Pedro Barroso, Euskadiko Gerrillari Erakundeko komandantea, Hego Euskal Herrian sartu zen lehen euskal maki taldeko burua zen. 1945eko udan epaitu zuten Donostian, eta Franco eta nazioarteko diplomatiko asko bertan zirenez, Gasteizera eraman zuten fusilatzera, eskandalua saihesteko. Irailaren 11 zen.
Hondarribia, 1944ko azaroaren 18a, gaua. Lehen euskal gerrillari taldeko aurreneko bost kideak txalupan hondartzaratu dira Hendaiatik. Pedro Barroso Segovia komandante komunista dute buru. Helburua, Gipuzkoan eta Bizkaian makiak kokatu eta barreiatzeko saiakera egitea.
Eurentzat azken bidaia izango zen hura. Batik bat Pedro Barrosorentzat. Izan ere, hamar gizonez eta emakume batez osatutako taldea egun gutxira atxilotu zuen polizia frankistak. Hasiera batean Donostiako Loiolako kuartelean egindako gerra-epaiketan gehienak heriotzara kondenatu nahi bazituzten ere, azkenean komandanteari ezarri zioten zigor gorena.
“Azkeneko aldiz epaiketa baino lehen ikusi nuen Barroso, patioan ginela gainerako presoekin. Bera ziur zen fusilatuko zutela. Epaiketaren ondoren, heriotza zigorrera kondenatu zuten eta soilik morsez hitz egiten genuen biok ziega batetik bestera. Kartzelan ezagutu nuen El Dia egunkariko zuzendaria, nazionalista, eta,heriotza zigorra kommutatzeko saiakera egiteko eskatu nion, baina ezin izan zuen deus egin”, gogoan du 98 urteko Marcelo Usabiagak, aipatu taldeko maki ohiak.
Hala ere, hura fusilatzeko arazo handi bat zuten faxistek. “Uda izanik, Gasteizera eraman behar izan zuten fusilatzera, hilabete horiek Donostian igarotzen zituztelako bai Caudilloak, bai nazioarteko ordezkari diplomatiko guztiek. Nazioarteko lotsa izan zitekeen fusilamendu hura, eta modu ‘diskretu’ batez hil zuten”, azaldu du Mikel Rodríguez historialari eta Maquis. La guerrilla vasca. 1938-1962 liburuaren egileak.
“Barrosok Ondarretako kartzelako apaizarekin pasa nahi izan zuen azken gaua, oso pertsona ona zelako, nazionalista. Hala izan zen, eta Gasteiztik itzuli zenean, Barroso pertsona zintzoa eta amaierara arte ausarta izan zela esan zuen apaizak”, dio Usabiagak, azken uneok berreskuratuz.
Euskal makien abangoardia
“Gu maki talde berezi baten etorreraren zain geunden. Eibarren hori zen gure kezka bakarra, eurei laguntzea. Hamar bat ginen eta kalean batzen ginen”. Ignacio Gaspar Álvarez zendutako gallartar komunistaren hitzak dira, Eibarren gerrillarion laguntza-taldekidea zena une horietan. Barroso eta Usabiagaren taldea Gipuzkoan sartu eta hurrengo gauean, Bernardo Zamora Iriarte Beñat kontrabandistak beste sei kideak ere pasa zituen txalupan Hego Euskal Herrira.
Hala, gerrilla matxinada piztuko zuen aurreneko taldea bi zatitan bidali zuten Gipuzkoara. Argazki bana zeramaten denek, Iparraldean atereak, Hegoaldera pasatakoan dokumentazio faltsua egiteko. “Bigotea kamuflatzeko utzi nuen”, gogoan du Usabiagak. Ondoren, Gipuzkoan jada, Donostia, Eibar eta Bilborako bidea hartu zuten borrokalariek hiru taldetan banaturik.
“Otxabiña, Huerga eta González Suárez etorri ziren Eibarrera, eta desagertutako Sautxi baserrian gorde nituen. Ez zutenez dokumentaziorik, González Suárezi nik eman nion nirea. Hala erori ginen gu, ziztu bizian… Etxean harrapatu ninduten lo poliziek eta besteak baserrian”, dio Álvarezek. Denak poliziaren atzaparretan erori ziren –batzuek, tartean Barrosok berak, Melitón Manzanas ospetsuaren torturak jasan zituzten–. Batek, ordea, ihes egitea lortu zuen: José Gandiak, hain zuzen.
