argia.eus
INPRIMATU
Katalogoak

Edu Zelaieta Anta 2013ko azaroaren 27a

Abisu emanka hasia da kutxa ergela: gero eta hurbilago ditugu Eguberriak. Argi esekien jantzia estreinatzeari ekin diote erdialdeko kaleek, argion egokitasuna defendatzen eta kritikatzen duten ahotsen artean. Jostailu zaharrak biltzeko kanpaina baten berri izan duzu seme-alaben eskolaren bitartez: Saharako kostaldeko herri batera bidali nahi dira abenduaren 19ra arte jasoko diren jostailu guztiak.

Zer jostailu diren eramangarri eztabaidatzen ari zara alaba txikiarekin, haren gelan. Alaba zaharrena, bitartean, Eguberrietako jostailuen katalogoak begiratzen ari da egongelan. Izan ere, horretarako arrazoi zehatza zein den ez badakizu ere, aurten inoiz baino katalogo gehiago jaso dituzuela etxean esango zenuke.

Egongelara joan zara eta, nola ez, bertan ikusi duzunak harritu egin zaitu: egongelako egurrezko mahai gainean diren jostailuen katalogoei erditsua falta zaie; oraindik nabari da guraize dorpe samar batzuen lana orrialde ertzetan. “Baina zer egin duzu, Enara?”. “Mutikoen gauzak kendu. Urdina kanpora!”. Bi koloreko diktadurak margotuko du berriz ere abendua.