argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzaren Problematika
Agintarien utzikeriari elkartasunarekin erantzuten
  • Iruñeko Sanduzelai auzoan bi etxe berreskuratu ditu Nafarroako Hipotekak Ukitutako pertsonen Taldeak, beharra duten familien eskura jartzeko. Etxeetako baten ateak ireki dizkigute eta bertako bizilagun berriekin mintzatu gara.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 22a
Dora Ruiz Rodríguez eta Marco Paz Ocampo bankuak desjabetu ondoren Sanduzelaiko etxean jarri ziren bizitzen, HUTek proposatuta:
Dora Ruiz Rodríguez eta Marco Paz Ocampo bankuak desjabetu ondoren Sanduzelaiko etxean jarri ziren bizitzen, HUTek proposatuta: "Aste nekagarriak izan dira, psikologikoki gogorrak. Baina jendearen laguntzarekin bizitoki bikaina lortu dugu". (Arg: Josu Santesteban)

Desjabetzeek, langabeziak eta bizi baldintza prekarioek egoera larriak sortu dituzte. Etxebizitzaren arazoa geroz eta nabarmenagoa da Euskal Herrian. Hori dela eta, jendea mugitzen hasi da, eta ekimen ugari antolatu dira han-hemenka.

Baionan esaterako, hainbat herritarrek okupazio dinamika abiatu dute Plantoun auzoan etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Ildo horretan, Ipar Euskal Herrian etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko kolektiboa sortu berri da.

Bilbon ere Bilbao 2013 ekimena abiatu zuten udan, etxebizitzaren arazoa salatu eta eredu berriak sortzeko helburuz. Erribera kaleko 13. zenbakiko eraikina okupatu zuten hainbat lagunek eta abenduan ireki dituzte proiektu anitzak bilduko dituen espazio zabal horren ateak.

Etxeak berreskuratzen Nafarroan

Iturri ez ofizialek Nafarroan milaka etxebizitza huts daudela diote, baina ez dago zehatz jakiterik. Nafarroako Gobernuak ez du zenbaketarik egin eta orain artean ez du daturik eman. Nafarroako Hipotekak Ukitutako pertsonen Taldeak (HUT) erregistro bat egin eta datuak publiko egiteko eskatu du Parlamentuan. Euren esanetan, bere garaian bidezainentzat eraikitako 322 etxe ditu Nafarroako Gobernuak lurralde osoan; horietatik 150 hutsik.

Iragan azaroaren 6an HUTek bi etxe “berreskuratu” zituen Iruñeko Sanduzelai auzoan. Plataformakoek ez dute okupazio bezala definitu, guztionak diren etxeak berreskuratzen ari direla aldarrikatu dute.

“Nafarroako Gobernuak etxe hauek abandonatu zituen, leihoak ere zabalik utzi zituzten, eta barruan usoek eta beste animalia batzuek habiak egin dituzte. Zergatik ez gizakiek?”, galdetzen dute plataformako kideek.

HUTek jakinarazi duenez, eraikin horretan 13 bizileku daude hutsik, egoera kaxkarrean. 60-70eko hamarkadetan errepide sarean lan egiten zuten beharginentzat eraikitako etxebizitzak dira. Baina bidezainen etxe askorekin gertatu bezala, jada ez da inor bizi eta 15 urte inguru daramate abandonatuta.

Urte horietan guztietan auzokideek agintariei pisu horiekin zerbait egin zezatela eskatu diete. Ez dute erantzunik jaso, Iruñeko Udalak hari ez zegokiola eta Gobernuaren gain jartzen zuen ardura, baina hark ere ez du etxebizitzekin ezer egiteko asmorik erakutsi.

Bizilekuen berreskuratzearen ondotik Luis Zarraluqui Nafarroako Sustapen kontseilariak jakinarazi du ekintza ez duela “begi onez” ikusi, eta aspalditik dabiltzala etxe horiekin zer egin aztertzen. Kontseilariak adierazi duenez “pisuak ez daude abandonatuta, baina halako tramiteek bere denbora eskatzen dute”.