Pedro Barroso, zehazki, abenduaren 3an atxilotu zuten Bilbon. 1916an Toledon (Espainia) sortua, lanbidez igeltseroa zen Bartzelonan. Komunista, PSUC alderdiko kidea izaki, 1946ko Gerran kapitain eta Toledoko Herri Tribunaleko kide izan zen. Atxilotu eta Bartzelonako La Modelo espetxean sartu zuten 30 urteko zigorrarekin. Baina 1944ko uztailean Iparraldera ihes egitea erdietsi eta berehala maki sartu zen, 102. Dibisioko komandante gisa; azkenean, gerrillari talde bereziarekin muga igarotzean atxilotu zuten arte. Gerrillari batek taldekideen izen-abizenak eta karguak jartzen zituen paper bat zeraman eta hori nahikoa izan zen epaile frankistak Barrosori heriotza zigorra ezartzeko. “Behin eta berriz esan nien soinean datuak eta paperak ez eramateko. Azkenean, guretzat salbazioa izan zena –ni soldadu hutsa nintzela esan bainion epaileari–, Barrosorentzat akabera izan zen”, gogoratu du Usabiagak.
Makiak Hegoaldean barna
1944. urtean Francoren aurkako gerrillak sartzen hasi ziren Nafarroan. Baina porrot handia izan zela ikusirik –frankistek euren indar armatu eta polizialak bertan batu baitzituzten–, Aran bailarako inbasioa hasi zuten Espainiako Birkonkista Operazioa-ren barnean. Taldeotan hamaika euskaldun zeuden; baita atzerritar antifaxistak ere. Hala ere, azkenean Arango eraso bortitza ere hanka-sartze itzela izan zen, makina bat gerrillari hil baitzituzten.
Bi porrot horien ostean, borrokalariak talde txikitan sartzea erabaki zuten antifrankistek. Halatan, Frantzian ziren maki espainiarren erakundearen barnean Euskadiko Gerrillari Erakundea sortu zuten, Victorio Vicuña lasartearra buru zela. Muga igarotzeko aparatua Asensio Arriolabengoak zuzentzen zuen; itsasoz eta batik bat Nafarroatik oinez igaro ohi ziren makiak. “Espainiar gerrilla-zuzendaritzan euskaldunak baziren asko, baina ezin da jakin zehazki zenbat euskaldun zeuden denera makietan, han-hemenka baitzeuden nahasturik; garaiko PCEren dokumentazio asko ez da existitzen edo oso kalteturik dago. Gainera, izenen zerrendak ikustearekin ez da nahikoa”, dio Rodríguezek. Eta Euskadiko Gerrillari Erakundean zenbat lagun ote? “Behe Pirinioetako Brigadak, esaterako, Iparraldeko gune menditsuenak naziengandik askatu zituen, eta 300 lagun inguru ziren”, azaldu du euskal makien kopuruaz. Usabiagak ere zenbaki bera bota du: 300 inguru.
Asmo argi eta garbia zuten: Bizkaian eta Gipuzkoan sustraituz, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko gune menditsuetan jardutea. “Baina hemen mendiak oso populaturik daudenez, ez dira nahikoak makiak gordetzeko. Hori dela eta, ondoren, hiri-gerrilla ezartzeko saiakera egin zuten Bilbon”, esplikatu du historialariak.
Haatik, gerrilla ez zen Euskal Herrian errotu. Lehenik, “poliziak eta armadak atxilotutakoak eta hildakoak hamaika” izan zirelako. Ondarretako kartzelan, kasu, “80 edo 90 maki” bazirela adierazi du Usabiagak. Bigarren zioa, herritarren laguntzarik eza izan zen: “Hegoaldean jendeak zuen beldurraren ondorioz –dio Rodríguezek–, maki batzuk Iparraldera itzuli ziren, beste batzuek desertatu eta euren herrietara jo zuten bizitza normala egitera, eta beste batzuek Europako Mendietara jo zuten. Egokitzeko zailtasun handiak izan zituzten Euskadin”.
