argia.eus
INPRIMATU
Katalunia eraldatze prozesuan dago

Martin Aranburu 2014ko otsailaren 06a

Katalunian ikusten dudanarekin inbidia bat sentitzen dudala onartu behar dut. Mobilizazio sozialaren inbidia, alderdi politikoen determinazioaren inbidia, esandakoa betetzen ari den gobernu baten jarrera koherentearen inbidia, debatea nazioartean jartzen duten eragile sozialen jardueraren inbidia eta etorkizuneko planteamenduak egiten dituen esfortzu intelektualaren inbidia. Onartu beharra daukat, Euskal Herrian hemen gertatzen ari den prozesuaren antzeko bat bizitzen ari garela azaltzea gustatuko litzaidakeela, baina egia esan, Euskal Herrian urte dezente itxaron beharko dugula uste dut. Inbidia eragiten didana ez da independentziaren atarian egote hutsa, hemengo gizarteak estatu berri bat eraikitzeko duen aukera baizik. Eraikitzen ari diren herri berri hori nolakoa izango den erabakitzeko aukerak inbidia ematen dit, eta zehazkiago, zer-nolako ongizate-estatua eraiki nahi duten.

Kataluniaren independentziaren aldeko jarrerak konstatazio batean du oinarria: Espainiaren hainbat egiturak ez dute funtzionatzen edo ez dute beraien funtzionamendua hobetuko. Ondorioz, independentzia defendatzen duten askoren oinarria ez da nortasunaren inguruko argudioa. Aitzitik, zerbait berria egiteko aukera ikusten dute independentzian. Katalunian bizi baina euskalduna izanik, eraldaketa aukera hori da inbidia gehien sorrarazten didana.

Eraldaketa fasean gaude non krisiak gogor astindu dituen ongizatearen oinarriak. Egun Katalunian ilusio apur bat pizten duen proiektu bakarra estatu berri baten proiektua da, non ongizate-estatuaren bi oinarriak birplanteatzeko aukera egongo den: estatua eta herritarra. Egiteke dagoen estatu berrian ezin dira Espainiak egindako akats berdinak errepikatu. Desiratzen den estatuaz hitz egin nahi badugu, banaketa ereduaz, publiko eta pribatu kontzeptuez, hezkuntzaren balioaz, itun sozial berri baten beharraz, politika publikoen diseinuaz eta ebaluazio sistemaz eta zer esanik ez, herritarraz –sistema beraren subjektu eta era berean objektu izaki– hitz egin behar dugu. Ezin baita estatu bat eraldatu gizartea eta gizartearen oinarri den herritarra eraldatu gabe: sistemarekiko duen konpromisoa, bere parte-hartzea eta gizartea osatzen dugun guztionganako duen jarrera, besteak beste.

Katalunian bizi naiz eta ez naiz katalana. Bere kultura defendatu eta hedatu nahi duen edozein herrik sortzen didan elkartasunaz harago, gizarte berri baten diseinuan parte hartzeko aukera eduki nahi dudalako nago independentziaren alde. Eta baita politikaren funtzionamendu asko hobetuko diren estatu berri bat eraikitzearen alde nagoelako noski. Horregatik nahi dut aukera hori mantendu. Bozkatu eta Katalunia independentziara eraman eraldaketa guzti horiek egin ahal izateko. Prozesu horretatik ikasiko duguna aplikatuko dugu gero Euskal Herrian. Inbidia dut inguruan zer ikusten dudan, baina ziur naiz guk ere egingo dugula etorkizunean.