argia.eus
INPRIMATU
Txik eta txok

Itxaro Borda 2014ko urtarrilaren 09a

Neoliberalismoa jendearen funtsezko askatasunarekin ez dator bat. Gehiengoa biluzten duen egiturak boterean irauteko manifestatzeko, oldartzeko eta egoerak salatzeko eskubideen murrizketa eskatzen du derrigor hondarrean diktadoreak jartzen dituela gobernatzen. Estatu kolperik gabe aldion, hauteskundeetarik aterako baita burnizko ahurraz manatuko gaituen gizon-hautatua.

Begiak ixten baldin baditugu aitzinean ditugun hilabeteak gogorrak, larrutzaileak, katastrofikoak itxuratzen ditugu. Aukerarik ez dugu, aterabiderik are gutxiago: 1.000 esker Pavlov eta elektrotxoke ongi-etorriak. Salbatuko diren bakarrak gure artean beldurra, ahalkea eta ibai orokorraren isuriarekin ez doazenenganako mespretxua hedatzen dutenak dirate. Jomugan daude Lampedusan hiloztu arrotzak, abortatzeko dretxoa kentzen zaien emazteak, zafratzen diren homosexualak, eriak, langabetuak...

Dostoievskiren idiota izan behar litzateke 2014 urtean zorionaren dasta, bizitza eta pentsamendua aldatzeko gogoa, irria ezpainetan eta bakea bihotzetan ukanen dugula irudikatzeko. Edo Bruce Springsteen.

Dream baby dream.