Lanbide Heziketako (LH) ikasleetatik praktikak euskaraz zenbatek egiten dituzten jakin nahian sortu zen Gehitu proiektua. Gipuzkoako LHko ikastetxeek sustatutako egitasmoa da eta azken helburua zera da: enpresetara praktikaldia egitera doazen D ereduko ikasleek egonaldia euskaraz egin ahal izatea.
Hasteko, enpresen errealitatea zein den ezagutu beharra zegoen eta joan zen ikasturtean inkesta egin zieten Gipuzkoako LHko 711 ikasleri. 490 enpresen datuak eskuratu zituzten. Aurten bigarrenez gauzatuko dute inkesta. 2014ko iraila aldera, eragile guztien artean emaitzak aztertzeko jardunaldia egingo dute, eman beharreko urratsak denen artean adosteko.
“Kezka sortzen da pentsatzen hasita ikasle gehienak euskaldunak izanik ia zer demontre gertatzen den praktikaldian”. Halaxe kontatu digu IMHko Ekinberri proiektu-taldeko arduradun Fermin Lazkanok. Eskolako ikerketa txiki batekin hasi ziren eta ikusita emaitzak ez zirela hasiera batean uste bezain txarrak, gainerako eskualdeetan ere egoera zertan zen ikustea erabaki zuten. Horrela sortu zen Gehitu proiektua. Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute egitasmoan.
Iazko ikasturtean Gipuzkoako 20 ikastetxetako ikasleen datuak jaso zituzten. Neurtu nahi zuten ea D ereduko LHko ikasleak praktikak egitera doazenean zein hizkuntzatan artatzen dituzten eta praktikak euskaraz egiteko aukera izaten duten. Proiektuaren lehenengo fasea da, jakina, gero etorriko da interbentzio fasea, “datuak guztion artean aztertu ostean, enpresako ordezkari, praktika arduradun, euskara planen arduradun eta erakunde ordezkarien artean”.
2012-2013 ikasturteko inkestatuen kasuan, %53 D ereduko ikasleak izan dira; %33 A eredukoak. Jasotako datuak hiru multzotan banatu dituzte: ikasleei harrera zein hizkuntzatan egin zitzaien, hau da, enpresarekin izan zuten lehenengo hartu-emana ea euskaraz izan zen –ahoz eta jasotako dokumentazioa–; enpresak izendatutako tutorearekin zein hizkuntzatan aritzen ziren, hau da, ea tutorea euskalduna zen eta hala bazen, ea euskaraz aritzen zen; eta, hirugarrenik, enpresako gainerako langileekin zein hizkuntzatan aritzen ziren. Jasotako datuen arabera, badaude enpresetan gutxienez 99 harreragile, euskaldunak izanik ere, gaztelaniaz aritu zirenak ikasleekin. “Hor badago zeregina”, Lazkanoren ustez. “Harrera da, ez dago zailtasun teknikorik eta gutxi eginda, kopurua igoko litzateke erraz”. Tutoreena zailago jotzen du. “Euskalduna egokitu behar zaizu, euskaraz egin nahi duena, lanari buruz euskaraz egiteko ohitura duena, eta euskaraz egin behar du hiru hilabetez arduradun moduan…”. Kopurua bere iritziz ez da hain txarra: %42 gaztelaniaz eta %37 euskaraz aritu ziren. Baina, horrez aparte, egon badira euskaldunak gaztelaniaz aritzen direnak; inkestaren arabera, 50 kasutan, euskaldunak izanik ere gaztelaniaz egin zieten ikasleei. Beraz, “hori ere, interbentzio puntu interesgarria litzateke”.
