argia.eus
INPRIMATU
Jaio ginen eta bizitzea zor
Jakoba Errekondo 2014ko urtarrilaren 09a
Likena zuhaitz adar batean. Lurreko azaleraren %6 estaltzen omen dute likenek. (Arg: Nobert Nagel)
Likena zuhaitz adar batean. Lurreko azaleraren %6 estaltzen omen dute likenek. (Arg: Nobert Nagel)
Gozoa da algarrobondoaren leka, Ceratonia siliqua. Arbolaren zurak bezala, lekak, gozoa izateaz gain, erabilera ugari du. Guk txokolatearen ordezko bat egiteko darabilgun leka hori koioteen gutizia da, Kalifornia aldean. Olibondoak (Olea europaea) edo sagarrondoak (Malus x domestica) bezala, Europan zenbat gauzatarako egokia zen ikusirik, AEBetara algarrobondoak eramatea otu zitzaion baten bati. 1856. urtean, Espainiatik,  8.000 landare eraman zituzten eta Florida, Arizona, Texas eta Kalifornian aldatu. Ondoen Kaliforniako bizimodura egokitu zen, etsi-etsian ederki moldatu ere. Geuk bezala landareek ere badakite “jaio ginen eta bizitzea zor” esaten. Egun landare inbaditzailetzat dute han. Epaia eman eta ipurditik moztuta ere, altsuma ugari indarrean emanez ederki ernaberritzen da. Baldintza ekologikoak, klima eta lurra batez ere, ote dira Kalifornian beste lekuetan baino hobeak algarrobondoarentzat? Ala, bere lekazalea den animalia bat han baino ez du aurkitu? Koiotea. Hark, lekak janez, haziak barra-barra barreiatuko ditu, han eta han. Algarrobondoak zer atarramendu luke koioterik gabe? Naturan hain ugaria den elkar laguntzearen beste adibide baten usaina hartzen diot nik txokolate horri... 
 
Likenak dira horrelako elkartzeen adibide ezagunenetakoa. Onddo baten eta alga baten elkartea da likena. Biek etekin ona ateratzen dute. Eguzki irraden eta lehorteen aurrean babesa dakar onddoak, eta algak, landareek bezala, fotosintesia egiteko gaitasuna. Bitasun horrek ikaragarrizko arrakasta izan du guk “gure” deitzen dugun mundu honetan. Euskarazko Wikipediak dioenez hogei milioi espezie inguru liken dira, katalanezkoak, aldiz, 20.000 bueltan direla dio. Batek daki! Zerbait izango da. Zenbat mila gorabehera, lurreko azaleraren ehuneko sei likenek harrapatua omen dago. Elkartzeak izugarrizko indarra eransten dio eta ia beste inor bizi ezin daitekeen tokietan ere hazi eta bizi dira. Basamortu idorrenetan, polo izoztuetan... Likenek gai berezi batzuk sortzen dituzte, zeinak medio, ura eta argia hobeto baliatu eta hondakinak kanporatzeko gaitasuna areagotzen baituten. 2005ean, Madrileko Complutense Unibertsitateko irakasle Leopoldo Sanchok, Errusiak jaurtitako Soyuz ontzi batean espaziora bidali zituen bi liken. Hamabost egunez ontzitik kanpora izan zituzten, espazioko hutseko irrada eta tenperatura goiti-beheitiko izugarrien mende. Bueltan etorri zirenean, inongo kalte arrastorik gabe, ongi bizitzen jarraitu zuten. Jaio ziren eta bizitzea zor.