Gipuzkoako gidariek sei hilabete daramatzate euren automobil, moto, furgoneta eta kamioiak errebisatzeko problemekin. Irungo eta Urnietako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) zentroak greban daude. Arrazoia: Eusko Jaurlaritzaren esleipen publikoaren bidez duela 20 urtetik zerbitzua kudeatzen duen TÜV Rheinland enpresa alemaniarrak ez duela langileekin adostu nahi lan baldintzen markorik. Amaiezina dirudien greba baten historia da hau.
Egun bakarreko grebak motz geratzen direla uste dutenek badaukate protesta luzeagoetarako eskola: Urnietako eta Irungo IATko langileen bilera hau. Sei hilabete daramatzate lana utzirik. Bukaera eperik jarri gabe hasi zuten huelga eta ez du ematen zerbitzu publiko hori bere esku daukan TÜV Rheinland enpresak problema konpontzeko borondate handirik daukanik.
Espainiako Lan Erreformaren mamua ikusi dute langileek atzean. Alegia, enpresak ez duela berretsi nahi euren baldintzak blindatuko lituzkeen akordioa, prekariora jokatzeko kartak eskuan dauzkalako PPren Gobernuak indarrean jarri duen legediari esker.
Abenduaren 5eko eguerdia da. Hernaniko ELA sindikatuaren egoitzan 30 bat lagun, beren kausa erakunde publikoetara nola eraman eztabaidatzen eta umore onean hala ere. Ketxus San Emeterio langile batzordeko lehendakariak darama bolantea: esplikatu duenez, udaletara joko dute; herriz herri euren eskariak ezagutzera eman nahi dituzte, erakunde lokaletatik Eusko Jaurlaritzarainoko bidea egin dezaten. EAEko Gobernuak gai honetan hartzen duen jarrera izan liteke giltza, hura izan baitzen enpresa pribatuei automobilak aztertzeko zerbitzua kudeatzeko aukera zabaldu ziena 1993an. Eta bere esku dago zerbitzua zein baldintzatan esleitzen den erabakitzea.
Sei hilabete, baina ez lehenengoak. 2010ean beste hainbeste egin zituzten greban eta urte hartako ekainaren 15ean negoziazio egun luze baten ostean sinatu zuten hitzarmena komiteak eta TÜV Rheinlandek. ETBren kamerek jaso zuten arratsalde urduri hartako koadroa: langileak zain Lan Harremanen Kontseiluak Donostiako Hondarribia kalean daukan bulegoaren kanpoan, zer gertatuko bertatik bertara jakin nahian. Eta azkenean berri onak, besarkadak, txaloak.
Biharamunean, gaur bilera egiten ari diren gela honetan bertan pankarta jarri zuten ELAko kideek, “lortu duzue, zorionak!”. Akordioa langileen asanbladan onartu ondoren hamaiketakoa janez ospatu zuten irribarre txikiarekin, borroka luzearen zama gainean oraindik. “Gauzak izorratuta dauden garai hauetan lezioa eman diozue gizarteari: borrokatuz lor daitekeela”, esan zien sindikatuko kide batek.
Orduan hitzartutako akordioa da orain kolokan dagoena. Langileen baldintzak erregulatu zituzten lanuzteen ondoren, baita jardueraren kudeaketa zuzena eta zerbitzu publikoa egoki emateko kondizioak zehaztu ere. Soldata-eskalak erregularizatzea, pertsonal gehiago kontratatzea eta denek gutxiago lan egitea –35 ordu astean–; eta, batez ere, herritarrei EAEko zerbitzu-ordutegi zabalena eskaini ahal izatea, 7:30etatik 20:30ak arte. Mundu guztia ateratzen zen irabazten antza: langileek euren baldintzak hobetuko zituzten eta zerbitzuaren erabiltzaileek, Gipuzkoako gidariek, erosotasun handiz pasa ahalko zuten errebisioa ia egun osoko ordutegiari esker.
Baina akordio horrek 2011. urtea bukatu arte balio zuen. Geroztik, enpresa ezetzean dago eta langileak gatazkan. Negoziatzeko modu berezi samarra erakutsi du TÜV Rheinlandek, izan ere, langileei idatziz hainbat proposamen egin dizkie, baita langileek onartu ere; baina akordioari autografoa botatzeko momentuan, atzera egin du kontzesiodun enpresak.
Hortik protesta: 2012an hiru egunetik batean ez zuten lanik egin, duela hiru urteko akordioa berritzearen alde. Aurten egun erdiz hustu dituzte lantokiak 65 alditan, ekainean greba luzeari ekin aurretik.
Bizi liteke mugarik gabeko greban? Nola? “Gerrako ekonomia” dela dio San Emeteriok, bilera bukatu ondoren hizketan. “600 euro inguruko erresistentzia-kutxa dauka sindikatuak. Horrekin biziraun dezakezu eta erresistitzera behartzen zaitu. Denak gabiltza etxean gurasoen laguntzarekin eta umeen janaria ahal den bezala ordaintzen”.