Bi aldeetako ezberdintasunak
Iparraldean ziren euskaldun gerrillariek animoa goran zuten oso: “Iparraldera heldu bezain laster, Otxabiña eibartarra ezagutu nuen eta egun gutxitan Eibar hartuko genuela esan zidan! Ni zur eta lur geratu nintzen berari begira, Gipuzkoatik ihes egin bainuen eta banekien nolakoa zen egoera”, kontatu du Usabiagak bere taldekide Víctor Lecumberri Otxabiñari buruz hizketan. “Desertzioen gakoa da hori: gerrillari askok ez zuten pentsatzen halako borroka latzak izango zirenik, euren atzetik aliatuak sartuko zirela ere uste zuten, eta herria eurekin matxinatuko zela diktaduraren aurka. Nazioarteko demokraziek Francorekin zerbait egingo zutela pentsatzen zuten, gainera. Eta oso bestelako egoera topatu zuten Hegoaldera joandakoan: laguntzarik ez, jazarpen ikaragarria… Barrosoren taldeak, ordea, bazekien frankismoa ez zela egun batetik bestera eroriko”, gaineratu du Rodríguezek.
Hegoaldeko herritarren artean izua handia zen oso. Hala berretsi du maki zaharrak: “Heldu ondoren Donostiara joan ginen, baina garai horretan beldur handia zegoen gizartean eta ez genuen ezkutatzeko etxerik aurkitzen. Lagunengana joan eta inork ez gintuen nahi”.
Honi beste gauza bat lotu behar zitzaion: infiltratuak. “Guardia zibilek eta soldaduek muga zeharkatzen zuten maiz, batzuetan kalez jantzita makietan infiltratu nahian, eta beste batzuetan uniformez, tiroak jotzeko prest. Zenbait gerrillari tiroka hil zituzten Iparraldean”, azpimarratu du Rodríguezek. Usabiagak, hain zuzen ere, espia baten kasua oso gogoan du: “Zulueta delako bat ezagutu nuen Iparraldean; berarekin garagardo batzuk eta guzti edan nituen. Gu atxilotu ondoren Ondarretako kartzelan azaldu zitzaigun poliziarekin; denok ezagutu gintuen! Espetxean geundela, Barrosok esan zidanez, hura harrapatu eta torturatu egin zuten, ihes egitea lortu zuen arte: makietan 50 infiltratu zeudela onartu zien Zuluetak”. Badirudi Zulueta Realeko atezainaren anaia zela, militar karguduna ofizioz, Rodríguezen arabera.
Hasieran ideologia ugari
Gerrilla bere osotasunean komunista zela pentsatu dute askok, baina hori ez zen hala; ez hasieran behintzat. 1944ko udan, Frantzia naziengandik askatzerakoan, alemaniarren aurka gerrillari talde dezente ari ziren borrokan. “Ez zeramaten komunista izenik, soilik UNEren pean (Unión Nacional Española) zeuden”, dio historialariak.
Hortaz, alemaniarren aurka borrokatu nahi zuen jende anitza zegoen makien artean, eta jende berri asko ere gehitu zitzaien gainera: “Sozialistak baziren, EAJko jendea ere bai, akaso ez oso konbentziturik, baina faxismoaren aurka borroka egiteko bide bakarra zelako sartutakoak, baita ANVko kide dezente ere”, azaldu du makietan adituak. Nolanahi ere, horietako batzuk gerrillatik irten ziren, EAJk sorturiko Gernika Batailoia osatuz; 1945ean nazien aurka borrokatu zuten Atlantiar kostaldean.
Gerrilla komunista kutsu handiagoa hartzen joan zen heinean, “pixkana euskaldun askok makiak utzi zituzten”, nahiz eta 1945 hasieran oraindik komunistak ez ziren borrokalariak baziren tartean: “Batzuetan, gezurra badirudi ere, bizitza aurrera ateratzeko modu bakarra zen hura. Izan ere, atzerritarra baldin bazinen garaiotako Frantzian, eta lanik gabea, nora joan ere ez zenuen”, gaineratu du Rodríguezek. Hala ere, 1945etik aurrera komunistak baino ez ziren geratu talde horietan.
