Larraun ibaiak Sakanaranzko joanean urratu duen Biaizpeko igarobideak zaindaria zuen Erdi Aroan: Aixitako gaztelua. Desagertua, egun garai urrun baten oroitzapena baino izan ez arren, bertako talaiari bihurtuko gara, harrizko paretatzarretan iragan galduaren xerka.
Txangoa hasi aurretik bi kontu. Larraun ibaiak zizelkatu duen igarobidearen izen zaharra Axitarte da. Baina Biaizpe da egun erabiltzen dena, bi+(h)aitz+pe alegia. Baten batek “bi ahizpa” omen zirela deduzitu eta hortik zabaldu zen gaztelaniazko Dos Hermanas izendapena. Zenbait eskalatzailek ere Hermana Mayor eta Hermana Menor deitzen diete bi haitzei. Guk haitz nagusia eta haitz txikia esango diegu.
Bigarren kontua, berriz, Aixita izenari dagokio. Biaizpeko haitz nagusiaren izena da Aixita eta bertan gaztelua ere bazen –gure gaurko xedea–. Hainbat formatan idatzi izan da gazteluaren izena (Aixita, Axita, Aizita, Aitzita), baina guk bakarra erabiliko dugu: Aixita. Izen-nahasketak azaldu nahian, gauzak gehiago katramilatu ez izana espero dugu. Goazemazue mendira, bada!
Irurtzun ondoan dagoen Etxeberri kontzejutik (Arakil udalerria) hasiko dugu txangoa. Nahi izanez gero hilerriraino joan daiteke autoz. Guk herrian utzi dugu geurea, Santa Maria kalean, bertan aurkituko baititugu informazio-panelak: Aralarko itzulia egiten duen GR 20a zehazten duena, eta guk egingo dugun Aixitako ibilbidearena (SL-NA 131). Itzuliaren datu aipagarriak daude bertan: 3,8 kilometro luze da, 203 metroko desnibela du eta ordubete eta 20 minutu behar dira gutxi gorabehera bira osatzeko.
Hilerrirantz doan errepidea hartuko dugu, bada. Iristean, langa igaro eta marka zuri-gorri-berdeei jarraituko diegu basoan barrena. Zurezko seinale-zutoina aurkituko dugu; guk eskuinetik beherantz joko dugu, behatokirantz. Gora eginda gaztelura joan gintezke –hori izango da gure itzulerako bidea–, baina Biaizpeko bi haitzen handitasunak erakarrita, haien artetik igarotzeko deiari muzinik egin ezinda, beherantz egin dugu. Zeren biderkagaien ordenak maiz emaitza alda baitezake: harritzar horien azpitik igarota geure txikiaz ohartuko gara, gerora goialdean sentituko dugun handitasuna gorabehera, ahaztea komeni ez dena.
Xenda itzaltsutik beherantz, zuhaitzen artean noizbehinka inguruak bistara zabalduko zaizkigu: Irurtzun herria, Andia bukaerako Txurregi eta alboan Gaztelu mendiak ikusi ahal izango ditugu, baita autobidearen burrunba entzun ere. Basotik atera eta Biaizpeko haitz nagusia inguratuko dugu. Sentsazioa izugarri aldatzen da goizeko behe-laino hezeak biltzen badu ingurua. Orain ikusgarri, orain gorde-ezkutuan, Biaizpeko haitz txikian Amaia ikusi izana otu zaigu, baina irudia izorratzeko hor da autobidea. Larraun ibaiari bikia jaio zaio, harkaitza alderen alde zulatzen duen asfalto etorria. Baina zer egingo diogu bada, berak ekarri bagaitu Etxeberrira.
Seinale-zutoinak erakutsiko digu jarraitu beharreko bidea. Larraun ibaiko zubia zeharkatuta Saien Balkoira doana, berriz, beste baterako utziko dugu. Kasu orain, xenda arriskutsu bihurtzen baita bustia denean; arretaz ibili –ondo adierazia dago gainera–. Ezkerretara argindar-dorrea ikusiko dugu, eskalatzaileentzat bidea erakusten duen mugarri bihurtuta. Guk aurrera jarraituko dugu Larraun eta Biaizpeko haitz txikia (673 m) eskuinera ditugula eta ezkerrera, berriz, haitz nagusiaren paretatzarra (705 m). Xendak gorantz egingo du, sigi-saga, orientazio-mahaira arte.