Ainhoa Quevedo greban ari den IATko langileetako bat da. Hamahiru urte daramatza bertan lanean eta bikotekidea langabezian dagoenez, erresistentzia-kutxa eta familiaren laguntza ditu sostengu bakar. Estualdi ekonomikoari enpresaren arreta falta gehitu behar zaio bere ustez: “Bost hilabetera iritsi arte ez dira hizketara etorri”. Eta orduan ere ez dute bilera-egutegirik adostu nahi izan, gero jakin ahal izan dugunez.
2010eko akordioa sinatzea lortu zutenetik liskarra etengabea izan dela dio Quevedok. Euskal Herriko IATentzat arduradun bat jarri zuen TÜV Rheinlandek eta berehala hasi zen neurriak hartzen hitzarmenari itsu eginez: langileak kaleratu dituzte; batzuk Irundik Urnietara lekuz aldatu, nahiz eta horrelakorik egingo ez zutela adostuta egon; eta enpresako arduradunak langileekin daukan tratua “oso hotza” dela dio.
Gipuzkoako IATak ez dira TÜV Rheinlanden esku dauden bakarrak. Nafarroan ibilgailuen azterketa teknikoa egiten duten hiru zentro enpresa beraren esku daude, Doneztebekoa, Arbizukoa eta Berriozarkoa. Espainiako Estatuan guztira mota honetako hamazazpi zerbitzu kontrolatzen ditu, tartean Madrilgo Erkidegoko lau.
Han 21 lagun kaleratu dituzte eta gainontzeko langile guztien baldintzak (89 lagunenak) aldatu ere bai San Emeteriok azaldu duenez. Erabakia alde bakarrekoa izan da. “Ordu gehiago sartuko dituzte, igande goizetan ere lanera joan beharko dute agian”. Ez hori bakarrik: “Baldintza aldaketa horiek sartu dituzte, baina legeak dio hiru hilabete barru berriz aldatu ditzaketela. Madrilen orain hasi dira mobilizatzen, baina ez daukatenez guk daukagunaren antzeko ezer lehendik hitzartuta, ezin jakin hiru hilabete barru zer”.
Enpresak bere asmoen berri emango balu errazagoa izango litzatekeela uste du komiteko ordezkariak. Zenbait mediorekin gosari informatiboak egin dituela-eta kexu da: “Prentsan gauza asko esan bai, baina benetan ez dute konprometitu nahi”.
Espainiako Lan Erreformak dio lantoki bakoitzean adosten den konbenioak lehentasun aplikatiboa daukala Estatuko hitzarmenaren gainetik. Zergatik ez bihurtu aurreko greba amaitzean sinatutakoa euren esparruko lan baldintzen marko? Zer bilatzen du enpresak horren ordez? Hori da greban dauden langileek galdetzen dutena, erantzunik aurkitu gabe oraingoz.
Bitartean, eusko gidariak grebaren ondorioak nabaritzen ari dira: ekainetik tarteka agertzen da hedabideetan Doneztebeko eta Arbizuko IAT-tan gertatzen ari diren auto pilaketen albistea. Gipuzkoan errebisioa egin ezinda, Nafarroako zentroetara jo dute askok hilabete hauetan. Eta horrek ezohiko argazkiak ateratzeko parada eman du, prestatuta zeudena baino lan bolumen askoz handiagoari aurre egin behar izan baitiote Nafarroako IAT zentroek.
Bi ordu itxaron behar izan zituzten zenbait autok uztailean, zirkulatzeko derrigorrezkoa den pegatina lortu ahal izateko. “Gainezka” zeudela adierazi zion Arbizuko zentroko langile batek Diario de Navarra egunkariari.
Grebalariak jabetzen dira ondorio horietaz, baina argi dute ez dela beraien kapritxoz sortutako egoera. Euren problematikaz informatzeko prestatutako txostenean diotenez, “milaka gipuzkoarren eskubideei kalte egiten” ari zaie kontzesiodun enpresa, zerbitzua behar bezala emateko baldintzak ez jartzeagatik. Eta EAEko administrazioaren eskubideak ere urratzen dituela uste dute, Jaurlaritzak ez baititu azken sei hilabeteetan kobratu azterketa tekniko bakoitzarengatik zegozkion kanonak.
Hala ere “enpresa eroso dago”, San Emeterioren ustez. “Nafarroako IATak bere esku daude eta Gipuzkoan egiten ari ez garen azterketa batzuk horietan egiten ditu. Dirutan ez da hainbeste galtzen ari”.
Lau aldiz bakarrik bildu da langileekin grebak dirauen sei hilabeteetan. Langile batzordeko ordezkariak uste du administrazioak estutzen duen arte ez dela mugituko. Eta Jaurlaritzak badu nondik heldu, bere ustez: “Esleipenaren baldintzak biltzen dituen dokumentua daukate epe eta ordu jakin batzuk zehazten dituena. Tartean esaten da, kontzesioa bertan behera geratzen dela zazpi egunetan ez baldin badu zerbitzua behar bezala eskaintzen”.
