Non daude gurasoak?

  • Aitona-amonek greba egingo balute? Nork eramango ditu bilobak eskolara? Nork emango die jaten? Zeinekin joango dira medikuarenera? Emakumeak lan merkatura jauzi egin duenez geroztik haurren eta adinekoen zaintza kolokan geratu da. Egoera berriari erantzuteko politika sendorik ezean gurasoek adabakiak ipintzen dituzte. Aitona-amonak ume zaintzaile izarrak bihurtu dira.

Duela ez hainbeste amonak eta aitonak bizirik eta osasuntsu izatea luxua zen, gaur egun asko eta asko sasoiko daude, haurrak zaintzeko gai dira.
Duela ez hainbeste amonak eta aitonak bizirik eta osasuntsu izatea luxua zen, gaur egun asko eta asko sasoiko daude, haurrak zaintzeko gai dira. Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gurasoek estrategia konplexuak diseinatu behar izaten dituzte umeak zaintzeko. Ordu luzez lan merkatuari lotuta daude egunero eta haurrak nonbaiten “kolokatu” behar dira. Baliabide erabilienak ondokoak dira: amonak (eta aitonak), mirabeak, haurtzaindegiak, ikastetxeak eta eskolaz kanpoko jarduerak. Erakunde publikoek bultzatutako uztartze politiketan beste bi baliabide ageri dira: lanaldiaren murrizketa eta eszedentzia. Emakundek 2007an argitaratutako azterketaren arabera (Zaintzaren ondorioak. Uztartze estrategiak EAEko gizon-emakumeen eguneroko  bizitzan), zaintzaren eta enpleguaren arteko uztarketa estrategietan garrantzitsuena amonak dira. Oso guraso gutxi dira eguneroko bizitzan baliabide hori erabili gabe zaintza eta enplegua taxuz uztartzeko gai direnak. Sarri amona-aitonen prestutasuna izaten da zaintza estrategiaren oinarria eta hortik abiatuta antolatzen da umeak artatzeko gainerako eskema.

Emakunderen azterketan, eztabaida taldeak aritu ziren, eta horietan argi ageri da amek nahiagoko luketela aitona-amonak ustekabeetarako laguntzaile baino ez izatea. Esate baterako, umeak gaixotzen direnean hartuko lituzkete aitona-amonek, eta ez egunero. Eztabaida taldeetan amek esandakoak dira ondokoak:

– Niri iruditzen zait une berezi batean baietz, baina etengabe... Berdin dio gazteak edo zaharrak diren; uste dut pasatu dutela aldi hori eta erretiratzeko edo atseden hartzeko unea iritsi zaiela. Edo, behintzat, ordutegi bat ez izatekoa. Biloba oso ondo dago une baterako, arratsalde baterako, baina egun osorako...

– Ez dadila betebeharra izan.

– Bai, haurrak pozgarriak dira, baina guretzat nekagarriak badira, pentsa gure gurasoentzat.

Amek haien gurasoak egoera zehatzetan laguntzaile izatea nahi dute, baina badakite egunerokoan laguntzaile baino askoz gehiago direla. Eztabaida taldeetan parte hartutakoek aitortzen dute abusuaren eta maitasunaren arteko muga zehaztea zaila dela; are gehiago familia sareak halako garrantzia duen gizartean, non amona gehienak laguntzeko prest agertzen diren.

Ikuspegi ekonomikotik begiratzen badugu, amona-aitonez gehien baliatzen direnak egoera ekonomiko estuenean daudenak dira, ordainpeko baliabideak ez dituzte eskura. Nolabaiteko abusua badagoela ohartarazi zuten ordea eztabaida taldeetako kideek. Hau da, arazo ekonomiko larririk ez duten gurasoek ere jotzen dutela aitona-amonengana, eta dirua haurrak zaintzen gastatu beharrean “bigarren mailakotzat” jotzen diren beste behar batzuetan eta aisialdian (oporretan adibidez) gastatzen dela. Ama batek hala dio: “Abusu handia dago, baina norberak jakin beharra dauka zein neurritaraino utz ditzakeen haurrak gurasoekin edo aita-amaginarrebekin. Norberak jakin behar du zein muga dauzkan bere familian. Nire ustez, abusua sortzen da ikusten baduzu zure amak ezin duela gehiago eta zuri mesede bat egiteagatik ari dela. Alegia, zu horretaz aprobetxatzen ari zarenean”.

