Krisiak krisi, Eguberriotan mundu aberatseko etxe asko bete dira azken belaunaldiko smartphone, tableta eta klase guztietako tresna elektroniko sofistikatuz. Trukean zaborretara jaurtikita telebista, ordenagailu eta urte gutxitan zaharkitutako beste gailu ugarik hartu dute herrialde txiroetarako bidea. Gu txapeldun zaborra esportatzen.
Eguberriotan erosi milioika telefono sakelako, teklatu, tableta, jostailu, kamera digital eta bestelako gailu elektronikok gizenduko dute datozen urteetan herrialde txiroetara bidaiatuko duen zabor elektroniko uholdea. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du. Zabor elektronikoa %33 handituko da datozen lau urteotan, Egiptoko zortzi piramidek adinako pisuz.
Abenduaren 14an eman zuen NBEren Solving the E-Waste Problem (StEP) egitasmoak plazaratutako informazio horren berri John Vidalek The Observer egunkari ingelesean. Txostenari oihartzun egin zaio beste zenbait kazetatan ere. Irakurleei albiste kezkagarriok zabaltzeko lana hartu duten kazetariek, ordea, ez lukete pentsatu behar egia ezagutarazteak joera ezertan aldatuko duenik. Bortitzegia da kontsumismoaren inertzia.
Argiako orriotan 2009ko otsailean idatzi ziren antzekoak “Gero eta e-zabor gehiago sortzen du e-gizarteak” kronikan, azalduz nola Silicon Valley Toxics Coalition (SVTC) erakundeak alerta piztua zuen planetan gehien ugaritzen ari den zaborraz Global e-Waste Crisis informearekin. Bost urteren buruan okerrago dago mundua.
NBEen kalkuluetan, 2013an bertan 50 milioi tona zabor elektroniko metatu da planetan, pertsonako zazpi kilo. Ez noski mundutar guztiok berdin sorturik. AEBetako herritar bakoitzak bataz beste ia 30 kilo zarama elektroniko jaurti zuen; Txinako pertsona bakoitzak, aldiz, 5 kilo baino gutxiago. StEPek bere gunean daukan mapan arakatuz jakin dezakegu Espainiako jendeek 18 kilo pilatu dutela; Frantziakoek 21. Euskaldunon kopuruak Frantziakoen gainetik ibiliko dira, ziur.
StEPeko arduradunen esanetan 2017rako metatuko diren telebista, telefono, ordenadore, pantaila, jostailu elektroniko eta abarrek beteko lituzkete 25.000 kilometrotan bata bestearen ondoan jarritako 40 tonako kamioiak.
Traste zahar guztiotatik asko balizko birziklatzaileek “erabilitako tresna” izendatuta esportatzen dituzte herrialde txiroetara, berriro saltzeko edo garapenerako laguntza balira bezala. Amerika aberatsekoak nagusiki Asia eta Hego Amerikara, Europakoak gehien bat mendebaldeko Afrikara. Zein da trafiko ilegal honen tamaina?
Poliziek egiten duten kalkulua Interpoleko iturrietatik bildu du John Vidalek: Europatik irtetean kontrolatutako hiru kontainerretatik batek legez kanpoko zabor elektronikoa zeraman. Txunditzeko zifra da polizien ahotik entzunda. Aldiz, kontrastea egiten du Interpolen salaketa ezarritakoen kopuruari: 40 konpainia baino ez. Poliziek argudiatzen dute legeek ez dietela urrunago iristerik baimentzen.
Massachussettsko MIT famatuak kalkulatu du AEBetan 2011n 12 milioi telefono mugikor bildu zirela birziklatzeko baina 120 milioi saldu. Arazoa da birziklatze kopuru ahul hori, baina are arazo handiagoa dakar gailu berriek tamaina txikiagoan dakarten konplexutasunak.
Urruneko parajeren batean desegingo dituzte Europatik eta batik bat Amerikatik edo Japoniatik eramandako tresnok, dauzkaten metalak eta osagai batzuk ateratzeko. Teknologia handiko ekipamenduok gai toxikoz eginak daude. Karkasetako eta barne zirkuituetako plastikoek bromoa daukate, sutan nekezago kiskal daitezen. Konektatzaile- etako aleazioetan berilioa dago. Soldatzeak eztainuz eginak dira. Izpi katodikoen tutuetan beruna eta barioa aurki daitezke, merkurioa lanparetan. Horiekin egiten dute borroka herrialde txiroetako milaka jendek –asko haurrak– kasik esku hutsik.
