taberna goraino betetzeko gai izan zen Mikel Ayerbek eta Iñigo Astizek azken honen Baita hondakinak ere (Susa, 2012) liburuko zenbait poemetan oinarrituta garatu duten ikuskizuna: Hondakindegia.
Lau aulki, mahai bat, poltsa bete lur eta baso bat ardo. Eta gorputzak. Ez dute besterik behar poemek iradokitako esperimentu eta itaunak taularatzeko. Gorpuzteko. Soila bezain adierazkorra da emaitza, Astizen poemen neurrikoa; “loratze poetikorik gabea”, biluzia eta ederra.
Irakurketekin batera, poemek iradokitako akzio edo egoerak irudikatzen dituzte oholtzan: banaka edo binaka; batak errezitatu eta besteak antzeztuz –Astizek Esperimentu geofagoa l(ab)orategian olerkia errezitatu bitartean, ahoa lurrez betetzen du Ayerbek–, edota bien ahotsak tartekatuz. Horri esker, poemen oihartzuna biderkatu egiten da, paperean jada igartzen diren joerak nabarmenduz batzuetan, eta baita tarteka ñabardura berriak agerraraziz ere.
Heriotza eta mina ardatz edota abiapuntu dituzte ikuskizuna osatzen duten hainbat poemek. Haatik, umoreak ere badu tarterik: bete-betean asmatu dute Astizek poemetan bikain darabilen (auto)ironia sotila, irria piztearekin batera barrena urratzen dizuna, oholtzara eramaten.
Azpimarratzekoak dira Hasier Goikolea eta Iñigo Astizek elkarlanean egindako ikus-entzunezkoak ere. Ikuskizuna aberastu egiten dute hizlariei lipar batez arnasa hartzeko tartea eskaintzearekin batera. Aipamen berezia merezi du Esperimentu geo-domestikoa ilunpetan poemak narratzen duen ariketatik abiatuta gauzatu dutenak: hiru laguni aipatu poemako esperimentua errepikatzeko eskatu diete –etxean daudela, begiak itxi eta lehenagoko etxea gogoratzeko ahalegina egiteko– eta grabatu egin dute prozesua. Zirraragarri egiten da hiru “subjektuak” iraganak garunetan utzi dizkien hondakin erreal horiek deskribatzen ikustea.
Baina jatorrizko testuak ez du protagonismoa galtzen, eta zentzu horretan, ezin da Hondakindegiaz hitz egin Euskal Herria (Ginsberg erara) poema luze eta antologikoa ahotan hartu gabe. Euskal Herriari ozen mintzo zaio Astiz, baita Ayerberen ahotsetik ere, aitortza pertsonalak eta aurpegiratzeak tartekatuz eta sorterriak sortzen dizkion kontraesanak agerian utziz (“Euskal Herria, zer gezur errespetatu behar nizuke nik? / nork pasa dit zure lekukoa?, nire gezurra al zara?”).
Osagai horiek guztiek Parral bete genuenon txaloak irabazi zituzten, ondo merezita irabazi ere. Ikuskizunaz gozatzeko beste aukerarik ere izango omen da laster. Oraindik egin ez duzuenoi esperimentua dastatzeak merezi duela esango nizueke. Nik bederen, ederki berdinduta eta liburua berrirakurtzeko gogoz egin nuen etxerako bidea, lorerik emango ez badu ere, irentsitako lurra hondakin antzua ez denaren (ustezko) ziurtasunarekin.