argia.eus
INPRIMATU
Ezinbesteko tantak

Amets Martinez Moreno @tantaztanta 2014ko urtarrilaren 09a

Tanta bat bada zerbait, bere baitan itsaso oso baten sekretua gordetzen baitu. Hori da labur esanda Tantaz tanta kanpainaren filosofiaren funtsa. Urteak daramatzagu jokaleku berri baten aurrean gaudela entzuten, urteak aukera berriak zabaldu zaizkigula aditzen. Entzun eta aditzeaz gain, gutako bakoitzak zer esan eta zer egin handia dugula pentsatzen dugunok osatzen dugu ekimen hau. “Gauzak aldatu behar dira” esatetik, “gauzak aldatzera goaz” deritzogunak jarri gara martxan, eta tantaz tanta filosofia horrekin busti nahi ditugu Euskal Herriko bazter guztiak.

Preso eta iheslarien eskubideen eremua izan da betidanik estatuen aldetik erabilitako gaia gatazkaren konponbideari ez heltzeko, herri osoa gatazkan iraunarazteko. Egoera horretan bizi diren euskal herritarren oinarrizko eskubideak urratzea, dispertsioa bezalako neurri krudela mantentzea edota larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzeak, mendekuaren logikari soilik erantzuten dio, galtzaile eta garaituaren diskurtsoari. Bitartean, gure herrian, gatazkaren konponbideari edota gatazkaren ondorioei irteera bilatzeko formula eta dinamikak etengabeak dira. Espetxean edota deserrian ematen diren giza eskubideen urraketak ez direlako soilik horiek bizi dituztenen arazo. Herri osoak izan behar du oinarrizko giza eskubide horien defendatzaile, etorkizuna oinarri horien baitan eraiki nahi badugu behintzat.
Beraz, tanta bakoitzak asko dauka egiteko. Bakoitzak bere esparrutik askoz ere gusturago lan egiten dugula badakigu. Tanta bakoitzak duen potentzialtasunean sinetsi behar dugu, kultur arlotik, hezkuntzatik edota kirol esparrutik preso eta iheslarien eskubideen defentsan antola ditzakegun ekimen andana daude. Zein da gakoa? Irudimena, lana eta gogoa. Etsipenean murgildu nahi gaituztenen aurkako formula egokiagorik ez dago. Bilboko itsasoak guzti honen hasierako erakusleiho izan behar du.

Urtarrilaren 11n, herri honen borondatea islatuko duen itsaso ahaztezina burutuko dugu. Tanta guzti horien erakustaldi historikoa, gure herriak inoiz ezagutu duen espazioaren okupaziorik handiena antolatzen gabiltza auzolanean, eta egunean bertan ere, ehunka bolondres urdin izango ditugu Bilboko kaleetan den-dena behar bezala irten dadin.

Bi olatu osatuko ditugu Udaletxeko plazatik eta La Casillatik, preso eta iheslarien senideak irekiko dituzten bi olatu erraldoi. Bi olatu horiek bat egitean helduko da mobilizazioaren puntu gorena, itsasoa sortzeko momentua. Ahaztezina izango den une hori ezinezkoa izango da gutako bakoitzaren tantarik gabe, zu ere behar beharrezkoa zara!