argia.eus
INPRIMATU
Antimilitarismoa
Kasko militar bat lapurtzeagatik hiru urte kartzelan?
  • Hiru urteko kartzela zigorra eskatzen dute KEM-MOC talde antimilitaristako kide batentzat, indarkeriarik gabeko ekintza batean parte hartu izanagatik.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko abenduaren 04a
'Kaskulorea' publikoki itzuli zuten Gernikako Bakearen Museoan. (Arg: Gernikatik Mundura)
'Kaskulorea' publikoki itzuli zuten Gernikako Bakearen Museoan. (Arg: Gernikatik Mundura)

Abenduaren 6an izan zen: Espainiako armadaren Bilboko Garellano erregimenduari buruzko erakusketa zegoen ikusgai Basurtuko zentro munizipalean eta hura probestuz Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko kideek protesta baketsua egin zuten. Helburua: erakusketako kasko militarretako bat lapurtzea, ondoren aurkezpen publiko baten bidez Gernikako Bakearen Museoan uzteko.

Esan eta egin, hainbat taldetan sakabanatuta erakusketa zegoen lekuan agertu, zaintzaileen arreta desbideratzeko zenbait lagun kateatu eta denak haiei begira zeuden bitartean beste talde batek kaskoarekin ospa. Handik egun gutxira, hainbat herri mugimendutako kideekin –Ekologistak Martxan eta Gernika gogoratuz besteak beste– eta pertsona ezagunekin –Oskorri taldeko Natxo de Felipe, EHUko Pedro Ibarra…– agertu ziren, ostutako kaskoari lore bat erantsi eta ikono antimilitarista bihurtuta.

Ekintzaren helburua mota horretako erakusketak salatzea zen, Garellano erregimenduaren historia gogoratzarekin batera –200.000 lagunen bizia eraman zuen Kubako gerran egindako “balentriak”, besteak beste–. Espainiako Gobernuaren gastu militarra ere salatu zuten, 5.937 milioi euro 2013ko aurrekontuaren arabera.

Ertzainaren bertsioa

Espero zuten zigorren bat, ElDiario.es-en KEM-MOCeko kide batek esan duenez, baina inola ere ez etorri dena bezalako eskaera. Ertzain batek salatu du lesioak eragin zizkiotela.

Nolatan lesioak, indarkeriarik gabeko ekintza batean? Protestan parte hartu zuen Ignacio Sanz 90 kiloko antimilitarista besapeetatik helduta atera zuten arrastaka erakusketa militarraren kontrako protestaren egunean.

Hiru urteko zigorra eskatzen duen ertzainak dioenez, Sanz etzanda egon zen, baina momentu batean altxa eta agentearen atzamarra bihurrikatu zuen. Gero, berriz etzan zen. Hori frogatzeko, mediku forentsearen txostena erakutsi du, 57 egunez lanik egin gabe egotera behartu zuen lesioen berri ematen duena.

Fiskaltzak egiazkotzat jo du Ertzaintzako kideak dioena eta bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du, 4.220 euroko isunaz gain.