Interbentzioa bigarren inkestaren datuak jaso eta baloratzen dituztenean definituko dute. Baina, oraingoz, hasita dira zertzalada batzuk asmatzen. Esaterako, praktiketako arduradunak bildu eta beren prozeduretan nabarmen lagatzea tutoreak euskaldunak diren ala ez, eta jarraipena egitea, “euskaldunak diren kasuetan, ikasleari euskaraz zuzentzeko eskatzeko”. Gero, enpresa buruekin hitz egiteko kanpaina letorke, batez ere, euskara planak dituzten enpresekin. Lazkano, dena den, kontziente da proiektu honen iturburua euskararekiko kezka duten bizpahiru hezitzaileren gogotik sortu dela eta ikastetxeek enpresetan ez dutela eskuhartzerik. Hala ere, garbi dauka “lanbide heziketako praktikak ere hezkuntza eredu barrukoak direla” eta ikastetxeen ardura dela ikasleek hautatu duten ereduan izan daitezen praktikak.
Beraz, eta aitortuta ere ikastetxeen eskuhartze maila ohartaraztera mugatzen dela, nolabaiteko prozeduraren bat ezarri beharra ezinbesteko jotzen du ikaslearen hautazko eredua errespetatzeko era automatizatuan.
IMHko arduradunak dioenez, nolabaiteko erlazioa badago eskola ereduaren eta erabileraren artean. “Euskaraz aritu direnak, hau da, D ereduko ikasle izateak lotura du harrera euskaraz jasotzearekin, baina beste ereduak gaztelaniarekin askoz ere erlazionatuagoak” daudela, dio Lazkanok. Hori kontuan, D ereduan eta A ereduan dagoen Lanbide Heziketa eskaintza zein den jakin nahi izan dugu, datu esanguratsua baita ikaslearen euskara ezagutza maila. 2013-2014 ikasturtean erdi mailako Lanbide Heziketako ikasleen %76 A ereduan ari da eta D ereduan, berriz, %23. Hezkuntza Sailak ikasturte hasieran adierazi zuenez, euskarazko ereduak Lanbide Heziketan gora egin du eta lehen aldiz, ikasleen laurdena baino gehiago ari da euskaraz.
Lurraldeka alde nabarmena dago ereduka egiten den eskaintzan. Gipuzkoan D eredua nagusi den arren LHko ikastetxeetan, Bizkaian eta Araban A ereduaren eskaintza nagusitzen da. Hala ere, aipagarria da, esaterako, Araban nabarmen hazi dela D ereduaren eskaria, ikasleen aldetik. Eustaten datuen arabera, 2010etik 2011ra %12 igo zen LHko D ereduko matrikula. Horri gehitzen badiogu enpresatan ere belaunaldi aldaketa ematen ari dela eta euskaldunak izateaz gainera, ikasketak euskaraz egin dituztenak gehiago direla, “lanerako salto hori ere errazago gertatzen da, euskara teknikoaren erabilerarako arazo gutxiago dutelako”. Hori dela eta, Lazkano baikorra da, beti ere interbentzio fasera heltzea adosten bada. Eta horretan 3-4 urte barru berriz neurtzerik izango litzateke egindako lana, “ia interbentzioak eraginik izan duen ala ez”.
Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.
Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.
EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.
Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.
Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete antolakundeak Baionan elkartu dira Famili'on egonaldi ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko. Hizkuntza mailaren arabera eskaintza bat edo beste egongo da eta haur zein gurasoentzat izango da udaberrian.
Hamahiru ZirHika kide batu dira hitanoaren erabilera aldarrikatzeko eta antolakundearen ekintzen berri emateko. Azalpenak Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta Galtzaundiko Uxoa Elustondok egin dituzte. Horiei, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak eta... [+]
Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.
"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.
Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".
44 urte ditu, ama mexikarra, eta eskoziarra aita. Mexiko Berrian jaio zen, Utah-n hazi, eta duela hogei urte izan zuen euskararen berri, Cadizen Zinemagintza ikasten ari zela, norbaitek abizen euskalduna zuela esan zionean. Duela bi urtetik Donostian bizi da eta euskara ikasten... [+]