Amonak, aitonak, eta orokorrean familia sarea zaintza lanetan aritzeak ondorio batzuk ditu. Azterketak hiru azpimarratu zituen: Lehenik eta behin, parte-hartzaileek “amona esklaboa” hitza erabili zuten bidegabeko erabilera izendatzeko. Elkartasunaren, belaunaldien arteko laguntzaren, eta batez ere generoan oinarritutako afektibitate loturen izenean, gehiegikeriak egiten dira. Bigarrenik, ordaindu gabeko zaintza ari dira egiten eta horrek ordainpeko zaintzailetzaren kalitatea baldintzatzen du batetik, eta bestetik, erakunde publikoek zaintza/enplegua estrategiez dituzten politiken eraginkortasuna mugatzen du. Beste aukerarik ezean, “kontuak funtzionatzen jarraitzen du” –diote parte-hartzaileek–, “eredua birsortu eta mantendu egiten da”. Hirugarrenik, sare informalaren lanari esker kostuetan aurrezten dute gurasoek eta kontsumoko ondasunetarako eta zerbitzuetarako diru gehiago dute.

Haurrak ez dira jada lehen bezala hazten

Zer gertatu da parkeak amona-aitonaz beteta egoteko? Zergatik ari dira bigarren aldizumeak zaintzen? Marta Luxani luzatu diogu galdera, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da bera, demografoa. Haurren zaintzaren panorama berria kokatzen lagundu digu. Bi aldaketa nagusi nabarmendu ditu: zer ulertzen dugun zaintzaz gaur egun eta adinen birdefinizioa. Gara ditzagun bi ideiak.

Atzo eta gaur haurrak ez dira berdin zaintzen, hazten, hezten. Gaur egun haurren zaintzari garrantzi handia ematen zaio, nahiz eta horrek ez duen esan nahi lehen pisurik ez zuenik gai horrek. Baina, irudika dezagun duela belaunaldi oso gutxiko haurren egunerokoa eta oraingoena. Denbora gehiagoz egoten ziren bakarrik orduko haurrak; eskolarako joan-etorriak helduen laguntzarik gabe egiten zituzten sarri eta bidean “galdu” egiten ziren. Orain berriz, apenas uzten diren bakarrik, eskolako ate aurrean zain izango du norbait, zuzenean etxera eramateko, edo musika eskolara edo igeriketara. Ia beti du alboan nagusiren bat.

Umeen ardura kolektiboagotik indibidualizaturagora jo da. Familia bakoitza bere txikien zaintza ahal duen moduan konpontzen saiatzen da. Duela ez hainbeste, ohikoa zen haurrak kalean jolasean ibiltzea eta amak txandaka leihotik beha egotea. Indibidualizazioa, eta amatasun intentsiboaren eredua aipatu dizkigu Luxanek. Eredu horren arabera, umearen beharrak amarenaren gainetik ezartzen dira. Ardura osoa amarena da, erabaki oro oso garrantzitsua da, eta hanka-sartze bakoitzak zama astuna du. Oso eredu zorrotza da amarekiko eta ondorioak ditu aitona-amonengan. Amak enplegua badu eta haren bikotekideak ere bai, nork zainduko du umea ondoen? Etxekoenak amonak eta aitonak dira, haurtzaindegiarekin edo ordainpeko zaintzailearekin alderatzen badugu. Amaren ordezko egokiena amona litzateke.

Bigarren aldaketa nagusia adinak birdefinitu izana dela nabarmendu digu Luxanek. , Gaur egun haurtzaroak luze jotzen du, ez dira hain aspaldikoak 11-12 urterekin neskame eta morroi joaten ziren garaiak; irudikatu oraingo 12 urteko haurra etxe arrotzean lanean. Horrez gain, amona-aitonak sasoiko ditugu. Osasuntsu eta aktibo daude, seme-alabek ez dute uste guraso ahituak dituztenik, inondik inora. Duela belaunaldi gutxi ez zen hain ohikoa aitona-amonak bizirik izatea, eta are gutxiago osasuntsu.

