argia.eus
INPRIMATU
Funtsa

Itxaro Borda 2013ko abenduaren 05a

Batzuk erakunde armatuaren desagerpen osoa eskatzen dabiltza eta besteek bake prozesuaren garapena ez dute baitezpada desarmatze hutsarekin lotzen. Inkas de zehele Zuberoan lerraketenez. Gramatika zaharretan bermatu diskurtso politiko irudiz berriak bihurdikatzen dizkigute ondorioak surrealistak direla: berrogeita hamar urtez fikziozko gerra pairatu dugulako sentsazioa geratzen zaigu. Lehenetsi errealitatea eta errealismo ideologizatuak ditugu engoitik partida.

Armak noiz eta nori utzi. Galderaren funtsa.

Elkarrizketa sakonetan guda hurbiletik egin/jasan –rayez les mentions inutiles– duten apurrek aitzina dezakete, perpausaren bitxia nehork azpimarratu gabe: armak Herriari itzuli diezazkiogun Herria bera bere aldian arma bilakatu dadin. Herri Martirioaren mistikak indarrean segitu behar du nolabait etekin ekonomiko, kultural eta moralaren alorrean emankorra delakoan.

Anartean telebistako pantailan Aimar Olaizola ari da Martinez de Irujoren aurka. E(ste)tikoki onartu dezakedan borroka bakarra da, gainerakoa mende erdiaz ito gaituztenen gorotzetik garbi eta onik ateratzeko saioa baino ez baita.