argia.eus
INPRIMATU
Mondragon Taldea
Eroskik saltokiak salduko ditu
  • 2.500 milioi euroko zorra berriz finantzatzeko negoziazioa hasi nahi du bankuekin.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko azaroaren 27a

Eroskik 22 banku hartzekodunei “birmoldaketa plan erasokorra” aurkeztu die, Vocentoren egunkarien hitzetan. Hala, Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Espainiako iparraldeko zenbait eskualdetan egingo du indarra, supermerkatu txikiagoen alde. Espainiako hegoaldean berriz, saltokiak salduko ditu, oraindik balizko eroslerik ez duen arren.

Egun 2.000 saltokitik gora ditu banaketa kooperatibak eta 38.420 lagun ari dira lanean, ia herena bazkideak dira. Mondragon Taldean enpleguan pisu handiena duen enpresa da Elorriokoa.

Krisiaren aurretik higiezinen operazioetan –merkatalguneak– inbertsio handia egin zuen eta horrez gain Kataluniako Caprabo saltoki katea ere erosi zuen, hortik datorkio zorraren zati handiena.
Eroskik salmentetan etekinak dituen arren, diru kopuru handia ordaindu behar izaten die bankuei zorragatik –iaz 121 milioi euro galdu zituen–. Adreiluak ematen dizkion problemak enpresa berri batean bildu nahi ditu orain.

Zein dira hartzekodunak?

Vozpópuli webgunean Eroskiren hartzekodun nagusiak zein diren zerrendatu dute. Hala, Santanderri zor dio diru gehien (450 milioi euro), gero BBVAri (430 milioi) eta La Caixari (320 milioi). Bankuekin hasi beharreko negoziazioek bat egin dute Fagor Etxetresnen krisiarekin.

Bestalde, ekarpen subordinatuen jabe diren 40.000 lagunei 650 milioi euro zor die Eroskik. Ekarpenek kaltetutakoen plataformak blogean dio, zor dien dirua beste finantza produktu batzuekin kitatzeko “psikologikoki” prestatu nahi dituela banaketa enpresak.