Gora egingo dugu emeki-emeki ezpeldoian sartuta, eta pistarekin batuko gara gero. Pistan gorantz jarraituko dugu, baina adi, marka zuri-berdeak bihurgunea adieraziko baitigu. Eskuinera egingo dugu, pista alboratuta, eta bidezidorrean gora beste seinale-zutoin bat topatuko dugu. Aixitako gaztelua, gure xedea, 700 metrora dugu. Pistan ezkerrerantz segi eta segituan ezkerretara harri-metatxo erakuslea ikusiko dugu, ehiza-postu baten ondoan. Haritz bihurrien artean jarraituko dugu, ez du galbiderik: ingurua soildu ahala, harkaitz biluzi eta amildegi artean ibiliko gara kontuz. Horma-aztarnak topatuko ditugu, garai bateko gotorlekuaren oinarriak, aurri baino ez direla, eta Aixitako gainean gazteluaren historia erakusten duen dorrea topatuko dugu, inguruko zaindari mutu.
1210. urteko uztailekoa da gazteluari buruz jasotako aipamenik zaharrena. Antso VII.a Azkarrak sinatutako agiri batzuetan agertzen da. Horietan oinarriturik, gaztelua urte horretan eraiki zutela ondorioztatu dute zenbaitzuek, Araba eta Gipuzkoa galdu ondoren erregeak muga alde hura indartu nahi izan eta. Haren egitekoak ez daude argi: talaia izan zitekeen, bide kontrola edota komunikazio puntua. Izan ere, zeregin horretarako leku aproposean zegoen gaztelua.
Txintxetatxo bat izanagatik, Aixitatik bistaz hartzen den eremua izugarria da. Iparraldera basoa, Nafarroa hezearen azken muga. Hegoaldera, berriz, urrutian Itzaga eta Higa, eta tartean Iruñerria. Andiaren amaierako Txurregi eta Gaztelu mendia alboan, eta Oskiako harratea, Arakilek zabaldutako Iruñerako bide zaharra. Erga mendia dugu ezkerretara, eta baita Biaizpeko haitz txikia ezkutatzen duen haitz nagusia ere. Eskalatzaileei utziko diegu bertara igotzeko ohorea.
Ez zen gozoa izango negu gorriko gauak gazteluzain igarotzea, lekua saien erresuma baita, ezerezera hondoratzen diren amildegiek mugatzen duten inguru ankerra. Agiriengatik dakigu goarnizioan zeuden bost bat gizonek hogei erregu gari jasotzen zituztela –erregua ale-neurri zaharra zen, 28 litro pasatxo–. Sari xumea omen zen, eta gerra-garaian handiagoa zen, nonbait, ordainaren zenbatekoa, baita goarnizioko soldaduen kopurua ere. Gaztelua garrantzia galduz joan zen, baina 1460tik aurrerako nafarren arteko gerretan ere erabili zuten. Gaztelua desagertu zeneko berri argirik ez badago ere, Nafarroako Erresumaren 1512ko konkistaren ondoren suntsitu zituztenen artean sartzen du Zurita aragoiar kronikariak.
Miraz, iragana gogoan, orainaldira bueltatzeko garaia da. Etorritako bidea hartuko dugu atzera egiteko. Bidegurutzean eskuinerantz eginda ehiztari-txabola txukuna dugu eguraldiak laguntzen ez badigu, eta aldeko badugu, berriz, Goldaratz aldera egin dezakegu Aralar inguratzen duen GR 20ari segika. Txangoa luzatu nahi ez duenak Etxeberri kilometro batera du; ezkerrera hartuta xendan behera baino ez da egin behar itzulia amaitzeko.
22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]
Hezkuntza bi arazo handik zeharkatzen dutela adierazi dute IAk: "ideia erreakzionarioen" gorakadak eta "ikasleen egoeraren okertzeak". Mobilizazioaren deialdia hedatzeko, goizean errepide mozketak egin dituzte Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Bilbon, Euskal... [+]
Martxoaren 13an lau urte bete dira Fran Balda arbizuarra istripuz hil zela. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde egin zuen lan, eta haren bost kidek idatzi diote gutun hau.
Cefiro Holdco enpresak "Domiko" deitu dion eta bederatzi makroeoliko izango lituzkeen proiektua jarri nahi du Lesaka eta Goizuetako lurretan eta ebakuazio-linea Oiartzungo azpiestaziora bideratuko luke. Espainiako Gobernuak du proiektu hau tramitatzeko eskumena.
Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]
Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.
Martxoaren 10etik 26ra izango da udaberriko kanpaina. 'Beste modura, denona de onura' lelopean arituko dira gertuko ekoizpena, banaketa eta kontsumoa babestu eta sustatzeko, ager zonaldean euskara hauspotzen duten bitartean. Apirila amaieratik aurrera jasoko dira... [+]
Astelehenean abiatu da sindikatuak deitutako greba eta apirilaren 6 arte luzatuko da. Lan-gainkarga salatu eta baldintzak hobetzeko eskatu dute, baita mediku egoiliarrei karrera profesionala aitortzea ere.
Iruñerrian bat egin dute hainbat Gazte Asanbladak, Burlatako Gaztetxearen alde. Etxarriren desalojoa gelditzera deitzeko, bestalde, manifestazio bat antolatu dute Bilbon hilaren 28rako.
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak
11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.
Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]
Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]
Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.