argia.eus
INPRIMATU
Eliteek ordainduko dutena

Rafael Nadal i Farreras 2013ko abenduaren 18a

Denbora politikoa agortu da –badaukagu galdera– eta Katalunian oraindik ez dira eszenatokira atera ez klase gidariak, ez eliteak, ez hirugarren bidea edo antzinako burgesiaren ordezkariak, ezta enpresari handiak ere. Askok ahotsa galtzeraino eskatu dugu sektore horiek, neurri handi batean peix al cove [pragmatismo] politikaren protagonista izan ziren eta azpiegituren eta finantziazioaren soka luzatu zuten sektoreak, agertzea. Baina badirudi inhibitzea erabaki dutela, zain egotea. Onartu beharko dugu honezkero ez direla azalduko, haien indarrak ez duela bermatuko Kataluniako prozesu politikoa.

Harrigarria da sektore horien pasibotasuna. Krisi ekonomikoan izan duten lidergoari traizio nabarmena egin diote, eta orain, Kataluniako historia garaikidearen unerik garrantzizkoenean, bazterrean gelditu dira. Batzuetan ematen du haien estrategia bakarra ezer txarrik gerta ez dadin itxarotea dela. Ez dute mahai gainean ipini itxuraz gustuko zuten hirugarren biderako proposamenik, eta ez dituzte beren baliabideak erabili Madrilgo Gobernuaren jarrera negoziatzailea behartzeko. Ez dute eztabaidan inplikatu nahi izan; ez dute burujabetzaren aldeko edo aurkako daturik, kontakturik, hausnarketarik ez proposamenik eskaini; ez dute bat egin independentzia irrikarekin, baina statu quoaren aldeko argudiorik ere ez dute eman.

Beharbada otoitzean ari dira, talka gertatu baino lehen trena errailetik irten dadila eskatuz, baina agidanez, ez dira ohartzen euren inhibizioaren ondorioz gauzatu litekeela bere kabuz betetzen den iragarpen bat, independentziaren arrakastak hondamendi handia ekarriko duela dioena; agian uste dute zalantza eta beldurra zabalduz atzera-egite automatikoa eragingo dutela; edo pentsatzen dute hau guztiau ezer gertatu ez balitz bezala amaituko dela, Estatut-aren negoziazioaren aurreko egoerara itzuli ahal izango direla eta (…)saleroskeriaren politikari heldu ahal izango diotela berriz.

Ez dira jabetzen honezkero ezin izango dela horrelakorik gertatu. Baliteke etorkizunean aukera gehiago izatea, baina ez porrotak markatutako belaunaldi honetan; alderdi sistema autonomoaren gainbeherak espainiar politikaren eskuetan utziko luke Kataluniaren patua, eta espainiar politikak ez luke ahaztuko parean egokitu zaion erronka. Badaezpadako birzentralizazioa berehalakoa izango litzateke, dagoeneko abian dagoena baino sakonagoa.

Katalunian aspaldi gailendu zen burujabetza aldarrikapenen logika kolektiboa, eta balizko porrota ez litzateke haien alde dauden katalanen porrot hutsa. Espainiar akzio politikoak egiten dituen aldarriak irakurri besterik ez dago, norgehiagoka Estatuaren eta Katalunia osoaren artekoa izango dela jabetzeko. Hortaz, azkenik Kataluniako herritar guztien multzoak irabazi edo galduko du partidua,erabakitzeko eskubidearen aurkakoek barne. Eliteek, interes gehien dutenek, galtzeko gehiago ere badute. Independentziaren alde edo aurka joka dezakete, baina ez burujabetzaren kontra. Haien patua eta Kataluniarena erabat lotuta daude. Pentsatu egin behar lukete horretaz.


Rafael Nadal i Farreras kazetaria eta idazle katalana, El Periódico de Catalunya egunkariko zuzendari izan zen. Egun La Vanguardiako zutabegile da eta berton argitaratu zuen honako artikulua 2013ko abenduaren 13an.