argia.eus
INPRIMATU
Mila aldiz

Kattalin Miner @MKattalin 2014ko urtarrilaren 23a

Diotenez, gezur bat behin eta berriz errepikatzearen ondorioz egia bilakatzen da maiz. Horri buruz ongi dakigu hemen. Azken aldian ordea, pentsatzen nabil zer pasatzen ote den egia behin eta berriz errepikatzen dugunean.

Herri honek egia ugari ditu bere baitan, pertseberantziaz errepikatuak, urteetan zabalduak. Urtarrilaren 11n entzun genituen egia horietako batzuk, asko errepikatuta ere, zentzu bera mantentzen dutenak eta indarrik galtzen ez dutenak. Beste egia batzuk ordea ez ziren hain zaharrak, edo ez batzuok askotan errepikatutakoak, baina egia horiek denak batu ziren, ikuspuntu eta prisma ezberdineko egia osoago bat-edo osatzeko.

Hurrengo egunetan narrazio ezberdin ugari irakurri eta entzun dugu han-hemen, horiek ere nahikoa errepikakorrak, eta denak egia direlakoan kontatuak.

Baina tira, momentuak historikoak direla pentsatzen dugunean, kanpoko gezur errepikakorren aurrean, gurea egiago dela sinetsi behar dugu; denon artean. Izan ere, orain eraikitako egia kolektibo eta sendo horiek baitira, hamarkadak pasata ere, errepikatzen jarraitzen ditugunak.