Hirugarren elementu bat gehitu du Luxanek, zaintza estrategiak ulertzeko gakoetako bat: gurean familia sareak duen garrantzia.

Egoera itogarriak sortzen dira umeez arduratu behar denean eta horien artean muturrenetako batez akordatu da Luxan: sandwich belaunaldia izenekoari gertatzen ari zaiona. Gurasoak eta bilobak ari dira zaintzen garai berean. Luxanen hitzetan, “ezin dute gehiago, karga oso handia da. Horren handia, emakumeen artean diote, garaia iristen zaienean nahiago dutela zahar etxera joan beraien seme-alabek ez dezaten pairatu beraiek pairatzen ari direna”. Emakumeak izan ditu ahotan EHUko irakasleak, izan ere gero eta aitona gehiago ari badira ere haurrak zaintzen, adinekoak artatzen emakumeak dira nagusi.

Derrigorrez zaindu beharra

Marta Luxan demografoak ez du zalantzan jartzen biloben eta amona-aitonen arteko harremanen balioa, baina gauza bat da atseginez zaintzea eta beste bat derrigorrez aritzea. Maitasunaren izenean behartutako lana bihurtzen baita sarri.

Norberak etxeko arazoak konpondu beharrean zerbitzu publiko onak aldarrikatzea ez al den egokiena galdetu diogu. Luxanen ustez, kontua da gurasoak ez daudela zaintzaile lanetarako, eta galderak ondokoa beharko luke izan: “Non daude gurasoak? Zertan ari dira? Gizarte honen erdigunean enplegua eta kapitala daude, goazen bizitza zentroan jartzera. Zaintza oso garrantzitsua da. Askotan pentsatzen dugu bi muturrek behar dutela zaintza, haurrek eta adinekoek, baina guztiok behar dugu. Ongizate estatua erortzen ari da. Gauza piloa familiaren esku geratzen ari da, zaintza kontuak tarteko. Ados, oraingo aitona-amonak ez dira duela 40 urtekoak, baina horrek zer esan nahi du, zaintza lanak egitera derrigortuta daudela?”.

Mediterraneoko ereduan senideak dira zaintzaile

Mila Amurrio EHUko irakaslea da, soziologoa. Hausnarketa bat mahaigaineratu digu: “Nola liteke Espainiako Estatuan jaiotze tasak hazkunderik ez izatea?”. Norvegiarekin alderatu du Espainiako Estatua. Emakumeak lan merkatura jauzi egin du eta Europako batez besteko jarduera tasara heldu da ia-ia. Norvegian adibidez antzeko zifrak dituzte, baina jaiotze tasa altuagoa da. Frantziako Estatuan ere bai. Europa iparraldeko hainbat herrialdetan, eta beste zenbaitetan, zaintza lanaz ari direnean ez dute familia erdigunean ipintzen, senideak ez dira haurrez arduratzeko berebiziko baliabide. Hegoaldearekin alderatuz, Ipar Euskal Herrian, diru-laguntzez eta ordainpeko zaintzailetzaz baliatzeko joera handiagoa dago. Amurriok gogoeta orokorra egin du: “Hautua beti emakumearena da, enplegu ibilbidean ez dauka ezer sakrifikatu beharrik, babestuago dago emakumea”. Haurra izandakoan denbora gehiago edukiko du etxean zaintzeko, diru-laguntzak ere bai, eta kontu inportantea, lan merkatura itzultzea bermatuta izango du. Mediterraneoko herrialdeetan familia sarea da ardatz, hari eskatuko zaio laguntza lehendabizi eta horrek huts egiten badu, orduan ageri da administrazioa.