Hala ere, jendartearen erantzun ona ikusita, HUTeko kideek espero dute Gobernua mugitzen hasiko dela; eta hutsik dituen etxeak atonduko dituela etxebizitza sozial gisa beharra dutenen eskura jartzeko. Bestela, berreskuratzeekin jarraituko dutela adierazi dute. “Ezin dugu Gobernua geldi dagoen bitartean zain egon, familia asko eta asko benetako beharrean daudela ikusita”.

Eskubidea vs. negozioa

Hipotekak ukitutakoen plataformatik salatu dutenez “Foru Gobernua higiezinen agentzien negozioa sustatzen ari da etengabe”. Angel Larrea HUTeko bozeramaleak ohartarazi du Nafarroa dela gaur egun etxebizitzen salmentak bultzatzeko diru-laguntzak ematen jarraitzen duen komunitate bakarra. INEk (Espainiako Estatuko Estatistika Institutua) 2013ko urtarrilean argitaratutako datuen arabera, 2013ko azaroan Nafarroan %9,7 egin zuen gora etxebizitzen salerosketak lehengo urteko abenduarekin alderatuz. EAEn ordea, %8,6ko beherakada izan zuen etxebizitzen salmentak.

HUTen ustez, Europako herrialde gehienen ereduari jarraiki, alokairua sustatu behar da. Horretarako alokairuen prezio eta baldintzak malgutzeko neurriak eskatu dizkiete goi-karguei. Norbanakoek alokairuagatik diru-sarreren %30a baino gehiago ordaindu behar ez izatea proposatu dute.

Bestalde, herritarrak banketxeari hipoteka ezin ordaindu badabiltza, ordainetan etxebizitza ematea aldarrikatu dute. “Onartezina da bizileku bat erosteko urteetan zehar ordaindutakoa galdu, etxerik gabe geratu, eta gainera zorretan jarraitzea”.

Duela bi urte sortu zen plataformak, 12 talde ditu guztira Nafarroa osoan. Hastapenean hipotekak kaltetutako pertsonek osatzen zuten plataforma, baina egungo egoera eta eskaera ikusita, komisio bat sortu dute alokairuan bizi den jendearen beharrei erantzuteko.

Dora Ruiz eta Marco Paz

Sanduzelai auzoan berreskuratutako bi pisuetako batean bizi da Dora Ruiz Rodríguez eta Marco Paz Ocampo bikotea. Ruiz 2002an iritsi zen Iruñera Kolonbiatik, Paz aldiz, 2001ean Ekuadorretik. 23 eta 25 urteko seme-alabak haiekin bizi dira, Fabian eta Lady. Horiez gain, Pazek bi seme-alaba ditu Ekuadorren eta Ruizek beste bat Kolonbian.

Garai hartan lana zuten biek eta soldata onak irabazten zituzten. Pisu bat erostera animatu ziren, hilean 730 euroko kuota ordainduta. Handik denbora batera, interesen eta Euriborraren igoerarekin, 1.460 euroan ezarri zieten hipoteka, hasierakoaren bikoitza.

Lana galdu zuten biek eta zazpi urtetan hipoteka ordaindu eta gero, banketxeak desjabetu egin zituen duela bi urte. Baina 141.300 euroko zorra dute oraindik. Alokairuan bizi izan dira ordutik eta hilabete amaierara iristeko zailtasun handiak izan dituzte.

Irtenbide bila

Bikoteak dioenez, ate guztiak jo dituzte laguntza eske, baina inork ez die soluziorik eman. Hipotekak Ukitutako pertsonen Taldearengana joatea izan zen azken aukera. “Haiek izan dira lagundu diguten bakarrak”, aitortu du Ruizek.

Plataformarengana jo zutenean, hasieran lotsa pasa zutela gogoratzen dute, haien bizitza “biluztu”, nondik norakoak kontatu eta finantza kontuak azaldu behar izan zituztelako. “Baina bileretan beste pertsona batzuen kasuak entzuten dira; ohartzen zara ez zarela bakarra eta gu baino egoera larriagoan dagoen jendea ezagutu dugu”, azaldu du Pazek.