Antzera esleituta dauden beste zerbitzu publikoetan horrelako gatazkak hainbeste denboraz konpondu gabe egotea onartezina izango litzatekeela gaineratu du: adibidez, herri eta hirietako hondakinak biltzen dituzten enpresei ez litzaieke utziko pasatzen urte erdiz zerbitzurik ez eskaintzea. Diferentzia, herritarrek egunero ateratzen dutela hondakinen kuboa eta aldiz IATetik gehienez urtean behin baino ez direla pasatzen. Horretarako Gipuzkoatik Nafarroara joan beharra munduko gauzarik erosoena ez den arren, izugarrizko kexarik ere ez du eragiten. “Herritarrek, langileek eta administrazioak derrigortu beharko dugu enpresa kontratuan hartu zituen konpromisoak bete ditzan”.
Nola banatzen dira automobil gidariek azterketa teknikoa pasatzearen truke ordaintzen dituzten sosak? Zerbitzua kudeatzen duten enpresek kanon bat ordaintzen diote Eusko Jaurlaritzari, erabiltzaile bakoitzak ordaintzen duenaren %10. Urtero 570.000 azterketa pasatzen dira EAEn gutxi gorabehera, Ketxus San Emeteriok azaldu duenez.
32 milioi euroko fakturazioa daukate zerbitzua beren esku daukaten enpresek eta langileen kostua 12 milioi euro ingurukoa da. Irungo eta Urnietako IAT-tan, zehazki, normal lan egin zuten azken urtean 5 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuten. Langileen soldatak berriz, 2 milioi ingurukoak izan ziren.
Makinerian gastu handirik eskatzen ez duen zerbitzua izanda, atera litezke kontuak mota horretako zerbitzua kudeatzeak ematen dituen irabaziak zenbaterainokoak diren.
30 urterako esleitu zitzaion TÜV Rheinlandi Gipuzkoako IATen zerbitzua 1993ko hondarrean. Baina 2009ko uztail bukaeran enpresak Jaurlaritzaren komunikazio bat jaso zuen, esanez Espainiako Auzitegi Gorenak 2007ko abenduaren 28an emandako sententzia baten arabera kontzesioa bertan behera geratzen zela eta beste enpresa bati zegokiola zerbitzuaz arduratzea. Geroztik epaitegietako pasilloetan dabil gaia, enpresaren helegitea eta 2010etik atzeratzen ari den erabaki judiziala medio.
Esleipenetako irregulartasunak kontu arrunt samarra dira EAEko ibilgailuen azterketa teknikoen zentroetan, esan liteke miatutako autoak adina orrialde pilatzen ari direla epaitegietan zerbitzuak duela hogei urte lehiaketa publikora atera zirenetik. Gasteizko eta Bergarako IATak bere esku zeuzkan Luybas enpresari begiratzea besterik ez dago: zerbitzua bere esku geratu zenetik lehiaketara aurkeztu ziren beste enpresek errekurtsoak jarri dituzte. Bi hamarkadako bataila judizialaren ondoren, aurtengo urriaren 30ean zerbitzua eskuz aldatu da, orain ITA Asua SL-ren esku dago zerbitzua.
Irun eta Urnietakoen kasuan badago arreta deitzen duen kontu bat: Eusko Jaurlaritzako funtzionario ohi batek, Javier Goldarazenak, zerbitzua TÜV Rheinlandi esleitzearen aldeko txostena egin ondoren enpresa horretako koordinatzaile izaten bukatu zuen 2006an. ElDiario.es webgunean Zuriñe Andia kazetariak eman zuen aferaren berri aurtengo apirilean. Albistean kontatzen denez, Goldarazenak egin zituen lehiaketa publikoaren lau balorazio teknikoen dokumentuak eta gainera Industria Sailaren kontratazio mahaiak 1993an egin zituen bi bileretan parte hartu zuen, urriaren 27an eta azaroaren 5ean. Bigarren bilera horretan onartu zen TÜV Rheinland arduratuko zela Gipuzkoako bi IATez hurrengo 30 urteetan.
Goldarazenak gaiari buruz emandako azalpenak ere jaso zituen ElDiario.esek: “Beste batzuetan ere galdetu didate irregularra ote zen. Ba ote da hamahiru urtez lanean egon ondoren? [TÜV Rheinlandek] lanpostua eskaini zidan lege kontuetan espezialista nahi zuelako. Komeni zitzaidan. [Gobernuan] ez nuen etorkizunik ikusten. Baldintza hobeak eskaintzen dizkidate eta banoa”.
Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]
"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]
Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile... [+]
Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]
Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako... [+]
B&B Trends lantegiaren jabeak iragarri du hartzekodunen konkurtsoan jarri duela lantegia, "ondare desegonkortasuna" argudiatuta.
Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
660 langile ditu ontzi-garbigailuak eta hozkailuak ekoizten dituen lantokiak. Astelehen goizean ezagutu dute Alemaniako zuzendaritzaren asmoa. Enpresa batzordeak langile asanbladara dei egin du.
Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten... [+]
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]
Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.
Osasun Legea aldatzea beharrezkoa dela adierazi du Nafarroako Osasun kontseilariak, hala nola Osasunbidea enpresa-erakunde publiko bihurtzea, bestela “luze gabe sistemak porrot” egingo duela argudiatuta. Sindikatuak ez daude formula horrekin ados.