argia.eus
INPRIMATU
Ekonomiaren talaian
Mandela eta gure apartheid partikularra

Juan Mari Arregi 2013ko abenduaren 19a
Nelson Mandela. (Arg: elpais.com)
Nelson Mandela. (Arg: elpais.com)

Nelson Mandelaren heriotzak mundu osoko egunkarietan orrialde ugari eta telebista kateetan minutu asko hartu zituen. Ikusi dugu politikari eta gobernu askoren zinismo eta hipokresia ikaragarria izan dela, Mandelaren jokabidearen guztiz kontrakoarekin, bere irudia bereganatu nahi izan baitute. Euretako bat balitz bezala. Eta Mandela ez zen euretako bat izan. Berdintasunaren aldeko eta apartheidaren kontrako ekintzailea izan zen, eta horregatik urte askotako kartzela zigorra jasan zuen. Mandelak Hegoafrikako apartheidaren kontra egin zuen. Euskal Herrian badugu gurea, eta borroka haren kontra borrokatu behar dugu.

Gure apartheid partikularrak, ezberdintasun eta bazterketa sozial honek, aurpegi asko ditu. Euskal Herrian lo egiteko etxerik ez duten 3.000 lagun daude –2013an Bizkaian sei pertsona hil dira kalean etxerik gabe zeudela–. Langabetuak 203.000tik gora. Gazteen langabeziak %42 gainditu du. Emakumeen urteko soldata gizonena baino %27 txikiagoa da. 62.000 lagunek behar dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta beste familia askok gizarte-larrialdiko laguntza jasotzen dute. Ehunka etxegabetu daude hipoteka ezin dutelako ordaindu. EAEko elikagai bankuek 98.000 herritarri ematen diete zerbitzua. Milaka immigrante guetoetan pilatuta bizi dira. Milaka dira 500 eurorekin bizirauten duten pentsionistak.

Apartheid horren kontra borrokatzea, berdintasunaren alde borrokatzea da, eta beraz, ezberdintasun ekonomiko, sozial eta laboral horiek ahalbidetzen dituen kapitalismoaren kontra. Ongizate estatuaren desegitearen kontra egitea da, pobreak diskriminatzen dituen iruzur fiskalaren kontra. Kapitalismoaren kudeatzaile diren gobernuek inposatzen dituzten neurri antisozialen kontra borrokatzea da. Horietako gobernu asko Mandelari egindako agurrean izan ziren eta lider hegoafrikarraren aldeko hitzak egin zituzten. Mandelak borrokatu zuen apartheida babesten dute hain justu.