argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
10.000 urteko etxea aurkitu dute Israelen

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko abenduaren 04a
Arg: Ron Be´eri

Jerusalemetik 30 kilometrora, errepide bat zabaltzeko lanetan ari zirela, 10.000 urteko egitura bat aurkitu dute. Israelgo Antzinaroko Agentziaren arabera, inguruko eraikin arrastorik zaharrena da, eta hori ez da gutxi, Jordan ibaiaren eta Mediterraneo itsasoaren arteko eremua historikoki oso aberatsa baita, eta zaila baita arkeologoek halako ezustekoa topatzea. Neolitoko eraikinaren arrastoen artean hainbat lanabes eta gurtza objektu aurkitu dituzte, baita 1,30 metro luze den menhirra ere.

Bere horretan aurkikuntza nabarmena izanda ere, inguruko Brontze Aroko arrastoek are garrantzitsuago bihurtzen dute. Amir Golani indusketako zuzendarietako baten hitzetan, “gizarteak kokaleku honetan izan zuen bilakaeraren erretratu zabala eskaintzen digu aztarnategiak. Duela 5.000 urte nekazal gizartea hiritartzen hasi zen eta trantsizio hori garbi ikus dezakegu hemen: kokalekua gradualki planifikatu zuten, kaleak eta eraikinak gehituz joan ziren...”.