argia.eus
INPRIMATU
Urrezko hazia
Jakoba Errekondo 2013ko abenduaren 26a
Algarrobondoa (Ceratonia siliqua).
Algarrobondoa (Ceratonia siliqua).Argazkia: Giancarlo Dessi-CC By SA

Ceratonia siliqua da algarrobondoa. Kultura atlantikoa dugunontzat, beste mundu bateko arbola. Hura ezagutzez gero, kultura mediterraneotik tira beste aukerarik ez dugu. Ceratonia izena arabierazko querat edo grekozko kêras hitzetik dator; arabiar hitzak pisu txikia adierazten du –hazia pisu neurria zen; hortik kilatea– eta grekoak adarra, fruitu duen lekaren formagatik.

Siliqua abizenak ere badu bada saltsa. Silikua, bere horretan, fruitu mota baten izen botanikoa da. Era horretako fruitua ematen duen landare familia ezagunena garai batean Gurutzedunena eta egun Brassicaceae deitzen dena da (arbia, aza, koltza...). Algarrobondoak leka erakoa du fruitua, lekalea du hazia. Silikuarik ez. Nondik, bada, siliqua abizen hori?

Silikua garai bateko Erromako txanpon bat zen. Baita pisu neurria ere. Biei algarrobondoaren hazitik zetorkien izena, hura bai zen silikua. Silikua batek 0,185 eta 0,19 gramo arteko pisua du. 1.728 silikuarekin osatzen zen erromatar libra, zuritutako 6.912 garagar aleekin bezala. Lau garagar ale silikuako. Pisutik dator txanpona. Urretan silikuaren pisu hori zuen txapona ere silikua bat zen. Bizantziarrek eutsi zioten pisu neurri horri.

Hazia, pisua eta txanponaren nahaste-borraste horri arabiar batek eman zion erramua: Abd al-Malik kalifa omeiak 696. urtean lehen diru sistema arabiarra abiarazi zuen, kilatea, silikuaren pisua, normalizatuz.

Algarrobo izena, berriz, hispanoarabiar alharrúba-tik, zein arabiar klasikoko harrūbah edo harnūbah, bietako batetik, eta horiek persierako har lup-etik baitatozen. Azkeneko hasierako horrek “asto matrailezurra” adierazten du. Lekaren antzagatik ote?

Horra Mediterraneo alde horretako anabasa. Arabiarrak, omeiak, grekoak, erromatarrak, bizantziarrak, pertsiarrak... Azkenean kilatea nagusi. Baina algarrobondoak badu bestelako aberastasunik ere: leka bazka bikaina da, azukreak eta goma ditu eta txokolatearen ordezko bat egiteko edo alkohola sortzeko gaia da. Tunisian cidre (sagardoa) deitzen dioten edari bat egiten dute. Haziak Ingalaterran gozoki gisa saldu izan dira, baita kafearen ordezko bezala ere. Aleon irina ona da diabetesa dutenentzat bezala haurrentzat. Haren zura altzariak egiteko ona. Zura, leka, hazia... eta lorea ezin ahaztu: arbola ar eta emeak daude, eta, arraren loreak nolako usaina duen? Sudurraren arabera, gizonaren espermarena edo ustel usaina. Zakilizaleentzat.