Zaintza eta produkzio orduak ez datozenez bat hainbat eratako irtenbideak aurkitu dituzte gurasoek. Familiaz gain, langileak kontratatzea eta lanaldiak murriztea azpimarratu ditu Amurriok. Goi mailako klaseek beti jo dute ordainpeko zaintza lanetara, baita klase ertainek ere, krisiaren olatuak harrapatu bitartean. Bateko egoera ekonomiko kaskarra eta besteko bi soldata izanda ere iritsi ezina, alegia, bizitza mailari eusteko (etxebizitza, aisialdia...) jornal parea behar, eta beraz, ezin heldu zaintza lanak ordaintzera. Beste aukera lanaldi osoan ez aritzea da, hanka bat lantokian eta bestea etxean haur zaintzan. Aukera horri ia erabat emakumeek heldu diote. Amurrioren ustez, “gizonek orokorrean ez dute planteamendu bera egin zaintza eta enplegua lotzerakoan, nahiz eta zerbaitetan hasi diren. Dena dela, haiek ere produkzio munduan daude eta lan ordutegiak dituzte”.

Zaintzaren krisia pil-pilean dago. Ariketa zaila da zaintza eta enplegua uztartzea. Erakunde publikoek politika ausartagoak abian jarri ezean, edo Marta Luxanek dioen moduan, jendartearen erdigunean enpleguaren ordez bizitza  ipini ezean, orekarik ez da izango, eta parkeetan amona-aitonek ume zain segiko dute.

Eli eta Kepa amona-aitonek bi biloba zaintzen dituzte

BIEN ETXEAN EGIN DUGU HITZORDUA. Kepa ebakuntza txiki bat egin berri dago, eta atsedena agindu dio medikuak. Seigarren biloba jaio da eta pena nabari zaie, haurtxoaren lehen egunak ez dituztelako gertutik bizi, Zestoatik Zarautzera joan beharko bailukete horretarako. Biak dira umezale amorratuak, ordu asko igarotzen dituzte bilobak zaintzen, baina ez dira biak iritzi berekoak aitona-amonen zaintzaile lanez. Hitz egiten hasi aurretik utzi digute argi ikuspegi desberdina dutela.

Eli hamazazpi anai-arrebetan laugarrena da, neska zaharrena. Ondorengoak zaintzea egokitu zitzaion, eta gustura egin zuen lan hori. Berak hiru seme-alaba izan ditu eta sei biloba dauzka. Senarrak hala dio: “Berarentzat ez da gauza berria, hiru belaunaldi zaindu ditu”. Elik seme-alabei lagundu beharra sentitzen du, “badakigu bestela ezin dutela aurrera atera. Gure eskuak behar dituzte edo beste esku batzuk, baina behar dituzte. Nik ere banituen esku batzuk, aitona Eliseorenak”. Aitona etxean bizi zen eta egoera zehatzetan haur bat ez bazen bestea haren esku lagatzen zuen. Laguntza ederra zen, 24 orduz zegoen aitona etxean. Hala ere diferentzia bat jarri du mahai gainean: “Hori bai, Eliseok esaten zuen ‘gaur Elgoibarra noa ferira’ eta joan egiten zen”. Kepak senar-emazteen arteko ikuspegi desberdintasuna laburtu du segituan: “Eliren eta nire artean dagoen diferentziaren gakoa hor dago; lotura bai, baina neurria jartzea da kontua. Dedikazio osoa ez. Eli prest dago denari erantzuteko. Ez naiz ari Eliren seme-alabez, orokorrean ari naiz: gazteak berekoiak dira eta eskua ematen badiezu besoa hartzen dizute”. Elik beti zaindu ditu umeak eta berari orain gauza bera egitea normala iruditzen zaio. Haurrak gustatzen zaizkionarentzat zaintza lana oso polita dela uste du amonak, ez dio kontrakorik aitonak, zoragarria dela dio: “Asko betetzen zaitu, baina andreari esaten diot orain dela hamar-hamabost urte beharbada dena egiteko moduan izango ginela, baina orain txikituta bukatzen dugu, fisikoki eta psikologikoki”. Kepak 70 urte dauzka eta Elik 64.

Kepak bigarren emaztea du Eli eta ez du familiarik izan. Ume fardelak aldatzea zer den ordea, aspaldi ikasi zuen. Hainbat senideren haurrak etxean ezagutu zituen, eta zaindu ere bai. Ez da hasiberria biloba deitzen dien seikotearekin.