HUTeko kideek Sanduzelaiko etxebizitzetako batean sartzeko prest zeuden galdetu zietenean baiezkoa eman zuten. Hasieran dudak izan zituzten, beldurra ematen zielako legeari izkin eginez haiena ez zen etxe batean sartzeak. “Azkenean aurrera egin genuen galtzekorik ez geneukala ebatzita”.

“Aste nekagarriak izan dira, psikologikoki gogorrak”, dio Ruizek. Hastapenetan buruhauste asko izan zituela gogoratu du, barne gatazka zuela, ongi egin ote zuten etxeetan sartuta.

Orain etxe berriko sofan eserita beste modu batera ikusten ditu gauzak eta harro dago hartutako erabakiaz. “Etxeak ikusi genituenean asko nahigabetu nintzen, oso utzita zeudelako, egoera penagarrian. Ez nuen nire familia halako leku batean bizitzen ikusi nahi. Baina jendearen laguntzarekin sei astetan bizitoki bikaina lortu dugu”, dio pozik.

Haien jaioterrietako familiei ez diete gertatu zaienaren berri eman, senideak asko kezkatuko liratekeelako eta beldur direlako gertukoek “porrot egin” dutela pentsa dezaten. “Ez lukete ulertuko, han jendea ez da hemen bezala zorpetzen. Dirua duenak erosten du eta ez duenak ez. Entitate publikoei ordaintzen ez badiezu kartzelara zoaz. Baina partikular batekin zorretan egonez gero heriotza arriskua duzu. Hemen, aldiz, gauza txikiena ere epeka finantzatu daiteke, eta horrek kontsumo kultura areagotzen du”.  

Auzolanaren emaitza

Adin ezberdinetako jende ugari ibili da auzolanean etxeak egokitzen; eta beste hainbatek sukaldeko tresnak edota etxerako gailuak eman dizkiete. Aurreko etxebizitzatik haien altzari eta gauzak eraman dituzte bizitoki berrira, baina sukalde eta komuna esaterako jendeak emandakoarekin atondu dituzte. Ez dute berogailurik, baina estufekin moldatzen dira.

HUTeko kideak oso eskertuta daude: “Autoritateak erakusten ari diren sentsibilitate ezari erantzun diote herritarrek”, dio Larreak. “Bai ahal da” mezua zabalduz beste etxebizitza eredu bat aldarrikatu nahi dute plataformakoek. 

Ruizek eta Pazek gogoratu dute eraikineko beste hiru bizitzetako auzokoek ere ongietorri beroa egin zietela. “Berehala hurbildu ziren gu ezagutzera eta auzo-lagun berriak izateaz asko poztu zirela adierazi ziguten. Egunetik egunera hondatzen ari ziren etxeez inguratuta egon baino nahiago dute jendea bizi den pisuak izan aldamenean”.

Kontratu baten beharra

Nafarroako Gobernuarekin kontratu bat lortu nahi dute. Gutxieneko baldintza batzuk sinatu eta legearen barruan egon, edozein momentutan bertatik botako ez dituztela ziurtatzeko. Bestalde, etxebizitzari asegurua egin nahi liokete zer gerta ere, eta argindarra eta ura ordaindu. Orain bizitokia haien izenean ez dagoenez ez dute gasturik ordaintzen baina inongo agiri ofizialetan ez da agertzen han bizi direnik, eta horrek legearen aurrean babesgabe uzten ditu.  “Guk ez dugu musu truk bizi nahi, gure diru-sarreren araberako alokairu soziala ordaindu nahi dugu”.

Haien egoeran dagoen jendea animatu dute norbere herri edo auzoko plataformara jo eta ahal den neurrian halako egitasmoak egiteko. Haien esperientzia beste batzuentzat baliagarria izan dadin nahi dute. Aldi berean, prest agertu dira hemendik aitzina etor daitezkeen berreskuratzeetan parte hartzeko.