Legez kontrako trafiko hau eragozten ahalegintzen da, besteren artean, Basel Action Network (BAN) erakundea, izen hori hartu duena Suitzako Basilean adostu zelako 1994an munduko hondakin elektronikoen trafikoa arautzeko ituna... orain artean zenbait herrialdek sinatu ez dutena, tartean Israel, Japonia eta AEBak.
BANeko lider ezagunetarik den Jim Puckettek berrikitan idatzi du “A place named Away”. Away euskaraz “urruti” edo “hor nonbait” esango genuke: “Utzi traste zahar hau hor nonbait” edo “Eraman hemendik urruti”. Puckettek kontatu du zer aurkitu daitekeen urruti horietan, Ghanako hiriburuko Agbogbloshie auzunean, esaterako.
Puckettek idatzi duenez, “Duela hilabete gutxi segundoko milioika milioi agindu prozesatzen zituzten makinak, tekla bat ukitzearekin mezuak mundu osoraino helarazten zituztenak, edo ahur-beteko azaleran liburutegi osoa zeukatenak, metal eta plastikozko eskeleto bilakaturik aurkitzen dira munduko herririk txiroenetan, mailuka eta sutan desegin ditzaten, ke eta lurrin hilgarriak isuriz”.
Txatartegi basati horietan teknologia neolitikoaz, kolpeka, birrintzen dituzte Informazioaren Aroko eta Ezagutzaren Gizartearen erlikiak, beren zirkuitu mikroskopiko, transistore eta semikonduktoretatik merkatu beltzean saltzeko metalen bat harrapatzeko irrikaz. Hori bai, mailukadez eta suaz gain azidorik erregarrienak ere usatuz.
Dio Puckettek: “Bideojoko, PDA, inprimagailu, jostailu elektroniko, MP3, kamera digital, GPS, bideokamera eta tableta irakurgailuen salmenta gora doa tximista bezala. Kopuru harrigarri horiei gehitu behar zaie sekula baino obsoleszenzia laburragokoak izatea. Lehen hozkailuak, telebistak edo irratiak hamarkada batzuetarako balio ziguten; gaur edozein traste elektroniko zaharkitutzat daukagu bi edo hiru urteren buruan.
Hiper-kontsumoak eta hiper-obsoleszentziak, biek elkar harturik, aberasten dute elektronikaren industria. Behar bada asebetetzen gure egoa, gure abiadura beharra, gure lehiakortasun tartea; baina munduan barrena sortzen dituzte ere zabor mota berrizko mendiak: e-zaborrezkoak”.
2017an, kalkulatu dute Nazio Batuen Erakundean, munduan 10.000 milioi telefono mugikor egongo da martxan. Bost urteotan %33 handituko da zabor elektronikoa. Zer egin agintariek ezin badute bermatu egunero multinazionalek merkaturatzen dituzten tresna berriak berrerabili, konpondu eta birziklatzeko modukoak izatea?
Gipuzkoako Usurbilen hiru gizon gaztek Eginklik! taldea sortu dute, eskuratzen dituzten ordenagailu usatuak konpondu, osatu, martxan jarri eta horiek herrian bertan eskuratu ezinean dabiltzanei oparitzeko. Bergaran jende helduagoak KafeKonpon antolatu du, matxuratutako gailuak bota ez baina konpontzen ahalegintzeko. Keinu txikiak baina helburu handiz.
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara heltzen diren bakarrak dira. Laster, kuadrillako herri gehiagotara... [+]
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiri. Iragan... [+]
Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta... [+]
Mikel Jauregi sailburuaren esanetan Eusko Jaurlaritzak ez du "inolako arau hausterik atzeman" Ekondakinek Zubietako erraustegitik Artaxoako zabortegira bidalitako lixibiatuetan. Hala, ez du sozietate publikoa zigortuko, Nafarroako Gobernuak eskatu bezala.
Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.
Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.
Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]
Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.