Euskal gerrillariak asturiarrekin
Euskadiko Gerrillari Erakundearen jarduna ez zela batere eraginkorra ikusi zuten PCEn 1945 urte erdialdean, eta Europako Mendietako gerrilla taldeari atxiki zioten Euskadikoa. Hala, asturiar makien artean bi euskal gerrillari talde zeuden.
Bi maki talde horiek Bizkaian jarduteko saiakera egin zuten 1946an. “Une horretan gerrillarietako batzuk ez dira asturiar mendietatik jaistera ausartuko. Azkenean, soilik bospasei maki joan ziren Bilbo aldera, Mateo Obraren gidaritzapean, baina poliziak berehalakoan atxilotu zituen”. Harrez geroztik Euskal Herriko hainbat lekutan PCE arituko da borrokan, besteak beste bahiketaren bat eginez. Euskadiko Gerrillari Erakundea –aktiboki, bederen– desagertutzat eman zitekeen.
1947tik aurrera ez zen gerrilla armaturik antolatu diktaduraren aurka, baina bai ordea pertsonak Ipar Euskal Herrira igarotzeko sare bat. “Gidariak zituzten, Alderdi Komunistako pertsona adierazgarriak eta gerrillariak Frantziara bidaltzeko”.
Zehazki, euskal lurretan sortutako azken maki mugimendua 1962. urtekoa izan zen. El Campesino komunista “ez ortodoxoaren” taldea Iparraldetik Nafarroan sartu zen eta Guardia Zibilarekin topo egin ondoren borrokan aritu ziren. “Kronologikoki ekintza militar batzuk egiten jarraitu zuten, baina jada ez dira Euskadiko Gerrillari Erakundeak eginikoak. Andaluziar edo asturiar makiak dira, Frantziara itzuli nahian poliziekin eta soldaduekin tiroka”, adierazi du Rodríguezek.
“Alaitasunez egin dut dena”
Victorio Vicuña, Eduardo Aparicio, Carmen Eixarch, Marichu Guridi, José Larreta, Ramón Santamaría, Vicente Arizaga… Asko dira Euskal Herrian maki izandakoak edo gerrillari lagundu ziotenak. “Batzuk oso bitalistak dira, idealen alde bizitza arriskatu behar dela zeharo konbentzituta daudenak, eta badira beste batzuk nahikoa triste bizi izan direnak azken urteotan, borroka horrek guztiak zer zentzu izan zuen pentsatzen dutenak. Sobiet Batasunaren erorketak iparrik gabe utzi zituen gehienak. Dena dela, guztiengandik ikas liteke asko”, dio horietako batzuk gertutik ezagutu dituen historialariak.
Ezbairik gabe, askatasunaren alde ahalegin handia egin zuten pertsonak dira denak, baina gizarteak zokoraturik utzi ditu: “Historiako galtzaile handienak dira komunistak: egin zuten gauzetariko batek ere ez du laguntza mediatikorik izan. Demokrazia heldutakoan, PSOEk bere mitoak jaso zituen, EAJk bere pertsonak, eta, komunistek soilik hildakoak zituzten astintzeko… Zoritxarrez, ahazturiko agureak izaten amaitu dute”.
Ahanzturaren zorigaitzari beste bat datorkio gainera: heriotzarena, gero eta gutxiago geratzen baitira gure artean: “Ez naiz ezertaz damutzen, eta guztia berriz egingo nuke”, onartu digu irmo Marcelo Usabiagak. Victorio Vicuña zenak ere honakoa esan zuen: “Begira, ni beti egon naiz egon behar nuen lekuan. Banekien bizia jokatzen nuela, baina alaitasunez egin dut dena”.
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.
Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.
German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.
Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.
1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]
Egin gintuztenen eta geure borondatearen kontra eraiki nahi izan zigutenen oinarria berriro ere indar berritzen ari ote den nago.
Eskolako Kontseiluaren izenean honako baldintza hauek jartzen zitzaizkien, gerraostean, gure herrietara maistra lanera zetozenei, derrigorrean... [+]
Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]
Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]