argia.eus
INPRIMATU
Edertasuna
Jarrera kontua da dena
  • Gure gorputzen gaineko presio sozialari irri batekin iskin egiteko proposamena luzatu digu Gracie Hagen argazkilariaren Ilusions of the Body proiektuak.

Axier Lopez @axierL 2014ko urtarrilaren 09a

“Dena itxura, dena gezurra da. Ederra bezain faltsua” oihukatzen dute Leihotikan taldekoek. Willis Drummondeko lagunek ideia berean sakondu dute “heroiak mamuak dira, ez baduzu sinesten, ez dira existitzen… esan nun dauden!” abestuz. Gaur egun munduari begiratzeko eta berau interpretatzeko ezinbestekoak dira irudiak. Hurkoarekin harremantzeko moduak aldatzeko ere gai dira. Janzten dugunaren edota gerri bueltaren tamainaren arabera, aurreiritziak bizi gaitu. Eta itxura faltsuen liga honetan emakumezkoen taldeak kanpoko zelaian jokatzen du beti, bi jokalari gutxiagorekin eta arerioak arbitroa erosita. Izan ere, emakumeek txikitatik jasaten duten itxurarekiko kezka, beti polit, beti eder egon beharraren presioa demasa da.

Gracie Hagen argazkilariak itxura eta tankera anitzeko pertsonak, gehienbat emakumeak, kameraren objektiboaren aurrean jarri ditu biluzik, Ilusions of the Body ekimenean. Enkoadrea eta ingurua aldatu gabe, bi argazki egin dizkie: ezkerrean argazki sesioetan ohikoak diren poseak erabiliz eta eskuinean guztiz bestelako jarrera batean. Gorputzak irudikatu behar duenari eta begiratzeko dauzkagun arauei buruz hausnartzeko iradoki du kontrastea, hain zuzen.

Publizitatearen menpeko komunikabideek, gehiengoak alegia, “jendearen alderdirik ederrena azaleratu ohi dute eta gu irudi haiekin konparatzen gara”, dio Hagenek proiektuaren aurkezpenean. Urriak dira poserik edo Photoshopik gabeko irudiak hedabide masiboetan. Beti zuzen, makillaje egokiaz apainduta eta Profident irribarreaz. Argazkilariak webgunean dioen gisan, “serie honekin gorpuzkera, etnia eta genero anitzak erakutsi nahi izan ditut, ‘itxura normala’ existitzen ez dela azalarazteko, tamaina eta forma anitzekoak garela oroitarazteko”. Musikara bueltatuz, Koma taldeko lagunek berdina esan ziguten zuzenago, nafarrago nahi bada: “Teleberriko aurkezlea, Rocioko Birgina, multinazionaleko zuzendariak, irratiko izar diruduna… imajinatu itzazu kakainean”.

Egilearen proiektu, argazki eta bideo gehiago dituzue argazkilariaren graciehagen.com webgunean.