argia.eus
INPRIMATU
Mihiaren bidez gurpildun aulkiak mugitu

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko urtarrilaren 09a
(Arg: Gary Meek/Georgia Tech)
(Arg: Gary Meek/Georgia Tech)
Atlantako (AEB) ikerlari talde batek Science Translational Medicine aldizkarian argitara eman berri duen artikuluan dioenez, tetraplegikoek orain arte baino modu hobea izango dute euren gurpildun aulkiak gidatzeko.
 
Gaur egun, tututxo batean indar handiagoz ala txikiagoz putz eginez gidatzen dituzte aulkiak, baina laster mihia erabiltzerik izango dute. Horretarako, titanio magnetizatuzko piercing-a kokatu beharko dute mihian; eremu magnetikoen aldaketak neurtzen dituen tresna batek detektatuko ditu haren mugimenduak.
 
Mihiak hamazazpi muskulu ditu eta oso mugimendu zehatzak egiten ditu horien bidez. Saiakeran parte hartu dutenek oso ongi eta erraz higitu dituzte euren aulkiak edota pantaila bateko sagua. Ikerlariek lortu egin dute, gainera, sistema berria – TDS izenekoa– jatean edo hitz egitean ez aktibatzea. 2015ean haren erabilera zabaltzen hasiko dela aurreikusi dute.