argia.eus
INPRIMATU
Ez dago emakumerik

Kattalin Miner @MKattalin 2013ko abenduaren 19a

Duela hilabete edo, Euskal Herrian famatua den musika jaialdi bateko kartela bistaratu nuen. Kartela osatzen zuten hamabi taldeetatik bat bera ere emakumez osatuta ez zegoela ikusita, harritu nintzen. Ez hori bakarrik, talde guztietako partaideak kontuan hartuta, emakume bakarra izango da taula gainean instrumentu bat jotzen.

Asaldatu egin nintzen, gaur egun politikoki zuzen izatearren bada ere, uste nuelako halakoetan “zaintzen” zutela gutxieneko presentzia bat.
Jaso nuen erantzunak ordea gehiago mindu ninduen: “Saiatu gara bati deitzen, baina ez dago emakumezkorik!”.

Eta nik aurrekoan Durangotik bueltan erositako zortzi disko ditut bat-batean parean. Ohartu gabe, euskaraz aritzen diren zortzi emakume buru dituzten zortzi disko ditut. Pentsatu dut, ez inon inor egoteko, ez dela kopuru makala.

Izan ere, duela urte batzuk festa bat osatzeko edo txosnetan emakumeen musika errekopilatzeko, estutasun uneak pasa izan ditugu. Baina ez, gaur ez dut halakorik onartuko, izan ere egon baitaude, asko, askotarikoak, eta onak. Eta horri entzungor egiteak patetismoa urratzen du.