argia.eus
INPRIMATU
Txistaka
Jakoba Errekondo 2013ko azaroaren 27a
Drosophila bifurca.
Drosophila bifurca.

Sagar muztioa sagardotzen ari den barrikari musika dotorea dario, eta ozpin-eulizko orfeoiak borobiltzen du. Ez nolanahi, ordea. Vivaldiren Lau urtaroak sonatuko udan agertzen diren eulitzarren burrunbaren antzekoa denik ez pentsa, ez; alde ederreko fina ozpin-euliena. Esfera borobilean mugituz egiten dute musika, XVI. mendean Giovanni Gabrielik bere Venezia maiteko San Marko basilikan lortzen zuen musika espazialaren antzekoagoa, alegia. Guztizko biribila.

Gure garaiko Golpes Bajos taldearen Colecciono moscas abestia etorri zait gogora. Belarrietara berritu gabe ezin segi.

Eulitxoek hegoak astintzeko ikaragarrizko gaitasuna dute. Euli arrunt batek segundoko berrehunen bat aldiz eragiten die hegoei. Baina badira hegoak segundoko mila aldiz airatzeko gai diren eulitxoak ere.

Ozpin-eulitxo hauek ugaltzeko gaitasun izugarria dute. 25 gradutik gora aste pare bat bizi ohi dira, hamazortzi gradura bikoitza. Eme bakoitzak seiehunen bat arrautza errun ditzake, fruituetan edo bestelako gai organikoetan txista eginez. Milimetro erdiko arrautza egun betera zabalduko da. Jaiotako harra bost egunez hazten da, fruituan bazkatzen ari diren mikroorganismoak janez. Ondoren, pupa antolatu eta, beste bost eguneko metamorfosiaren ondoren, ozpin-eulia agertuko da. Bi eta lau milimetro artekoa da, eta bere pisua izugarri ttikia da: 0,54 miligramo. Neurrietan marka galanta dute. Ozpin-euli batek (Drosophila bifurca) inongo bizidunek egiten dituen espermatozoide luzeenak sortzen ditu: 5,8 zentimetro. Gizasemeon batez bestekoarena baino mila aldiz handiagoak. Eulitxoaren espermatozoidearen proportziokoa egingo bagenu, gure garaiera baino hogei aldiz luzeagoa litzateke. Eulitxo hauen ugalketak bitxikeria gehiago ere badu. Hainbesterainoko espermatozoidea sortzen duen arrak “intseminazio traumatikoa” deitzen dena praktikatzen du: emea harrapatu eta zakilaz soina zulatu eta hazia traktu genitalean sartzen dio. Txista.

Halako musika dotorea egiteko gai diren eulitxo ttiki horiek ama izango direnei zer egiteko gai diren... Gezurra dirudi.