Bizipenak bizipen, garai bateko zaintzatik hona bi alde nabaritu ditu Elik: bata, biek aitortu dutena, adinean aurrera doazen neurrian indar eta gaitasun gutxiago dutela umeen martxari segitzeko. Bestea, askatasun gutxiago sentitzen du bilobak zaintzerakoan; “ez dakit ondo ala gaizki ari naizen, seme-alabak ikasiak baitira. Gure esperientziak belarrikoak ziren, amak esandakoak. Hauek liburuak irakurri dituzte, nik alerik ez”. Haurrak diferente hazten ari direla dio Elik eta diferentzia batzuk gustatzen zaizkio eta beste batzuk ez: “Umea goxatu egin behar dela beti esan dut, baina beste pauta batzuk ere eman egin behar dira, eta gaurko umeak gehiegi harrapatuta –besarkatzeko keinua egin du–, denetik gehiegi emanda, sumatzen ditut. Gu, aitona-amona moduan –senarrari begiratu dio–, umeak goxatzen saiatzen gara eta gero gurasoei ematen dizkiegu. Heziketa gurasoen kontua da, sukaldetik abiatu behar du horrek, eskolan gauza batzuk ikasiko dituzte, baina heziketa nagusia sukaldetik hasten da”.

Ez da erraza argitzea astean zehar zein egunetan eta zein ordutan dauden lotuta. Gaur egun, Zestoan bizi den alabaren bi bilobak zaintzen dituzte. Zarautzen bizi dira beste bi seme-alabak baina haiengana nekez iristen dira. Ia egunero zaintza lan gehiago edo gutxiago egiten dute. Alabaren lan ordutegia zoramena da, baita alaba berarentzat ere. Psikologoa izanik batera eta bestera dabil, premien arabera eskaerei erantzuten. Egunean zehar lanari heldu behar badio aitona-amonak dira makulu, senarrak ere egun osoan egiten baitu lan. Egun pisutsuenak astelehena eta ostirala dira; goizean hasi eta iluntzera arte. Ez dituzte magalean ordu luze horietan, 4 urtekoa eskolara doa eta txikiena (17 hilabete) haurtzaindegira, baina eraman-jasoak egiten dituzte, eta bazkaria haiek prestatzen dute mahaian bilduko diren hiru belaunaldientzat. Elik dio alabaren egoera ongi ulertzen duela: “Goizean lanera joaterakoan gauzak utzi dituzun bezalaxe aurkitzen dituzu itzulitakoan, dena egiteko dago eta gainera biharko bazkarian pentsatu behar duzu. Horrela dabilena ikusten badut nire buruari esaten diot ‘gauza baldin bahaiz lagundu egin behar dion’. Goizean beti bezala umea etxera ekarri dizu bera lanera doalako, eta esaten badizu hamar minutuz ohean etzango dela gauean ez duelako batere lorik egin, zer egingo diozu? Ahal bada baita tapakiarekin estali ere”.

Elik ezagutu du bikoteren bat haurrak aitona-amonekin utzi eta beherapenetara joan dena egun osorako. Berekoikeriaz umeak amona-aitonei uztea ez zaio egokia iruditzen, baina bere seme-alabek lan kontuengatik eskatu izan diote laguntza eta hori baloratzekoa dela uste du.

Lehenbiziko umea jaio zenetik gustuko lanak utzita dauzka Elik. Haurrak koskortuko dira eta zaletasunei heltzeko esperantza badu; lagatako bainika lanei eta marrazketari, behinik behin, helduko die. Kepak asti gehiago behar du irakurtzeko, bidaiatzeko eta hain gustuko duen naturaz gozatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-11-27 | Leire Ibar
Ertzaintzak komisarian jipoitu zuen emakume arrazializatuaren kasua itxi dute prokuradoreak helegitea aurkeztea “ahaztu” eta gero

2018ko maiatzean Getxoko Ertzaintzaren komisarian jipoitu zuten Silvia emakume migratu eta arrazializatua, bidegabeki atxilotu ostean. Epaiketan zigor arinak ezarri zizkioten ertzain bati, baina emakumea ere zigortu zuten desobedientzia leporatuta. Silviak Espainiako Epaitegi... [+]


2024-11-26 | Leire Ibar
Nafarroako Musika Kontserbatorioko hiru irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHU-ko hauteskundeak
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
Mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Eguneraketa berriak daude